Kultura 2003-11-18 22:05

Pettik joko du Bilboko Ingeniaritza Eskolan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Petti kantautore beratarrak kontzertu bat emango du bihar iluntzeko 20,00etan, Ingeniaritza Tekniko Industrialaren Unibertsitate Eskolako Areto Nagusian, Bilbon. Pettik blues-gizon alderdia eta gitarraren maneiua eskainiko ditu errezitaldian.
  Kultura 2003-11-18 21:57

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak emanaldia eskainiko du bihar Redentorren

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bihar, asteazkena, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa igoko da Redentor elizako eszenatokira. Heinrich Schiff-en zuzendaritzapean, eta Carmen Fuggiss soprano ospetsuarekin gonbidatu gisa, Haydn eta Mahler-en piezez osatutako programa bat eskainiko dute, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, 'Udazkeneko Kontzertuak' jardunaldien barruan. Sarrera 3 eurokoa izango da.

Biharko Egitaraua

Gai honen inguruko albisteak

Bihar Udazkeneko Kontzertuen bigarren saioa - Azaroak 17

Amaia Arregi sopranoak emango die hasiera Udazkeneko Kontzertuei - Azaroak 11
  Jendartea 2003-11-18 21:35

'Quiero ser Beckham' filmea bihar 'Getxotik Mundura' jardunaldietan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 'Getxotik Mundura' jardunaldien barruan, 'Quiero ser Beckham' filmea eskainiko dute, bihar eta etzi, Algortako Getxo Antzokian eta Areetako Gran Cinema-n, hurrenez hurren. Arratsaldeko 20:00ak aldera hasiko dira, bi egunetan, emanaldiak eta 2,60 eurokoa da sarreraren salneurria.

Elkarrizketa, aniztasuna eta trukea sustatzeko asmoz, herritarren partaidetza eta adierazpenerako tresna izan nahi du 'Getxotik Mundura' jardunaldietako seigarren edizioak. Besteak beste, kultura aniztasuna, lankidetza, elkartasuna, garapen bideragarria, eta abar landuko dira, Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GKE) eta Getxoko Udalaren elkarlanari esker.

Horretarako, bederatzi egunetan zehar, erakusketak, azokak, filme emanaldiak eta ikastaroak antolatu dituzte.
  Kultura 2003-11-18 20:35

Tangoen doinuek beteko dute bihar Areto Nagusia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Cecilia Rodríguez eta Sonia Levitán-ek osatzen duten bikote musikalak tangoaren, milongaren eta beste erritmo argentinar batzuen doinuekin beteko dute bihar, eguerdiko 12,00etatik aurrera, EHUko Leioako campuseko Areto Nagusia, Asteazken Kulturalak jardunaldien barruan.
  Politika 2003-11-18 20:14

'Euskal Unibertsitate Legea' aztertuko du bihar EIRE-k

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Unibertsitateko Euskal Irakasleen Elkarteak (EIRE) 'Euskal Unibertsitate Legea' izeneko mahai-ingurua antolatu du biharko, EHUko Leioako campuseko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Gradu aretoan, goizeko 11:00etan aurrera.

EIREko iturriek ,akinarazi dutenez, Euskal Unibertsitate Legearen edukia eta ezaugarriak aztertuko dituzte jardunaldietan. Eta horretarako, hainbat esparru hartuko dira kontutan: unibertsitate sistema, lurraldetasuna, euskararen garapena, irakasleria, lan-kontratuak eta ikasleria, besteak beste.
  Kultura 2003-11-18 20:03

Gabriel Cualladó argazkilari katalanaren obra dago ikusgai Kultur Etxean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gabriel Cualladó argazkilari katalanak bere obraren atal baten erakusketa jarri du ikusgai Berangoko Kultur Etxean, azaroaren 30era bitartean. Goizeko 12:00etatik 14:00etara, eta arratsaldeko 16:30etatik 21:00etara dago zabalik.

Erakusketa zuri-beltzezko 28 argazkiz osatuta dago. Argazkietan, artista katalanak "zati intimo txikiak, tristurak, pozak..." agertzen ditu, eta "beraiek izateari uzten dioten pertsonaiak" erakusten ditu, "drama eta mezurik gabe", argazkilariaren hitzetan.
  Jendartea 2003-11-18 18:59

Kotxeak sar ez daitezen piboteak jarri dituzte oinezkoentzako guneetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sopelako Udalak piboteak jarri ditu udalerriaren erdigunean dauden oinezkoentzako eremuetan, bertan kotxeak sartzea eragozteko. Horretaz gain, zama-lanen ordutegia betearazi nahi dute udal arduradunek. Goizeko 9:00etatik 12:00ra dago ezarrita ordutegia.
  Jendartea 2003-11-18 18:45

Aisialdirako gunea jarriko dute Urko alboan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sopeloztar guztiek euren aisialdirako eta gozamenerako erabil dezaten, Urko kirol gunearen alboan dauden lurrak egokituko ditu Sopelako Udalak. Horretaz gain, jai egunetan, barrakak jarri eta kontzertuak edota bestelako ekitaldiak egiteko erabili nahi dute.

Orain arte, baratzak zeuzkaten bertan hainbat lagunek. Udal arduradunek adierazi dutenez, "garai hauetan baratz horiek ez dira emankorrak. Horretaz baliatu eta lursaiolak eskuratu nahi ditugu". Izan ere, 2004 urtearen lehenengo hilabetetan eman nahi diete hasiera egokitzapen lanei.
  Iritzia 2003-11-18 00:35

Zer berri? Zaharrak... Ukberri! - Aitor Encinas / Kazetaritza ikaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Kazetaritza munduan beste proiektu “berri” bat daukagu aurrean. Hara non eta Uribe Kostan! Ez da lehenengoa. Egitasmo hau baino lehenago beste batzuk sortuak izan dira. Euskarri desberdinak ere erabili dira. Kazetak, herriko aldizkariak, irratiak, telebista... eta azken boladan, aurrerapen teknologikoen garrantziaz ohartuta, Interneteko sarea da nagusi.
  Kultura 2003-11-18 00:35

Bihar Udazkeneko Kontzertuen bigarren saioa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Maite Arruabarrena soprano donostiarrak eta 1995 urtean Pavarotti Lehiaketa irabazi zuen Luis Damaso tenoreak osatutako ahots-bikotearen doinuekin gozatu ahal izango dute, bihar, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Algortako Redentor elizara joaten diren guztiek. Horiei lagunduz, Pedro Jose Rodriguezek joko du pianoa. Sarrera 3 eurokoa izango da. Azaroaren 14a eta 21a artean egingo diren kontzertuek, aurreko edizioetako kalitate eta aniztasunaren ildo berari eusten dio antolatzaileen hitzetan. Bi irizpide hauek baitira Udazkeneko Kontzertuak musika zikloa saihestezin bihurtzen dutenak, "ez bakarrik musika klasikoa maite dutenentzat, baizik eta baita mundu horretan sartu nahi dutenentzat ere".
  Kultura 2003-11-17 23:54

Jazzaldian joko duten taldeak aukeratzeko lehiaketan izena emateko epea zabalik dago

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko 2004ko Europar Jazzaldian parte hartuko duten taldeak erabakitzeko lehiaketan izena emateko epea zabalik dago jada. Otsailaren 21ean amaituko da, eta ezinbestekoa da taldearen CD edo zinta bat aurkeztea, baita argazki bat ere. Ekainaren 30etik uztailaren 4ra arte ospatuko den Jazzaldiaren XXVIII. ekitaldian parte hartuko dute aukeratutakoek.
  Kirolak 2003-11-17 23:26

Euren ihardueratan parte hartzeko deia egin du Ugeraga Txirrindulari Taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ugeraga Kirol Elkarteko Txirrindulari Taldeak, eurek antolatutako ihardueretan sopeloztar guztien parte hartzea bultzatzeko kanpaina iragarri du. Gehienbat, txirrindularitza taldeak dauzkan sekzio ezberdinetan (haurrak, kadeteak...), txikienek izena emateko antolatu dute ekimen hau.

Kanpainia udaberrira arte ez da hasiko. Hala ere, urtarriletik aurrera kirol iharduera ezberdinak egingo dituzte horren berri emateko.

Argibide gehiagorako edo taldean izena emateko;
Emilio Ramos, Ugeraga Kirol Elkarteko Txirrindulari Taldeko arduraduna, 610522268, eramrod@teleline.es
  Jendartea 2003-11-17 23:07

'Osasunaren aldeko Hezkuntza' programako ekitaldiak esleitu ditu Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urtez urte, Drogomenpekotasunaren Prebentziorako eta Osasunaren aldeko Hezkuntzarako Programaren barruan aurrera eramaten diren ekitaldien artean, bi esleitu ditu Getxoko Udal Gobernuak.

Alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, 'Irudi Biziak' egitasmoan parte hartu ahal izango dute, berriro, nahi duten institutoek. 4.033 euro jarri dituzte horretarako. 15 eta 18 urte arteko gazteei zuzenduta, drogomenpekotasunaren gaia lantzeko, Getxo Antzokian hainbat pelikula proiektatuko dira.

Era berean, Lehen Hezkuntzako 8 urteko ikasleei 'Baratzean nire lagunekin' lana eskainiko die Bihar antzerki taldeak. Ekimen honen bidez, osasunari lotutako gaiak landuko dira.
  Kirolak 2003-11-17 22:51

Urte osoan, ikastaroak antolatu ditu Barrikako Surf Taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Hasi berrientzako, zein trebatuentzako surf ikastaroak antolatu ditu Barrikako Surf Taldeak, urte osoan zehar. Monitorea, asegurua eta beharrezkoa den material guztia sartzen da salneurriaren barruan. Horretaz gain, ikasleak surf taldearen kide bihurtuko dira, aurtengo kuota ordaindu barik. Barrikan erroldatuta daudenek, berriz, erdia baino ez dute ordainduko, Udalaren dirulaguntzari esker. Ikastaroak Plentziako hondartzan emago dira, itsasoaren egoeraren arabera.
  Jendartea 2003-11-17 22:15

Urte betez luzatu dute txakur-zerbitxuaren iharduera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udalak beste urte betez luzatuko du udal txakur-zerbitzuaren iharduera, horretarako 73.964 euro jarriz. Zerbitzua 2000 urtean sartu zen indarrean, ordura arte udalerrian zeuden txakurtegiak desagertaraziz eta, aldi berean, txakur guztiek identifikazio-txipa eramatea bultzatuz. Kalean utzitako txakurrak eta beste animali batzuk ere jasotzeaz gain, aterpea daukate Sopelan.