Gazteluetako auzian esku hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari

Berria.eus 2018ko abe. 3a, 16:59

Abusuak salatu dituen gaztearen gurasoek bere jarrera argitu dezala eskatu diote Opus Deiri; izan ere, haren menpekoa da Gaztelueta ikastetxea.

Haron (Errioxa, Espania) egin du agerraldia abusuak salatu dituen gaztearen familiak. Gaztelueta ikastetxeko zuzendaritzak zigortutako irakaslearen auzian izandako jarrera salatu dute, eta Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren epaia ez errespetatzea egotzi diete. "Jakin nahi genuke Gazteluetako buruak Opus Deiren babesa ote duen. Izan ere, ulertzen dugu datozen egunetan inolako komunikaturik kaleratzen ez badute harekin bat datozelako dela".

Familiak gogorarazi du epaiak aho batez frogatutzat ematen duela abusuak gertatu zirela, eta ohartarazi du inork "arazorik badu" ikastetxeak eta ikastetxeko zuzendariak dutela. "[Imanol] Goyarrolak ikastetxea ordezkatzen du, eta, ikastetxeko irakasle bati 11 urteko kartzela zigorra jarri ostean, ongiaren eta gaizkiaren gainetik jarri da, eta sustatu beharko lituzkeen balioak hondoratu ditu", gaitzetsi du familiak.

Horiek hala, auzian esku hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari, eta bertan behera uzteko ikastetxeak itunpekoa izateagatik jaso ditzakeen laguntzak. "Gazteluetak muga guztiak gainditu ditu, ez bakarrik biktimari eraso eginez, baita pederasta bat defendatuz ere, aurrez Txile, Irlanda, Australia, Polonia eta AEBetako Elizan gertatu bezala".

Abusuak salatu dituen gaztearen gurasoek ez dute baztertzen ikastetxea auzitara eramatea, ikastetxeko zuzendaritzak egindako adierazpenak direla eta. "Gazteluetak erakutsi du ez duela justizian sinesten, ez egian, eta, are gutxiago, askatasunean".

Albiste hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu HIRUKAra.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun