Otsailetik eguenero egin duten moduan, atzo ere hainbat herritarrek Avanzadako lanak geldiarazteko eskatzeko manifestazioa egin zuten, bulebarretik hasita. Antolatzaileen arabera asterik aste bertaratzen den herritarren kopurua handituz joan da, eta atzoko elkarretaratzera inoiz baino gehiago hurbildu ziren.
Plataformako kideek jakinarazi dute eztabaida publiko bat antolatzeko eskaera egin dutela, eta zehaztu dute Udaleko alderdi politiko guztiak, Foru Aldundia eta Leioako hainbat erakunde parte hartzera gonbidatuko dituztela. "Herritarren presentzia ere bermatu gura dugu, Avanzadako obra horien inguruan bakoitzak argudiatzen dutena ezagut dezaten", adierazi dute.
Auzotarrak Bizkaiko Batzar Nagusietan agerraldia egiteko eskaera kudeatzen ari direla ere iragarri dute. "Leioa ez da Avanzada igarotzen den leku bat bakarrik, eta, horregatik, herritarrei hitza eman gura diegu", aldarrikatu dute.
Mobilizazio gehiago
Antolatzaileek adierazi dute mobilizazio gehiago egiten jarraituko dutela, eta martxoaren 13an Leioatik martxa bat egiteko asmoa iragarri dute. Beraien asmoa da herriko beste auzoetan errealitate horren berri ematea eta herritar gehiago erakartzea.