Kultur Leioak askotariko eta kalitatezko jarduerak hartuko ditu hurrengo hiruhilekoan

Erredakzioa 2022ko urt. 11a, 15:32

"El Drogas" Barrikadako abeslari ohiak urtarrilaren 21ean emanaldia egingo du Kultur Leioan. EL DROGAS

Zarzuela, bluesa, dantza, antzerki inklusiboa eta gogoetatsua, edo El Drogas  Barricadako kide ohia eta euskal rockaren ikurretako bat egongo dira urtarrilean Kultur Leioan. Horretaz gain, hurrengo hilabeteetan publiko guztientzako eta kalitatezko programazioa prestatu dute Leioan.

Askotariko ikuskizunak hartuko ditu Kultur Leioako auditoriumak Leioako Udaleko Kultura sailak hurrengo hiruhilekorako prestatu duen programazioari esker. Besteak beste, zarzuela, blues musika, dantza, antzerki inklusiboa eta gogoetatsua eta Enrique Villareal El Drogas izango dira hurrengo asteetako protagonistak. Azpimarratu dutenez, kalitatea, aniztasuna eta diziplina dibertsitatea izango dira hurrengo emanaldien ezaugarriak.

Hasteko, aste honetan bertan, programazioa El Ensanche Masa Koralaren eskutik datorren Si las mujeres mandasen zarzuelagaz hasiko da, urtarrilaren 14an. Domekan, berriz, Markeliñeren Ganbara antzezlana egongo da, etxeko txikien gozamenerako obra, baserriaren eta emakumearen inguruko gogoeta pizteko.

Urtarrilaren 21ean, aldiz, Barricada taldeko kide ohi eta liderrak, El Drogas abeslariak, Leioa bisitatuko du bere proiektu berria aurkezteko, eta baita Txantreako taldearen klasiko batzuk gogoratzeko ere.

Urtarrilaren amaieran, Arnasa antzerki inklusiboa estreinatuko da Leioan, Organik Dantza Taldearen eskutik. Dantza-pieza horretan, interprete profesionalak eta dibertsitate funtzionala duen pertsona batek hartzen dute parte. Bertan, arnasketan gertatzen diren aldaketa emozionalak nola eragiten duten azalduko dute.

Otsaila

Datorren hilabetea, otsaila, dantza, antzerkia eta komedia uztartzen dituen ikuskizun berezi eta ausart bategaz hasiko da, Krego Martin Danza konpainiak Charadas aurkeztuko baitu 4an. Korrontzi talde ezagunak hileko nota musikala jarriko du 11n, Aita Mari erreskate-ontziaren aldeko ongintzazko emanaldiagaz; Oinkari dantza taldeagaz eta Xabi Berasaluze Leturiagaz batera igoko dira taula gainera.

Umeek Lotx eta Potx pailazoen Kaleak bizirik ikuskizunagaz gozatu ahal izango dute otsailaren 13an. Otsailaren 18an, aldiz, La Dramática Errante taldeak Altsasu antzerkia ekarriko du, 2016ko urriaren 15ean Koxka tabernan gertatutako gertaerak eta horrek gazte-talde batentzat izan zituen ondorio lazgarriak gogoratuz. Hilabetea amaitzeko, Kulunka Teatroren Quitamiedos lanak maitasunari eta bere kontraesanei buruzko gogoeta proposatuko du otsailaren 25ean.

Martxoa

Emakumearen Nazioarteko Egunera hurbilduz, martxoaren 4an, Kultur Leioan, Atalaya Konpainiaren Madre coraje obra izango da ikusgai. Antzezlan honek Anna Fierling saltzailearen istorioa kontatzen du. Bestalde, Martxoaren 6an, txikiek Mama Crea-ren Maskotak ikuskizuna izango dute, animaliek gizakiak maskota gisa dituen antzezlana. Rol-aldaketa horrek aukera emango du maskotekaz harremana hobeto planteatzeko eta ulertzeko, eta, gainera, gizarte-klase behartsuak, abandonua, gaixotasuna eta genero-gaiak ukituko ditu.

Martxoaren 11n, Wax&Boogie talde katalanaren proposamen musikala izango da Kultur Leioan: Blues, Rhythm&Blues eta Boogie Woogie taldeen formaturik onenetakoa.

Antzerkiari dagokionez, Tartean Teatrok Alderray-ren istorioa kontatuko du martxoaren 18an. Dantza, berriz, Ertza dantza-taldearen eta bere Zehar lanaren eskutik etorriko da Leioara martxoaren 25ean, pertsona batek bere bizitzan zehar izan dituen eraldaketen lekuko izateko.

Erakusketak

Erakusketa-aretoak artista leioaztar biren lanak aurkeztuko ditu hurrengo hilabeteetan: alde batetik, Ana Undurragaren margolanak egongo dira urtarrilaren 14tik otsailaren 13ra, eta, bestetik, Julio Gomena egongo da otsailaren 18tik martxoaren 11ra bitartean. Hiruhilekoari amaiera emateko, Kultur Leioak argazki-erakusketa bat izango du ikusgai: Bertokoak-Mujeres de aqui, Zabalketa GKEak koordinatua eta Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak lagundutakoa.

Beste proposamen batzuk

Film komertzialen, haurrentzako filmen eta Perseo Cineforum-en karteldegiak ere normaltasunez funtzionatuko du datorren hiruhilekoan. Horrez gain, Mendi Tour Film Festival-en eta Zinegoak-en XIX.edizioaren lanak ikusteko aukera ere egongo da.

Gainera, Kultur liburutegiak ere bere ohiko programazioa izango du: alde batetik, Ipuinaren ordua egingo dute, eta, bestetik, Txikientzat, Irakurketa Klubak, euskaraz eta gaztelaniaz, eta adimen emozionalekoa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun