Avanzadako trafikoa berrantolatzeko hirugarren eta azken faseagaz hasi dira

Ander Zarraga 2022ko urt. 25a, 15:01
Mikel Abascal zinegotzia eta Imanol Pradales diputatua Avanzadako lenen hirugarren fasearen aurkezpenean.

Unibertsitatearen eta Avanzadako tunelaren arteko tartean, Getxoko norabidean, trafikoa berrantolatzeko lanak abiatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Obrek 10 hilabete iraungo dute, eta, horien bitartez, trafikoaren arintasuna eta segurtasuna hobetzeko helburua dute.

Bizkaiko Foru Aldundia daborduko lanean hasi da Avanzadako trafikoa berrantolatzeko proiektuaren hirugarren eta azken fasean. Azarora bitartean, unibertsitateko sarrera eta Avanzadako tuneleko tartean lanean arituko dira, Getxorako noranzkoan.

Imanol Pradales Bizkaiko Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatuak egitasmoaren aurkezpenean azaldu duenez, jarduketa horren helburua da BI-637 errepidean, Leioa parean, trafikoaren segurtasuna eta arintasuna hobetzea eta udalerriko tokiko bideekiko lotura erraztea. Gaineratu duenez, "itsasadarren azpiko tunela ez dugun bitartean, gure bide-sarea kaltebera izango da, baina esku-hartze honegaz denbora irabaziko dugu, eta tarte honetako hainbat arazori irtenbidea emango diegu".

Lanon bitartez, erreiak eta sarbideak berrantolatuko dituzte Avanzadako errepidearen enborra eta paralelo doan alboko bidearen artean; horrela, enborraren trafikoak arintasuna lortuko du eta galtzaden arteko truke-mugimenduak eta txirikordatze-mugimenduak erraztuko dituzte, bide-segurtasuna hobetuz. Lanek 10 hilabeteko epea dute eta bost fasetan egingo dituzte, egunero bertatik pasatzen diren milaka ibilgailuren trafikoari ahalik eta kalte gutxien eragiteko asmoagaz.

Hauek dira zehaztu dituzten jarduketak:

  • Galtzaden arteko sarbideen konfigurazioa aldatuko dute, eta beste irteera bat egingo dute unibertsitatearen lotunean eta beste bat enborrera sartzeko. Gasolindegiaren parean dagoen irteera kenduko dute, eta egungo enborrerako sarrera Unibertsitateko lotunetik egingo da.
  • Alboko bidearen gainazal osoa, irteerako errei-zati berriak eta enborrera sartzeko erreiak berriz asfaltatuko dituzte; horretarako, zarata murrizteko asfalto berezia erabiliko dute.
  • Drainatze-sistema ere egokitu eta birkokatuko dute.
  • Argi-puntu guztietan LED teknologiako luminariak jarriko dituzte.
  • Galtzadaren konfigurazio berrira egokitutako seinaleztapena jarriko dute.

Zehaztu dutenez, enborreko galtzadak bi errei mantenduko ditu une oro: irteeretan hiru erreiko bide-tarteak eta enborraren eta alboko bidearen arteko sarbideak. Alboko bideak, berriz, bi errei izango ditu une oro, baita hiru errei ere, irteera berriaren eta unibertsitateko sarreraren bide tarteko 300 metro inguruetan. Horrela, sartze-baldintzak hobetuko dituzte, alboko bidean eta enborrean txirikorda hobetuz, eta alboko bidean edukiera handitzea erdietsiko dute, bide-segurtasuna areagotuz.

Hirugarren eta azken fasea

Unibertsitateko sarrera eta Avanzadako tunelen arteko tartean egingo dituzten lanak hiru fasetan gauzatzen ari den Bi-637 errepidearen trafikoa egokitzeko proiektu baten azken tarteari dagokio. Aurretik, tunelaren eta Artatzako biribilgunearen arteko bide-tartean, Getxora noranzkoan, eta tuneletik unibertsitateko sarrerara, Bilbora noranzkoan, egin zuten. Guztira, hiru bide-tarteetan egindako lanek 7.650.620 euroko inbertsioa izan dute; azken egitasmoari 3.772.342 euroko dagozkio.

Horretaz gain, Pradalesek Kukularrako egitasmoaren eta Plaiabarriren birmoldaketa ere nabarmendu ditu, Arrotegiko zubiaren hautabide ezak eragiten dituen arazoak arintzeko balioko baitute, itsasadarraren azpiko tunela eraikitzeko proiektua aurrera egiten duen bitartean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun