Udondoko burdinazko zubi historikoaren egitura babestea lortu dute

Ander Zarraga 2023ko ira. 22a, 11:57

Udondoko zubiaren burdinazko arkuak itsasadarretik bakarrik ikusi daitezke. © WIKIPEDIA

Itsasadarrean Bilbo eta Getxo artean egingo duten bidegorria eta oinezkoen ibilbidea eraikitzeko lanek ez dute Bizkaiko galdaketa-zubirik zaharrenaren egitura eraldatuko. 

Leioako Udalak baieztatu du Gobela eta Udondo ibaien bokalea zeharkatzen duen XIX. mendeko azpiegitura hori dagoen bezala geratu dela. Azaldu dutenez, gobernu-taldeak alegazioak aurkeztu zizkion Bizkaiko Foru Aldundiak Udondoko zubi historikorako aurkeztu zuen hasierako eraberritze-proiektuari, eta, horri esker, zubiaren egitura bere horretan mantenduko da. 

Aldundiak daborduko martxan dauzka Bilbo eta Getxo lotuko dituen oinezkoen eta bizikletentzako ibilgunearen eraikitzeko lanak, eta horiek zuzenean eragiten diote Leioa eta Erandio artean dagoen Bizkaiko galdaketa-zubirik zaharrenari. Udalak eta Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteak egindako eskaerari esker, egitura dagoen bezala geratuko da eta zubi gisa funtzionatzen jarraituko du. 

Era berean, zubiak XIX. mendean izan zituen jatorrizko zurezko barandak ere berreskuratuko dituela aurreratu dute, bai eta taularen akabera ere zurezko zoladura berezi bategaz estaliko dute, egiturako elementu hori nabarmentzeko, Udalak Aldundiari bere alegazioetan eskatu bezala. 

Historia

Iraganean, XIX. mendearen erdian, harrizko hiru arkutako zubi bat zegoen Udondo errekaren bokalean, Baina Hirugarren Karlistaldian Bilboko inguruetako hainbat zubi hondatu zituzten, tartean, Udondoko hau eta Bilboko Areatzakoa.

1876an, Bilboko Areatzako zubi berria eraiki zutenean, zaharraren arkuetako bat Udondokoan erabiltzea proposatu zuen Bizkaiko Herri Lanen Ingeniari burua zen Pascual Landak. Beraz, hori da gaur egun zubiaren azpian ikus daitezkeen burdinazko arkuen jatorria. 

XX. mendearen erdian, Bilbo eta Getxo lotzen dituen BI-711 errepidea zabalagoa egin zuten, eta burdinazko egiturari hormigoizko beste bat erantsi zioten, burdinazko egiturari estaliz, eta hori itsasadarretik bakarrik ikusgarri eginez. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun