Zeintzuk dira bankuen inguruan dituzuen kezkak eta eskariak?
Kontua da banketxeek sukurtsalak eta kutxazain automatikoak kentzen ari direla, eta leihatilen ordutegia gero eta gehiago ari direla murrizten; horren eraginez, asko udalerriz mugitu behar izaten dira dirua ateratzeko eta kudeaketak egiteko. Horrek zaildu egiten du erretiratutakoen, pentsiodunen eta adineko pertsonen bizitza. Azkenean, kudeaketa guztiak mugikorretik edo Internetetik egin behar dira, eta pertsona nagusi guztiak ez dira horiekaz moldatzen. Arazo handia da. Horrez gain, egin behar diren kudeaketetarako arazoak izaten dituzte askok, gero eta leihatila eta langile gutxiago baitaude, eta orain, Eusko Jaurlaritzak esan du kutxazain automatikorako lokal bat jasoko duten bankuek sukurtsal bat ere irekitzera behartuko dituztela, baina ez dute neurria betetzen.
"Adineko askok ez dute Internetik edo ordenagailurik etxean, eta hori ere gastu gehigarri bat da, horiek kontratatu behar dituztelako"
Kudeaketak gero eta gehiago egin behar dira mugikorraren bitartez, zein arazo ikusten diozue horri?
Adineko pertsona guztiak ez dira horiekaz moldatzen, beraz, banketxeetara joan behar dira horiek egitera, baina leihatila gutxiago daude eta ilaran egon behar dira denbora luzez itxaroten. Gainera, adineko askok ez dute Internetik edo ordenagailurik etxean, eta hori ere gastu gehigarri bat da, horiek kontratatu behar dituztelako. Langileak kentzen ari dira, eta lan eta gastu horiek jendearen kontu uzten dituzte. Gero, kudeaketa asko kutxazainen bidez egitera behartzen gaituzte, adibidez, daukagun saldoa zein den ikusteko eta fakturak ordaintzeko, baina jende askok ez daki hori nola egiten den. Azken finean, leihatiletan ordutegia mugatuta dago, kudeaketa asko mugikorretik edo kutxazainetatik egin behar dira, baina ez baldin badakizu nola egiten den, lagun edo senideren bategaz joan beharko zara horretan laguntzeko. Hori itzela da.
Horren aurrean hainbat mobilizazio egin dituzue, lortu dituzue emaitzak?
Bai, hainbat lekutan mobilizazioak egin genituen, eta pentsiodunak banketxez banketxe joan ginen barrura sartzen pankarta eta guzti. Gainera, sukurtsaletako zuzendariakaz hitz egin genuen. Gehienak gurekin ados zeuden, baina esaten ziguten ezin dutela ezer egin horren aurka, bankuari, enpresari, eskatu behar baitiote baimena ordutegian eta horrelakoetan aldaketak egiteko; beraz, erantzukizuna goitik dator.
Horrez gain, duela hilabete inguru, Bizkaiko udal guztietan sartu genuen mozio bat, eta horrek zituen bederatzi aldarrikapenen artean, batek eskatzen zien udalei banketxeak behartu ditzatela leihatila gehiago eta, oro har, jende nagusiari erraztasun gehiago jartzera. Hala ere, Leioa bezala, EAJ eta PSE agintean dauden udalerri gehienetan ez zuten mozioa onartu.
Banku-bulegoen itxierari dagokionez, non sumatu dituzue arazo gehien?
Leioa bezalako hirietan sukurtsalen itxiera ez da hainbeste nabaritu, bai ordea leihatilen murrizketan, lehen bi edo hiru zeuden tokietan orain bakarra baitago. Aldiz, herri txikietan, asko nabaritu da, eta bertakoak herri handiagoetara joan behar dira edozein kudeaketa egiteko. Guri horrek asko eragiten digu, kudeaketak egiteko ordutegia mugatuta dagoelako, ilara luzeak sortzen direlako edo herriz mugitu behar garelako kudeaketak egiteko.
Legeak behartuta, bankuak adineko pertsonei bereziki zuzendutako arreta ematera daude behartuta; hori betetzen ari dira?
Ordutegiak luzatu dituzte; orain, 12:00ak arte egin ahal dira kudeaketak leihatiletan; lehen, hori mugatuago zegoen. Egindako presioari esker lortu da hori, duela bi urte egin genuen iskanbilaren ondorioz. Horrek eragin zuen negoziaketa bat egotea Pentsiodunen Mugimenduaren eta administrazioko arduradunen artean, eta hitzartu zuten ordutegia 12:00ak arte luzatuko zutela. Betetzen ari direla dirudi, baina murrizketak egiten jarraitzen dute, langileak kaleratzen dituzte oraindik eta sukurtsalak ere ixten dituzte.
Deigarria da hori gertatzea banketxeek irabaziak dituztela jakinarazten duten bitartean, ez duzu uste?
Bai, hori izugarria da. Hemen ditut horren datuak: 65.000 milioi euro ordaindu zituen Espainiako Gobernuak banketxeak erreskatatzeko, eta esan ziguten ez zitzaigula euro bat ere ez kostatuko, baina gezur hutsa izan zen hori, ez dutelako ezer bueltatu. 1.000 milioi euroko irabaziak izan dituzte, eta inork ez die ezer eskatu. Duela 10 urte Gizarte Segurantzako kutxan 200.000 milioi euro zeuden pentsioak ordaintzeko, baina Mariano Rajoyren gobernuak eskua sartu zuen zorrak eta bestelako gastuak ordaintzeko, eta oraindik ez dute bueltatu. Horrez gain, Madrileko gobernuari eskatu diogu auditoretza bat egin dezan, aztertzeko ea diru horregaz zer gertatu den, hori lapurreta bat izan delako. Duela bi urte egin genuen eskaera, baina ez dute inolako asmorik ezer egiteko.