Banku-bulegoen erdia baino gehiago desagertu da Uribe Kostan 2008tik

Iker Rincon Moreno 2024ko mar. 15a, 08:00

BBVArena zen lokal bat, gaur egun hutsik dagoena.

Lehman Brothers multinazional estatubatuarrak porrot egin zuen 2008ko irailean eta, horren eraginez, finantza-sisteman arrakala bat zabaldu zen, gutxira mundu osora hedatu zena. Besteak beste, krisi horrek banku-sektorearen eraldaketa sakona eragin zuen, gure kaleetan oraindino ere antzeman ditzakegun hainbat aztarna utzi zituena, hala nola banku-bulegoen itxiera. Gurean, Uribe Kostan, 76 bulego itxi dira ordutik, eskualdean zeudenen erdia baino zertxobait gehiago.

Inbertsio-banku estatubatuar ahalguztiduna 2008an kolapsatu aurretik, 136 banketxe-bulego zeuden zabalik Uribe Kostan; 15 urte beranduago, aldiz, 60. Tarte horretan, eskualdeak bere bulego-sarearen % 55,8a galdu du, Espainiako Bankuaren datuen arabera; erdia baino gehiago.

Urte hartan abiatutako krisi ekonomikoak eragina izan zuen sektore askotan, tartean, bankan. Hori horrela, banketxe ugari krisialdian sartu ziren, eta fusio-olde batek hainbat aurrezki kutxa desagertzea eragin zuen, baita banku-eredu berri bat sortarazi ere. Eraginkortasunaren eta gastuen murrizketaren bilaketak, digitalizazioa oinarri hartuta, finantza-zerbitzuetarako sarbidea aldatu zuen betiko.

Fusioak eta egokitzapenak

2015ean –Espainiako Bankuak urte horretara arte ematen ditu datuok–, 40 banketxek zituzten bulegoak Hego Euskal Herrian; 2023rako, berriz, 26 ziren inguruotan bulegoren bat edo beste zituzten entitateak. Uribe Kostan, aldiz, 13 entitatek zuten presentzia gurean 2015ean; gaur egun, ordea, bederatzik. Bidean galdu dira Banco Popular, Bankia, Bankoa eta Deutsche Bank; lehenengo hirurak bat-egiteen edota absortzioen ondorioz: Banco Popular Santanderren parte da 2017tik; Bankia Caixabankekoa 2020tik; eta Bankoa Abancakoa 2021etik.

Atzera eginez gero, ordea, fusioak askotarikoagoak izan dira, aurrezki kutxen artean batez ere. Berbarako, gurean pisu handia duen Kutxabank, banku izan aurretik, lau kutxa independente ziren, tartean, BBK. 2012an, aldiz, lauek bat egin zuten, banku bihurtzeko. Ildo horretan, J. Iñaki De la Peña EHUko Zientzia Ekonomiko eta Enpresarialetako doktoreak dioenez, AEBetan, kutxak desagertzea ekiditeko neurririk ez zen hartu eta, ondorioz, kiebran erori ziren. Horren aurrean, gurean, kutxak profesionalizatu eta bankaren munduan murgildu ziren: “Kutxa asko banku bilakatu ziren, baina, horretarako, diru-gordailu handi bat behar zuten arriskuei aurre egin ahal izateko. Eta, zelan lor zezaketen hori? Bada, handi egiten, beste kutxekin bat eginez”.

Banketxeen fusioek, besteak beste, bulegoen murrizketa ekarri zuten, “ez baita bideragarria lehen bi banketxerenak ziren bulego bi mantentzea auzo berean”, De la Peñak azaldu duenez, baina baita digitalizazioak ere. Izan ere, lehen bulegoetan egiten ziren finantza-operazio ugari modu elektronikoan egiten dira orain, dela Interneten dela banketxeen aplikazioen bitartez. Hartara, “ez dago horiek mantentzeko beharrik, horien jarduna sinplifikatu da, eta hainbat itxi ere”, azpimarratu du adituak.

Digitalizazio-prozesu horren eragina are nabarmenagoa izan da pandemiatik hona. Izan ere, etxean konfinatuta geundela, herritar asko murgiltze teknologiko sakona izan zuten, alor guztietan eta, horrek, bere aldetik, autonomoago izatea ahalbidetu zion gizarteari hainbat kontutan. Horri probetxua atera guran, digitalizazioaren bideari jarraituta, banketxeek bulego-sarea berriro dimentsionatu dute azken urteotan, kopurua murriztuz eta, horregaz batera, gastuak gutxiagotuz. “Mugimendu horiei esker, etekin gehiago lortzen ari dira banketxeak; azken finean, mozkinak areagotzeko, gastua murriztu behar da”, dio De la Peñak.

Hala ere, digitalizazio horrek ezinegona eta kezkak eragin ditu hainbat sektoretan, adineko pertsonengan batez ere. Izan ere, horrek bulegoen zein aurrez aurreko arretarako zerbitzuen murrizketak eragin ditu, eta gizon-emakume asko ez dira gai ziurtasunez elektronikoki operazioak egiteko. Hartara, besteak beste, Pentsionisten Mugimenduko kideek pertsona horien egoera ikusarazteko, salatzeko eta neurriak hartzeko mobilizazioak egin dituzte urteotan. Borroka horiei esker, banketxeek adineko pertsonak artatzeko ordutegia luzatu dute, 12:00ak arte. "Egindako presioari esker lortu da hori, duela bi urte egin genuen iskanbilaren ondorioz", gogoratu du Joseba Ibarretxek, Pentsionisten Mugimenduko kideak. Hala ere, ordutegia luzatu duten arren, bankak egiten dituen murrizketak deitoratu ditu: "Langileak kaleratzen dituzte oraindik, eta sukurtsalak ere ixten ari dira".

Finantza-inklusioa

2008an, Espainiako Estatua zen Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea osatzen duten herrien artean banketxe-bulego gehien zuen herrialdea: bulego bat 1.000 biztanle bakoitzeko. Uribe Kostan, zenbateko hori 0,8koa zen garai hartan; gaur egun, ordea, 0,3koa; eta batez besteko hori are txikiagoa izango da etorkizunean, adituen arabera.

Ildo horretan, otsailean, Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen finantza-zerbitzuak bermatzeko kutxazain automatikoak instalatzeko lizitazioak irekiko zituela martxoan 64 udalerritan, tartean, Barrikan eta Lemoizen. Hala ere, eskualdean ez dago udalerririk bulego edo kutxazainik ez duena eta, horrenbestez, uribekostar guztiek dute inguruan eskudirua lortzeko aukera, urrutira joan beharrik gabe. Hala ere, eremurik zaurgarrienak Barrika eta Lemoiz dira, bai. Batak zein besteak du Kutxabanken kutxazain bana: lehenengoak, Elexalde auzoan, kontsultategiaren ondoan; bigarrenak, Armintzako autobus geltokian.

Tokiko udalei deituta, baina, Barrikako iturriek HIRUKAri jakinarazi diote ez dutela inolako laguntzarik jaso kutxazainak ezartzeko; hala ere, orain dela hilabete inguru Kutxabankek berak berriztu zuela aspalditik jarrita zegoena. Lemoizen, aldiz, Udalak dekretuz erabaki zuen 2021ean aurretik jarrita zegoen makina berriztea, eta hurrengo urtean egin zuen hori, udal-kutxatik ordainduta.

Besteak beste, Algortako Basagoiti etorbidean, goiko lokalak hainbat aldaketa bizi izan ditu urteotan guztiotan.

Bulegoen itxieren eragina tokiko paisaian

Banketxeek kale nagusietan pilatu ohi dituzte haien bulegoak herriz herri eta auzoz auzo. 2008an, 136 lokal zituzten Uribe Kostan, erdia baino zertxobait gehiago, 73, Getxon. Gaur egun, ordea, zenbateko hori erdira murriztu da, eta 60 daude orain. Galerarik handiena Getxon izan da, 46 bulego galdu baititu 15 urteotan, hau da, % 63. Beheko lokal horien itxierak eragin zuzena izan du tokiko paisaian, lehen banketxeak zirenak, askotariko komertzio bilakatu baitira, hala nola fruta-dendak, harategiak edota arropa-dendak; hala ere, badira oraindino ateak itxi zituztenetik berriro ireki ez dituztenak ere, erreportaje hau zabaltzen duenak kasu. Hala, hona hemen urteotan bizitako aldaketa batzuk:

Saretzen lanketaren txosten osoa:

Saretzen aurkezpena de Hiruka Hiruka

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun