Armintzako jai-batzordea: "Txapel Reggaea gero eta handiagoa denez, Armintzako jaiak itzaltzen ditu"

Nahia Martinez Gondra 2024ko uzt. 9a, 15:07

10-15 kide inguru dira jai-batzordean.

Urtez urte, Gurtu Armintzako jai-batzordean dihardu lanean herriko jaiak antolatzen. Hala, Txapel Reggaearen hazkundea bizi du, baita herritarren beharrak asetzeko Karmengo jaien moldaketak ere.

Zein egitarau duzue prestatuta aurtengo Armintzako jaietarako?

Urtero bezala, egitarau irekia egin dugu, guztiek euren eguna izan dezaten. Ostegunean, kirol eguna izango dugu; ostiralean, mozorro eguna; larunbatean, Txapel Reggae; igandean, nagusientzako eguna; astelehenean, umeentzako eguna; eta asteartea, jaien oinarri den Karmengo Eguna. Aurtengo berrikuntza da kuadrillen bideo-lehiaketa egingo dugula txosnan. Gero negar egingo dugu, jaien amaiera omentzeko, kar-kar. 

Askotariko ekintzak egingo dituzue.

Bai. Mozorro-lehiaketako jaitsieran eta ondorengo erromerian herrikoek asko gozatzen dute. Ostegunean, triatloia ere izango dugu, urte askotatik egiten duguna. Apur bat nagusiagoa den jendearentzako, Rock&Rollo kontzertua eta 80. hamarkadako musika giroa ere egongo da DJ Ikerren eskutik.

Zein esango zenuke dela jaien esentzia?

Egia da polita izaten dela mozorro eguna: kuadrilla ezberdinek euren mozorroak erakusten dituzte goiz-goizetik. Apainduta egoten da herria, taberna ezberdinetara joaten dira lagun-taldeak, eta, orokorrean, oso giro polita dago. Horrez gain, jaiak beti Karmengo Egunaren inguruan eraikitzen ditugu, beraz, hori da jaien esentzia gorena.

Jende asko etortzen da Armintzako jaietara?  

Txapel Reggae eta jaien artean dugun elkarrekintzak arazoak sortzen dizkigu. Armintzako jaiek maila berdinean jarraitzen dute urtez urte, baina, Txapel Reggaea gero eta handiagoa da eta, orduan, nolabait, bizitzako arlo gehienetan gertatzen den moduan, handiak txikia jaten du. Lehen, adibidez, ostiralak herrikoiagoak ziren eta bertokoek lasaiago hartu zezaketen eguna. Orain, goiz-goizetik jende pilaketa handiak sortzen dira kanpalekuetan. Herriko jendeari kostatzen zaio jendetza horretara ohitzea. Hala ere, giro polita egoten da gure herriko jaietan.

Aurten nork botako du txupina?

Urtero «kintoen» esku uzten dugu erantzukizun hori, eta, aurten, 2006an jaiotako gazteen txanda da. Haiei protagonismoa eman nahi diegu herrian eta, bide batez, animatu nahi ditugu jai-batzordean sartzeko. Lehenengo hartu-emana izan ohi da, eta horrela saiatzen gara haiek ere apurka-apurka herriko ekintzetan laguntzen hasten.

Zenbat zarete jai-batzordean?

10-15 kide inguru gara, eta aurten, 6 kide gazte berri sartu dira. Egia da jaietako jai-batzordearen barruan Txapel Reggaeaz arduratzen den talde handi bat dagoela. Saiatzen gara jaialdian kanpoko jendea lanean izaten, beste ekintzetan herritarrak behar ditugulako. 

Azken mezuren bat?

Karmengo jaiak oso politak dira, eta lekua, ezin hobea. Hala ere, gogoratu uda osoan zehar Armintzan aparkatzeko arazoak daudela, beraz, aukerarik gomendagarriena garraio publikoa erabiltzea dela!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun