Desindustrializazioa gelditzeko exijitu dute Mecaner, Glavista eta Microdeco enpresek

Nahia Martinez Gondra 2023ko aza. 28a, 15:10

Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik hasi da manifestazioa. © LAB

Manifestazio bateratua abiatu dute gaur goizean Bilboko Eusko Jaurtzaritzako egoitzatik Urdulizko Mecaner, Laudioko Glavista eta Ermuko Microdeco enpresetako langileek. Hala, aho batez salatu dute bizi duten egoera: "Gure eskualdeetan deslokalizazioa, enpresen itxiera, kaleratzeak, lan-baldintzen prekarizazioa, desindustrializazioa eta enplegu-suntsiketa". Era berean, borrokan jarraituko dutela iragarri dute, hori baita "etorkizunari aurre egiteko bide bakarra".

Enpresa-batzordeen ohar bateratuan adierazi dutenez, industrian gertatzen ari diren itxierak eta kaleratzeak ez dira kontu berria: "Azken urteotan, gure lurraldean industria-enpresen etengabeko itxierari aurre egiten ari gara. Horren ondorioz, industriak gero eta pisu txikiagoa du Euskal Herrian, eta turismo eta zerbitzu-herrialde bihurtzen ari gara".

Horregatik, nabarmendu dute garaia dela "erakunde publikoek eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzak erantzukizuna bere gain hartzeko eta desindustrializazio hori geldiarazteko baliabide guztiak jartzeko". Halaber, politika industrialen beharra azpimarratu dute, "etorkizuneko industriaren aldeko apustua eginez, jasangarria izango dena eta kalitatezko enplegua bermatuko duena".

Gainera, argi salatu dituzte egun industriaren kaltean hartzen diren erabakiak: "Ezin da jarraitu multinazionalei dirua oparitzeko politikekin, alfonbra gorria jartzearekin eta kontrol mota bat edo bere politiken gaineko erabaki-ahalmena ez edukitzearekin. Egitateak nahi ditugu, eta, horretarako, enplegua eta gure eskualdeen etorkizuna defendatzea beharrezkoa da".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun