Gaur egun, Urdulizko Mecanerri dagozkion 144 langile daude, horietatik lau azpikontratatutako garbiketa enpresa batekoak. 2023ko irailaren 1ean, hitzarmen kolektiboa berrizteko negoziazioa martxan zen bitartean, zuzendaritzak Stellantis taldeak hartutako fabrika ixtea erabaki zuela jakinarazi zion enpresa- batzordeari.
Egoera honen aurrean, langileek hasi gura dute "ekonomiaren deskarbonizazioa eta jasangarriagoa eta bidezkoagoa den mugikortasun bateranzko trantsizioa". Izan ere, argi dute industriaren sektoreak aldaketa bat behar dutela.
Horretarako, nabarmendu dute eurek badituztela fabrikaren eraldaketan lagundu ahal izateko beharrezko "gaitasunak, konpromisoa eta borondatea". Hori dela eta, fabrika berreskuratu eta eskualdeko trantsizio ekologiko eta sozial bidezko bat ahalbideratuko duen alternatiba bideragarri bat proposatzeko, laguntza behar dutela azpimarratu dute.
Trantsizio horretarako txostena oraindino eztabaida fasean dago langileakaz bat produkzio-alternatiba egokiena zehaztu gura dutelako. Halaber, hurrengo irizpide hauek lehenetsi dituzte: Mecaner eta bere langilegoaren esperientzia eta gaitasunei egokitzen zaizkien produktuen ekoizpena: trokelgintza eta estanpazio metalikoa; trantsizio ekosozial zabalago baten baitan, datozen urteetan beraien produkzioa areagotu beharko luketen sektoreei lotutako produktuen ekoizpena eta industria-politika berdeei lotutako diru-laguntza publiko nabarmenak jasotzen ari diren sektoreetan kokatutako produktuen ekoizpena.
📢 Alternatiba ekosozialaren aldeko apustua ardatz hartuta mobilizatu dira Mecanerreko langileak gaurko greba egunean
— LAB SINDIKATUA (@LABsindikatua) December 21, 2023
🔗 https://t.co/tJvKfHapO9 pic.twitter.com/xRpmK9sZYn