Elkarrizketak

Veronica Garcia: "Aisiak emakumeon bizitzan ere egon behar du"

Nahia Martinez Gondra 2024ko ots. 22a, 11:05

Veronica Garcia, umeen zaintza-gunean.

"Begirada barri bat: guztientzako zinema" Urdulizko Udalak herrian aurrera eramandako proiektua da. Bertan, herritarrek genero ikuspegitik jorratutako pelikulez goza dezakete Urdulizko kultur etxean, ia hilabetero. Eskaintza hau sortu dute zinemaren bidez feminismoaren ikuskera zabaltzeko eta herritar guztientzako aisialdi kritiko bat eskaintzeko asmoz. Hala, Urdulizko Udaleko zinegotzi Veronica Garciagaz batu gara zinema-saioek izaten ari duten harreraz berba egiteko.

Zein da proiektuaren helburua?

Helburua da Urdulizko herritarrak etortzea genero ikuspegiko zinemara. Badakigu batera ibili behar dugun bidea dela feminismoarena, eta ahalik eta gehiago izan, hobeto. Pelikula guztiek ekintza eta tailer bana dute film bakoitzeko mezu eta gaiakaz lotuta, modu horretan, gai guztiak sakontasunean lantzeko. Horregatik, nahi dugu herritar guztiek jakintza hori bereganatzea, baita zinema saio hauekaz eduki horretarako sarbidea erraztea ere. Urdulizko Inola elkarte feministak asmatutako ekimen bat da, eta jatorrian haiek antolatzen zuten saioa.

Eta zergatik pentsatu duzue zinemaren bitartez genero-ikuspegia zabaltzea?

Zinema artea eta emozioa delako eta jende guztiarengana heltzeko boterea duelako.

Zenbat pelikula eskainiko dituzue?

Urte honetan, zortzi pelikula proiektatuko ditugu. Hilean behin bat egingo dugu, Gabonetako eta udako oporretako garaiak kenduta. Martxoaren 8rako programatuta dugu film bat publiko gaztearengana hurbiltzeko; beste pelikula bat dago umeentzako egokituta; beste bat zineman dagoen homofobiaren inguruan berba egiten duena... Hala, hilabete bakoitzean mezu bat eta helburu bat dago, publiko zehatz bati zuzenduta. Lehen esan bezala, pelikula bakoitzak ariketa gehigarri bat du filmeko mezuetan sakontzeko eta hausnartzeko, adibidez, solasaldi bat, tailer plastiko bat, etab.

Nolakoa izaten ari da harrera?

As Bestas lehenengo pelikularen kasuan, jende andana etorri zen eta oso harrera ona izan zuen. Bederatzi Goya sari izan ditu eta oso pelikula indartsua da. Bikote asko etorri ziren euren umeakaz eta horiek zaintza zerbitzuan gelditu ziren. Lorpen handia izan zen. Oraingoan, Erlauntzak pelikula dugu, euskarazko solasaldi bategaz batera. Apur bat arriskutsuagoa da euskaraz delako, baina espero dugu jende asko etortzea zinemara.

Haurtzaindegi zerbitzuari dagokionez, zergatik uste duzue garrantzitsua dela hori eskaintzea?

Oro har, aisialdian emakumeok gure denbora libre asko ematen dugu zaintzan. Egiten ditugun jarduera guztietan dagoen izaera transbertsala da genero-ikuspegia. Beraz, genero-ikuspegia duen zinema-ziklo bat badugu, are arrazoi gehiagogaz eman behar diegu emakumeei filmak ikustera joateko aukera. Hala, une batez aisiaz goza dezakete, bakarrik euren bikoteagaz batera. Gainera, haurrak gune seguruan daude begiraleek zainduta, kultur etxeko haurrentzako liburuen txokotxoan.

Aisialdiko guneetako zaintza-zerbitzuak leku guztietan egon beharko liratekeela uste dut. Ama naiz, eta une askotan nire semeak eta alabak lagundu didate politika eta aisialdiko jardueretan egin behar izan ditudan ekitaldietara. Horregatik, emakumeok konkistatu nahi ditugun eskubide guztiak lortu nahi izateaz gain, aisiak ere gure bizitzan egon behar du.

Ehuneko ehun subentzionatuta daude filma zein zaintza zerbitzua. Benetako neurriak eta baliabideak sustatu behar dira bizitza modu praktikoan erdigunean jartzeko. Emakumeek aisialdiaz eta, kasu honetan, zinema-saioaz gozatzeko aukera ematea oso lotuta dago osasun mentalaren zaintzagaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun