Agerraldian, Itziar Iratzagorria Urdulizko alkateak eta Jauzi Ekosozialeko Aitor Gallestegik hartu dute hitza. Gainera, bertan ere parte hartu dute Mecanerreko langileek, LAB, ESK, Urduliz eta Lemoizeko alkateek eta Uribe Kostako udaletako zinegotziek, Ernai, Ikama, Ekologistak martxan, Subflubialari ez, Jauzi Ekosoziala, Otxantegi, Gune ekosozialista eta EHUko irakasle eta Ekopol Ikerketa taldeko kideek.
Une honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorrak negoziatzen ari dira. Plataformak azaldu duenez, berrindustrializazioaren, enpresa-sustraitzearen eta trantsizio energetikoaren aurrekontuak "erretorikaz beteta" daude: "Erabilgarri dauden baliabide publiko guztiak lankidetza publiko-pribatuaren esku jartzen dira. Baina enpresa pribatu handien eskuetan uzten dira erabakiak; non inbertitu, etekinak nola banatu eta produkzio-eraldaketak eragindako lan-ondorioei buruzkoak. Eusko Jaurlaritza inbertsio horiei laguntzera mugatzen da eta enpleguari eusteko inolako baldintzazkotasunik aplikatu gabe milioika euro publiko ematen du".
Adierazi dutenez, esparru instituzional horren barruan, trantsizio energetiko eta berrindustrializazioko edozein erretorikak ez dute bermatuko enplegu industrialaren etorkizuna, ez eta benetako trantsizio energetikoa ere. Hala, salatu dute aurrekontu horiek ez dutela finantza-tresnarik industria-proiektu publikoak bultzatzeko.
Zehazki hurrengoa eskatu diote Eusko Jaurlaritzari:
- Mecaner enpresaren jabetzapeko lursailak eta instalazioak erostea, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorren kargura erosketa hori bermatuz. Urdulizko Udalak edo Uribe Kostako Mankomunitateak
trantsizio ekosozialera bideratutako partaidetza-prozesuaren emaitzekin lotu behar da erosketa. - Titulartasun publikoko industria-proiektuetarako partida espezifikoak sortzea Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuetan, lankidetza publiko-pribatuaren esparrutik kanpoko berrindustrializazioko eta trantsizio ekosozialeko prozesuak bultzatu ahal izateko. Atal sindikalek, eragile sozialek eta udalek eska ditzakete partida horiek, prozesuaren jabetza eta kontrol publikoa bermatuz.