Osasungintza Sailak joan den ekainaren 23an sinatu zuen kontratua Comercial de Limpieza Villar SA enpresagaz, Uribe Erakunde Sanitario Integratuaren (ESI), 18 zentroen garbiketa-zerbitzua esleitzeko. Bi urteko zerbitzuaren truke enpresak ia 1,4 milioi euro jasoko ditu, BEZa alde batera utzita; zehazki, 1.397.886,68 euro. Urdulizko ospitalearen garbiketari 18.421,51 euro dagozkio.
Aurretik, ekainaren 3an, milaka lagunek manifestazioa egin zuten Bilbon, "Osakidetzan pribatizaziorik ez!" goiburuaren pean. Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deitu zuten martxa, besteak beste Urdulizko garbiketa-lanak enpresa pribatuen esku utzi izana salatzeko. Urdulizen bertan eta Uribe ESIren egoitzaren aurrean ere hainbat alditan antolatu dituzte elkarretaratzeak.
Azpikontratazio barik
Herenegun, astelehenean, ESK sindikatuak iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak "atzera egin" duela Urdulizko ospitaleko zerbitzu ez sanitarioak azpikontratatzeko apustuan. Hala, ESKren arabera, daborduko Osakidetzako lan-poltsetako kideak hasi dira sukaldaritza eta garbiketako lanak egiten. Arroparen garbiketa Galdakaoko ospitalean egingo dute, informazio-iturri horren arabera.
Sindikatuaren arabera, aldaketa horiek egindako mobilizazioek eragin dituzte, Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoagaz batera. Izan ere erakunde horrek pasa den martxoan bertan behera utzi zuen arropa garbitzeko eta lisatzeko esleipena, ESK eta CCOO sindikatuek aurkeztutako helegiteen aurrean. Administrazioarekiko Auzi-epaitegiak ildo beretik jo zuen, Osakidetzari ezetza eman baitzion kontratuen baliogabetzea behin behinean geratzea eskatu zuenean.
Hala, ESK pozik agertu da "lagundu dugulako Urdulizko ospitalea kudeaketa %100 publikora bideratzen, behargin propioakaz". Gainera, horrek kosteak gutxiko dituela ziurtatu du sindikatuak. Bestalde, iragarri dute ospitalizatze-zerbitzua eta ebakuntza-gelak Gabonetan zabalduko direla, urte bateko atzerapenaz.