Martxoak 8

"Guztiontzat bizigarria izango den bizitza" aldarrikatu dute 7.000 emakumek, martxoaren 8ko manifestazio feministan

Erredakzioa 2019ko mar. 8a, 14:43

Manifestazio jendetsua izan da Areetan, martxoaren 8ko greba feminista dela eta. Getxoko Udaltzaingoaren arabera, 7.000 lagun batu dira mobilizazioan. "Bizitzak erdigunean jarriko dituen jendarte-eredu berri bat eraiki behar dugu!", aldarrikatu dute amaieran. Aurrez, goizean goizetik, pikete informatiboak eta bestelako zenbait ekintza izan dira Uribe Kostan.

"Emakume eta gizonen artekom eskubideak parekatzea oinarrizkoa da, baina hortik harago joan eta sistema osoa eraldatu behar dugu", dio Malenek, Sopelako Aistak talde feministako kideak, Uribe Kostako manifestazio feminista abiatzeko momentuan. "Guztiontzat bizigarria izango den bizitza ziurtatuko duen sistema bat", horixe eskatu dute, mobilizazioaren amaierako ekitaldian, Olatz Sanchezek eta Karmele Amurizak, mugimendu feministaren izenean oholtza gainera igo diren emakume biek. "Bizitza sostengatzeko ardura eta zaintza-lanen ardura kolektiboa eta publikoa izango den sistema berri bat behar dugu".

Itzubaltzetatik atera da manifestazioa, Kultur Etxearen ondotik, eta buruko pankarta Mesedeetako kalearen erdira ailegatu denean abiapuntutik irten barik zeuden oraindik parte-hartzaileetako asko. 7.000 lagun inguru bildu dira mobilizazioan Getxoko Udaltzaingoaren arabera; gehien-gehienak emakumeak, baita ere gizonen bat, gonbidatuta ez zeuden arren. Ibilbideak Areetako erdigunea zeharkatu du, Bizkaia Zubiraino eta handik Xake Plazara buelta, eta eguraldiari dagokionez urtarotik urtarora eten barik aldatuz.

"Erdigunea definitu zuten, eta nortzuk kabitzen diren ebatzi"

"Izenei izana emateko boterea daukatenek erabaki zuten zer den lana, zer den langile izatea, zer den emakume izatea, zer den publikoa eta zer pribatua... Erdigunea bera definitu zuten, eta ebatzi zuten nortzuk kabitzen ziren eta nortzuk ez", esan dute deitzaileek akabuko ekitaldian. Xake Plaza guztiz bete duen uholde morearen aurrean, emakume mota-guztiak izan dituzte gogoan: "Etxeko langileak, talde feministetako militanteak, eskolan umeak jasotzen ditugunak, gurasoak zaintzen ditugunak, langile prekarizatuak, migratuak, bollerak, ikasleak, pentsiodunak, transak, ama damutuak eta amatasunarekin pozik daudenak, heteronormatibitatearen desertoreak...". Hil dituztelako, preso daudelako edo esplotazioaren ondorioz lanean egon behar izan dutelako bertara joan ezin izan direnak ere ez dituzte aipatu barik utzi gura izan.

Ultra-eskumaren gorakadaz ere jardun dute Sanchezek eta Amurizak, hala nola bizi-baldintzen okertzeaz eta borroka sozialen kriminalizatzeaz, eta horren aurrean mugimendu feminista alternatibak eraikitzeko frontea izango dela aldarrikatu dute. Eraso matxistei dagokienez, gogorazi dute 2018an zazpi emakume hil zituztela Euskal Herrian.

Ikasleak, langileak, pentsiodunak

Mugimendu feministak gaurko egunaren mezu orokorra eman aurretik, sektorekako ordezkariak agertu dira oholtza gainera. Emakume ikasleen izenean berba egin duen Enara Cañada izan da lehenengoa. Adierazi duenez, "hezkuntza-sistema honek betikotzen du patriarkatua, sistema kapitalista sostengatzeko ezkutuko langlie eta zaintzaile izan gaitezen; patriarkalak dira curriculumak, metodologiak, jakintza ekoizteko erak, irakasle-ikasle posizioak...".  

Langile-mugimenduaren izenean Maite Casadok jardun du. Haren esanetan, "emakumeon enpleguei balioa kentzen zaie, eta gainera doan egiten dugu zaintza-lana; bestalde, lanaldi partzialeko lanpostuen %76 emakumeakaz betetzen da". Bere kasua aipatu du Casadok: "Romoko eskolako jangelan hiru orduko lana daukat, eta hori ez da nahikoa bizitzeko, horregatik pertsona nagusiak zainduz osatzen dut lanaldia, gehienetan kontratu barik". Andrazkoentzat "beren-beregi sortutako" sektoreen adibidetzat ipini du Casadok bere bizipena.

Hirugarren hizlaria Begoña Zorrozua izan da, pentsiodunen izenean. Gizonek erretiratzeagatik jasotzen dituzten pentsioak batez beste emakumeenak baino %79 handiagoak izaten direla salatu du, eta emakumeen alarguntzeagatiko pentsioak ere oso baxuak direla adierazi du. "Behin eta berriro salatzen dugu emakumeok lan-merkatura sartu izanak ez duela ekarri ez lan-baldintzen parekatzerik, ez eta zaintza-arduretan erantzukidetasunik ere", azpimarratu du. Pentsioetan, generoen arteko arrakala soldatetan dagoena baino handiagoa dela gaineratu du Zorrozuak.

Antisorgailuak saltzen ez dituzten farmaziak

Manifestazioak Areetan egindako ibilbidean tartea izan da zenbait aldarrikapen espezifiko egiteko. Esaterako, salaketa-parodia bat egin dute antisorgailuak saltzeari uko egiten dion farmazia baten aurrean. "Zaintza-lanekin negozioa egiten duen" enpresa baten aurrean ere geldialdi berezia dute.

Mobilizazio nagusiaren aurretik hainbat ekintza izan dira Uribe Kostako zenbait herritan, goizeko lehenengo orduetatik. Algortan, esate baterako, 75 bat emakume izan dira Telletxe plazan gosariaz gozatzen eta ondoren pikete informatiboak egiten; ondoren elkarregaz joan dira Areetako manifestaziora, ordurako taldean zeharo handituta. Leioan ere piketeak izan dira goizeko 08:30etatik, eta ondoren Areetaraino oinez joan dira 200-300 emakume inguru. Horrez gainera, ekintzak izan dira Astrabuduan, Sopelan, Gorlizen eta Plentzian, besteak beste.

 

Erlazionatuak

Martxoaren 8a. Emakumeen eguna

Mujeres con Voz 2019 mar 07 Uribe Kosta

Martxoaren 8a eta iraultza feminista

Paula Amieva Clemente 2019 mar 07 Uribe Kosta

[ARGAZKI-GALERIA] Emakumeak geldi, bizitza hauspotzeko

Hodei Torres · Ainhoa Bretos 2019 mar 07 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun