Aratusteak direla eta, Mankomunitatea osatzen duten udalerriek jarduera bereziak prestatu dituzte egunotarako. Berbarako, barrikoztarrak zapatu (otsailak 26) eta domekan (otsailak 27) mozorrotuko dira. Haurrentzako zirku-tailerra antolatu dute zapaturako, 12:00etatik aurrera, eta disko-festa eta otordua egingo dute domeka arrastian; jarduera denak Goierriko Ander Deuna Aretoan egingo dituzte.
Lemoizen ere mozorroak izango dira nagusi zapatuan, hilaren 26an. Pandemiaren eraginez jaia urtebetez bertan behera egon ondoren, Udalak disko-festa eta txokolate-jana egingo du Armintzako frontoian, 18:00etatik aurrera.
Sopelan ere egitarau oparoa prestatu dute barikutik, hilaren 25etik, martxoaren 1era bitartean. Horien artean, nabarmentzekoak dira Leo Bassi, Korrontzi eta Go!azen taldeen emanaldiak Urko kiroldegian. Martitzenean, martxoaren 1ean, gainera, egun handia ospatuko dute, umeentzako askotariko ekitaldiakaz.
Berangon, Sabino Arana kalea izango da jaiaren erdigunea zapatuan, 19:00etatik 21:00etara umeentzako tailerrak, kalejirak eta giroa bermatuta egongo baitira bertan.
Gorlizen, aldiz, mozorroen kalejira egingo dute barikuan, hilaren 25ean, baita Aratz Dantza taldearen ikuskizuna 18:30etik aurrera. Hurrengo egunean ere jaia izango da protagonista, umeentzako tailerrak eta fanfarrea bategaz. Plentzian, ordea, programazio berezi bat prestatu du egunotarako. Barikuan umeentzako aktibitateak egingo dituzte Jai Alai frontoian, 18:00etatik aurrera, eta, hurrengo egunean, zapatuan, ipuin-kontalaria izango da Goñi Portalen, besteak beste.