A30 greba feminista orokorra

1.500 greba komitetik gora atxikitu dira atzoko greba feminista orokorrera

Nahia Martinez Gondra · Iker Torre Navarro 2023ko abe. 1a, 13:04

Atzo, azaroak 30, historiako lehenengo Hego Euskal Herriko greba feminista orokorra izan zen. Hala, beste hainbat lekutan bezala, Uribe Kostako udalerri ezberdinetako kaleak milaka lagunez bete ziren zaintza-sistema kolektiboaren beharra aldarrikatzeko. Gaur, Denon Bizitzak Erdigunean plataformak agerraldia egin du Gasteizen eta Iruñean atzoko greba feminista orokorreko balorazioa egiteko, baita gobernuei mahai intersektorial bat sustatu dezatela eskatzeko ere. Hona hemen gure eskualdean egin ziren mobilizazioen laburpen bideoa.

Denon Bizitzak Erdiguneko bozeramaileek zorionak eman dizkie atzo parte hartu zuten eragile guztiei: "Zorionak Mugimendu Feministari, beste behin ere kaleak hartzeko, proposamen integralak egiteko eta antolatzeko dugun gaitasuna erakutsi dugulako. Zorionak ere, prozesura batutako eragile soziosindikalei, bidea elkarrekin egin dugu eta atzoko egun historikoa lanerako eta parte hartzeko apustuari esker atera genuen aurrera".

Halere, adierazi dute garrantzitsua dela greba egunetik haratago joatea eta egindako prozesuari erreparatzea. Horregatik, egindako bidea eta lana nabarmendu dute: "Asanbladak sortu, zeudenak mantendu, aliantza berriak josi, batez ere etxeko eta zaintza langileekin, zaintza eskubide kolektiboaren aldeko aldarria sozializatu, orain arte gai honekin iritsi gabeko sektoreetara iritsi, Mugimendu Feministatik egindako proposamenak gizonekin partekatu eta elkarlanerako espazioak sortu, erantzukizuna exijitu, hurrengo pausoak erabaki".

Era berean, prozesu honen hasieran zaintzen inguruan identifikatutako eta hausnarturako arazoak ezabatzeko "bidean" daudela baieztatu dute. "Zaintza lanak feminizatuak, arrazializatuak, merkantilizatuak eta pribatizatuak egoteari uztea urgentea da. Horiei aurre egiteko antolatu eta mekanismoak martxan jarri behar genituela argi genuen. Eta ari gara, helburu horiek betetze bidean lanean ari gara". Hala, borroka molde berriak eta greban parte hartzeko modu berriak asmatu dituztela ere nabarmendu dute, "grebaren betiko iruditegia irauliz".

Gainera, azaldu dute greba egitearen erabakia hartu zutenean, hasieratik kontziente zirela pertsona batzuek ezingo zutela greba egin: "Jakitun ginen zaintza langile askok ezingo zutela egun osoko lan-uzterik egin, greba egiteko eskubidea urratzen zaielako. Kontraesan horren aurrean, greba egiteko modu ezberdinak bilatzeko bideak asmatu ditugu. Zaintza eta etxeko langileen elkarteetatik forma berriak proposatu dira. Egoteko forma politizatuz, beraz, hein batean lortu dugu prozesu aberasgarriago bat izatea, nahiz eta aurrera begira ere, bide luzea dugun egiteko".

Halaber, jakinarazi dute 1500 greba komitetik gora atxikitu direla greba egunera, pikete ugari egon direla eta sektore askotan, industriagune asko kolapsatu dituztela. "Zaintzaren eremuan gehiegizko zerbitzu minimoen eragina agerikoa izan zen, baina horren gainetik jarduera ez normalizatua lortu zen, eta lanean aritu ziren emakume askok grebaren aldekotasuna adierazi zuten. Zahar egoitzetan eta eguneko zentroetan, zerbitzu minimoek guztiz baldintzatu dute, hala ere, greba egin zezaketen langileen artean % 90ek baino gehiagok egin zuten greba. Etxez etxeko laguntzan ere greba egiteko eskubidea dutenen artean, jarraipen zabala izan zuen".

Orokorrean, greba tasa altua izan da alor ezberdinetan: "EAEko eskola publikoetan, haur-eskoletan eta ikastoletan jarraipen handia jaso genuen, %70-75 bueltan, baita Nafarroako Ikastoletan ere, %90tik gora. Komunikabide ezberdinetan ere intzidentzia garrantzitsua izan zen, EITBn esaterako. Aipatzea, garraio publikoan izandako jarraipena, Eusko Tren eta Metron, zerbitzu minimoak bakarrik aritu ziren eta. Azkenik, industriari dagokionez, Gipuzkoan nabaritu zen gehien enpresa garrantzitsuak itxita, baina baita Bizkaiko zonalde batzuetan ere, adibidez Durangaldean". Aitzitik, salatu dute beste behin ere Osakidetzako milaka langileri greba eskubidea ukatu zietela.

Gizonezkoen aferari dagokionez, gizon askok greba feminista orokorrean euren ardura ez hartzea deitoratu dute: "Esan beharra dugu gizon batzuek hartu dutela gaiarekiko ardura, eta asanbladetan eta kalean zegokien posiziotik aritu direla. Hala ere, beste askok ez dute hala egin. Eta gaurkoan ere atzoko mezu bera helarazi nahi diegu: hartu dagokizuen ardura!"

Gaurko agerraldietan, lehendakaritza aurrean eta nafar gobernuaren aurrean elkartu dira, Gasteizen eta Iruñean, gobernuei mahai intersektorial bat sustatu dezatela eskatzeko. "Sektore anitzez osatutako lan eta eztabaida mahai bat. Honen osaketaren nondik norakoez, egin dugun Herri Akordioaz eta aurrera begirako pausuen gainean hitz egiteko, lehen bilera eskaera bat egin dizuegu".

Modu horretan, azpimarratu dute atzoko grebagaz ez dela ezer amaitu eta etorkizunerako mobilizazio berriak antolatuko dituztela. Halaber, Herri Akordioaren lanketagaz sakontzeko asmoa ere iragarri dute: "Orain herriz herri sortutako su txikiak piztuta mantentzea dagokigu. Aurrera begira ere zaintza eskubide kolektiboaren alde eta zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde lanean jarraituko dugu. Badugu zer asmatu, zer irabazi, zer sortu eta mantendu".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun