Bilakaera meteorologikoa aztergai

Muturreko eguraldi aldaketek eragina izan dute gure uztetan?

Iker Rincon Moreno 2024ko urt. 23a, 12:06

"Akabuko aldian, eguraldia gero eta estremistagoa da". "Eguraldiari so bizi gara, eta urarekiko gero eta menpekoagoak gara". Horiexek dira Lander Labajo eta Gabriela Frances Uribe Kostako laborarien hitzak, hurrenez hurren. Izan ere, azken urte bietako udak ohi baino beroagoak izan dira, euri-egun gutxikoak; hitz bakarrean: ezohikoak. Hartara, denon ahotan egon den gai bat izan da eguraldia, eta halaxe ondorioztatu du oraintsu ere Copernicus (C3S) Europar Batasunak klima aldaketa aztertzeko zerbitzuak. Horrek ohartarazi du inoiz neurtu den urterik beroena izan zela iazkoa munduan, eta ez bakarrik udan. Industriaurreko datuakaz alderatuta, emandako datuen arabera, batez beste ia 1,5 gradu berotu zen planeta 2023an, eta igoera hori orokortua izan zen urte osoan. Baina, zer-nolako eragina izan du tenperaturaren igoera horrek, eta eguraldiak orokorrean, gure landa-eremuan?

Gabriela Frances baserritar lemoiztarrak azaldu duenez, nekazariak eguraldiaren arabera bizi dira, horri lotuta antolatzen baitute euren lana: "Lurra sasoian egon behar da lantzeko eta, euria eginez gero, beste behar mota batzuk egiten ditugu". Ildo horretan, azpimarratu du tenperatura altuagoak bizi izan ditugula azkenaldian hemen, Uribe Kostan, eta euri-egun gutxiago dagoela ere. Neguan bazka izateko fardoak egiten hasi nintzeneko sasoiak gogoratzen ditut; zaila zen garai hartan uda hasieran lau egunez jarraian eguraldi ona izatea belarra lehortu ahal izateko".

Beroari dagokionez, Lander Labajo berangoztarrak dio muturreko tenperatura altuek ortuariak eta fruituak erre ditzaketela, "kolpe handiak daudenean batez ere". Aitortu du, besteak beste, berari intxaurrak, tomateak eta hostodunak erre zaizkiola inoiz: "2022an batez ere, bero-kolpe izan ziren egun asko izan genituen, eta oso kaltegarriak izan ziren; 2023an, berriz, ez horrenbeste". Azken urte horri dagokionez, orokorrean aurrekoa baino uda "epelagoa" izan zen arren, Labajok deitoratu du abuztuaren amaieran eta iraila-urrian muturreko tenperatura altuak bizi izan genituela gurean, 40 gradutik gorakoak; ondorioz, ordurako jaso barik zegoen uztan eragina izan zuen bero horrek, hala nola sagarrondoetan. "Irailean, beroagaz kolpatuta egon ziren sagar gehienak; ubeldu egin ziren. Horiek sagar-ura edo zukua egiteko balio dute; jateko, arinago ustelduko dira". 

Gabriela Frances, Lemoizen, bere behiak atzean dituela.

Lehorterik?

2022a, ostera, akorduan du bizi izandakoengatik; "sikate egoera bizi izan genuen udan, euri askorik gabe". Iaz, 2023an, ordea, lehorterik ez zen egon gurean, "sikate umela egon da, euri asko egin barik, hezetasuna egon delako". Izan ere, gogoratzen duenez, iaz, maiatzean, euri asko bota zuen, udako egun asko lainotutakoak izan ziren eta, horri esker, aguantatu zuten udaldia, besteak beste.

Izan ere, ura bizitza da, eta landareek bereziki beharrezkoa dute hori hazteko. Uribe Kostako baserritar biek gogoratzen dutenez, Euskal Herriko beste hainbat puntutan ez bezala, hegoaldean batez ere, gurean oraindino ez da arazoa euri eta ur falta. "Aldaketa igartzen da hemen, Kantauri isurialdean, baina ez dago arazorik orokorrean", dio Labajok. Horri helduta, Francesek gaineratzen du, orain, euria egiten duenean, askotan euri-jasa handiak direla, eta egiten ez duenean, luzaroan ez duela botatzen. "Eguraldia estremistagoa bilakatzen ari da", ondorioztatzen du Labajok.

Lander Labajo, Berangon, bere negutegiaren barruan.

Ahuakateak Uribe Kostan

2023ko eguraldia denon ahotan egon da hainbatetan: bero handia ezohiko egunetan, euri falta, euri-jasa handiak, uholde-urak, haizeteak... Halako egoerak bizi izan genituen orain dela urte bi ere, 2022an, eta, Labajoren esanetan, uztari dagokionez, urte hori izan zen okerragoa gurean iazkoa baino. Hala ere, aipatzeko modukoak ere bizi izan zituzten iaz. Udan, euri-egun asko egon ez ziren arren, giroa hezea izan zela dio berangoztarrak. Iraila-urrian, berriz, euriteak heldu ziren eta asko bota zuen. "Orain, euria datorrenean, askotan, lurrak ez du horrenbeste kantitate aguantatzen, ez du jasotzen, eta askotan gauzak eroaten ditu".

Labajok dio eguraldiaren aldaketa horiek eragindako uzta-aldaketa puntualik ez duela igarri oraingoz, baina bai orokorrean: "Lehen ez bezala, ahuakatea produktiboa da orain hemen, eta guk ere horiek jasotzen ditugu, handi-handiak; 30 ahuakate inguru jaso ditut aurten, orain dela hainbat urte landatutako zuhaitzetik".

Limoiondo eta zuhaitz zitrikoak ere, orokorrean, lehen esaten zen etxearen ondoan landatu behar zirela haize-babesean egoteko, eta, orain, edonon jar daitezkeela ondorioztatu du berangoztarrak bere baserria inguratzen duen landako zuhaitzei erreparatuta, nonahi aurki daitezkeenak. "Izan ere, orain, zenbat aldiz egiten du leia? Hiru bider-edo, ez du hotz handirik egiten".

Lemoiztarrak, bere aldetik, zehaztu du, berbarako, lehen zailagoa zitzaiola tomatea aire zabalean landatzea, baina orain, udan, horrenbesteko hezetasunik ez dagoenez, errazagoa zaiola hori lantzea negutegitik kanpo. Kontrara, lehen ureztatzeko beharrik ez zuten hainbat labore, hala nola indaba, patata eta kipula, deitoratu du orain beharrezkoa duela hori egitea. "Lehen, ortuari asko erein ostean, euri-urarekin nahikoa zen, baina orain, aldiro, ureztatu behar izaten ditugu", gaineratu du Labajok. 2022an, berbarako, berangoztarrak gogoratzen du egunero lau ordu eman behar izan zituela baratzea ureztatzeko. "Egunero alde bat egiten nuen, baina beroa handia zenez, lurra zeharo sikatzen zen segituan. 2022a inoiz baino sikuen zegoen lurra, eta inoiz baino gehiago ureztatu behar izan nuen".

Udako uzta, luzeagoa

Labajo orain dela 20 urte hasi zen laborantzan, eta, ordutik, azpimarratu du ez duela aldaketa handirik sufritu uztari dagokionez, "baina bai igarri". Berbarako, udako uzta luzatu egin dela dio, baina ereiteko edo landatzeko sasoia bera izaten dela azpimarratzen du: "Hemen beti izan da San Isidrotik aurrera, ordutik lurraren tenperaturak onartzen duelako zuztarren edo sustraien ugaltzea. Txomin belarra da erakusle on bat da lurraren tenperatura egokia dela esateko, eta horretan ez dut igarri aurreratu edo atzeratu denik". Izan ere, azaldu duenez, bero-egunak ohi baino lehen heldu arren, horrek ez dio eragiten gehiegi lurraren tenperaturari.

Uzta kopuruari dagokionez, Labajok ez du harreman zuzenik ikusten eguraldiaren joeraren eta jasotakoaren artean: "Klima aldaketa arazo orokor bat da, gure bizitzetan eragiten duena, ez beren-beregi baserriko mundukoa, eta are gutxiago hemen. Krisi momentuak daude uda sasoian, bai, baina oso une laburrak dira, momentuz". Aldaketak, izatekotan, urtero landa gobernatzeko moduagatik dela dio: "Zergatik sartzen da ugerra? Umedadeagatik, baina beti egon da arazo hori, eta asmatu egin behar da unean-unean lurra lantzeko".

Ezohiko bisitariak

Horri lotuta, baina, ezohiko bisitariak heldu zaizkigu hona azken urteotan. Francesek dioenez, inguruotan ezezagunak ziren plagak dituzte orain, hala nola tomatearen sitsa (Tuta absoluta), lastodun landareez elikatzen den zizare soldadua (Spodoptera exigua) eta behiei sukar hemorragikoa transmititzen dien eltxoa. "Ez dakit horien guztien presentzia aldaketa klimatikoaren ondorio diren, baina lehen ez genituen ezagutzen inguruotan".

Produktuen garestitzea

Aipatutakoak gorabehera, aldaketa askorik ez dela igarri diote baserritar biek, zorionez, Kantauri isurialdean oraindino baldintzak egokiak direlako lurraren ustiaketetarako. Hala ere, zenbat eta hegoalderago jo, egoerak orduan eta okerrera egiten duela deitoratu dute. "Hegoaldean su-beroa dago eta, besteak beste, pentsua asko garestitu egin da". Abereak ere badituzte lemoiztarrak eta berangoztarrak eta, azken honek dioenez, piztiontzako pentsua hegoaldetik ekarri behar izaten du, bertan ekoizten baita zereala. "Urtero garestitu egiten ari da; doblea bi urtetik hona. Hori bai igartzen da, hegoaldean asko sufritzen ari dira bero horregaz".

Horrek arazoak ekar ditzake ustiatze baten errentagarritasunean. Are, berangoztarrak dioenez, errentagarritasuna atera behar bada, eta intsumoak edo sargaiak asko badira, "oso zaila da aurrera egitea". Halakoetan, Labajok uste du ekoizle asko bizirik dirautela produkzio handia dutelako, eredu industrialaren pare "bestela ezinezkoa da". Hala ere, bere kasuan, eredu txikiago baten alde egiten du. "Aukera bakarra da txiki-txikira jotzea, norberak dena egitekoa, zirkulua ixtekoa. Posible da, baina horretarako asko izan behar gara, bestela, nor elikatuko dugu? Duela 100 urte baino gutxiago, populazioaren ia erdiak zuen inguruan nor edo nor lurra lantzen zuena; orain, oso txikia da portzentaje hori". 

Erlazionatuak

Klima Mediterraneoa, Uribe Kostan?

Iker Rincon Moreno 2023 aza 17 Uribe Kosta

Klima aldaketa ate joka

Nerea Bilbao Barrenetxea 2023 aza 17 Getxo

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun