Bilakaera meteorologikoa aztergai

Milaka pertsona bizi dira oraindino ere uholde-arriskuko guneetan Uribe Kostan

Iker Rincon Moreno 2023ko aza. 23a, 10:48

Uribe Kosta zeharkatzen duten ibaiek eta errekek gainezka egin izan dute hainbatetan, hala nola Asuak, Butroek, Gobelak eta Nerbioik. Euri-jasa etengabeen ondorioz egin ohi dute gora, eta, batzuetan, itsasgora aldietan, are errazago ateratzen dituzte haien urak ibilguetatik. Halakoak bizi izan ditugu 1977an eta 1983an, baina baita 2008an eta 2011n ere, besteak beste. Ezbehar horiek ekiditeko hainbat esku-hartze hartu dituzte udalek, URAren laguntzagaz, baina, denborak erakutsi du beti ez direla nahikoak izan naturaren "erasoei" aurre egiteko.

2008ko ekainaren 1eko goizaldean, hainbat eguneko euri-jasa etengabe baten ondorioz, Gobela ibaiak gainezka egin zuen, Urdulizetik Getxora, eta haren ibilguaren ondoko hainbat etxebizitza, aparkaleku eta ibilgailu urpean gelditu ziren, Berango eta Getxo aldean batez ere. Leioan eta Erandion ere hainbat gune uraren azpian gelditu ziren, kasu honetan Nerbioi ibaiak gainezka egin ostean. Hilabete bereko 8. egunean, egoera errepikatu zen.

Ezbehar entzutetsu horren ondorioz, Getxon, berbarako, kaltetutako hainbat auzokide batu eta Gobela Ibaiak Kaltetutakoen Elkartea sortu zuten. Talde horren eskaera historikoetako bat izan da Gobela ibaiaren ibilguan hobekuntza hidraulikoak egitea, eta, hainbat urteren ostean, obrak abiatu zituen URA Uraren Euskal Agentziak 2015-2016 aldean, 4,5 milioi euroan (BEZ barne). Kike Prada auzokideen elkarteko presidenteak positiboki baloratu ditu daborduko amaituta dauden obra horiek, “nahiz eta emaitza hasierako proiektua baino txikiagoa izan den”. Gogoratu duenez, hasiera batean, plana Gobela ibilguaren hondoa murriztea zen, “Getxo 100 urteko errepikatze-denboratik libratzeko”. Baina, azkenean hori ez zen egikaritu.

Ondorioz, obrak egin eta uholde-arriskua murriztu arren, azken urteetan ikusi ahal izan dugunez, hala nola 2021eko azaroan, oraindino ere 9.000 getxoztar arrisku-guneetan bizi dira, eta 1.200 baino gehiago arrisku altuko guneetan. Horiei, gainera, Berangon bizi direnak gehitu behar zaizkie, baita Urdulizkoak ere, Gobelako urei dagokienez. Erandion, aldiz, Nerboi ibaiaren itsasgorei begira egon ohi dira, eta, aldiro, euri asko botatzen duenean, Altzagako kaleak urez beteta ikusteko arriskua dute, aurten bertan gertatu den legez.

Aurten ere gainezka egin zuen Nerbioi ibaiak Erandion.

Gobelaren zaintza-sarea

Kike Pradak gogoratu duenez, Gobela Ibaiak Kaltetutakoen Elkarteko kideek ibaiaren zaintza-sare bat osatu zuten 2008an, eta, ordutik, hainbat esperientzia metatu dituzte. “Auzokide ezberdinetako errealitateak jaso ditugu, eta Amillena euskal meteorologia elkarteko kideen laguntza eta aholkularitza izan dugu ibaiaren gorakadak aztertzeko".

 

Azaldu duenez, nahikoa da orduko 15-20 l/m2 euri-ur intentsitateko prezipitazioa mantentzea ordu batzuetan ibilgua osoak gainezka egiteko. Aldiz, intentsitate baxuagoko prezipitazioetan, azpimarratu du ez dagoela arazorik. Berbarako, 2008ko ekainean, 76,2 l/m2 ur bota zituen egun batean, eta 116,1 l/m2 2011ko ekainean. Aldi bi horietan, Gobelak gainezka egin zuen, baina 2021eko ekainean, 73,9 l/m2 intentsitateko prezipitazioak erregistratu ziren arren, ibilguaren bidea mantendu zen, muga-mugan, gainezka egin barik; azaroan eta abenduan, aldiz, hainbat puntutan egin zuen gora, 63,8 l/m2 inguru erregistratuta egun bakarrean.

Uholdeak, ekainean eta azaroan

2008ko eta 2011ko uholdeak ekainean eta azaroan izan ziren, hurrenez hurren, eta datu-meteorologikoen arabera, hilabete horiek dira izan ohi dira arazo gehien eman ditzaketenak gurean. Pradak dioenez, ekaitz-fenomeno gogorrenak direla-eta, ekaina da uholdeak izateko joerarik handiena duen hilabetea. Ondoren, urria eta azaroa lirateke. “Hilabete horietan, kasu askotan, euriteen ondorioz sortu dira arazoak; 1933ko uholde handiaren kasuan, esaterako, euria ez zen 20 egun baino gehiagotan gelditu”. Hartara, uholde-arriskua arazo ziklikoa dela ondorioztatu dute auzokideek.

“Logikoa eta naturala da, erreka eta urpean gera daitezkeen ibarren multzo bat da Gobela. Burualdean eta ibarrean, Urkok bat egiten du Gobela, Saitu eta Lemotsa ibaiekin, Getxoko sarreran Kandelu ibaiarekin eta orain dela gutxi suntsitutako Sarri ibaia bezalako hiri-jariatzeen saneamendu bihurtutako beste batzuekin”, dio Pradak. Ondoren, Itze eta Bolue ibaiadar nagusi gisa sartzen dira, Fadurako ibarrean, eta, azkenik, Itzubaltzeta/Romoko ibarraren aurretik, Altzaga eta Larrakoetxe-Landabarri lotzen dira Leioatik. ”Eremu eta ibar horiek guztiak uholde-gune naturalak dira, gizakiak konkistatuak eta arrisku horren mende daudenak, logika natural gisa”.

Hartara, datu historikoak aztertuta, 1906etik, gora-egite garrantzitsuak egon dira hamarkada guztietan, eta uholde oso handiak edo kaltegarriak 20 urtean behin. “Badira ere urte gutxien buruan hainbat uholde izandakoak, hala nola 1906-1914, 1933-1936, 1974-1983 eta, oraintsu, 2008-2011 aldiak”, Pradaren esanetan. Azken uholde larri horien ostean, hamar urte baino gehiago igaro dira gurean ibaiek modu esanguratsuan gainezka egin barik.

Uholdeak ekidin?

Udalek eta URA bezalako agentziek egindako esku-hartzeek, hein handi batean, ibaien goraldiei aurre egitea ahalbidetu dute. Hala ere, Pradak deitoratzen du hirigintzak "naturazkoa dena" arazo bihurtzen duela, "urak berea dena hartzera jo ohi duelako". Horrez gainera, azpimarratu du daborduko paduren eta ibilguen hainbat gune okupatu eta horietan eraiki dela, eta, ondorioz, arazoa "biderkatzen" dela "ibaiaren drainatze-arroa artifizializatu delako".

Auzokide horrek azaldu duenez, mendi-hegal eta zelai guztiek erregulatzen dute uraren zikloa, modu naturalean, horiek geldiaraziz eta infiltratuz. Baina, horiek porlanez edo asfaltoz betetzen badira, ur-korronteak jariatze basati bihurtzen dira, azalera iragazgaitzak topatzen baititu bidean. "Horrek, ondorioz, arriskua areagotzen du".

Gobelaren kasuan, Pradak mahai-gaineratu duenez, ibaiaren arroa % 40 inguru artifizializatuta dago baso-inbentarioaren arabera, "eta hori areagotzen ari da Urdulizetik Getxora bidean; Sopela, Berango eta, bereziki, Getxoko HAPOak ikustea besterik ez dago".

Hori guztia ikusita, Gobela Ibaiak Kaltetutako Elkarteko presidenteak uste du ezinezkoa dela gainezka horiek ekiditea: "Alternatiba bakarra da kaltetuta ez ikustea, eta, horretarako, ezin ditugu uraren jabetzakoak diren guneak okupatu, ez ditugu horren infiltrazio-ziklo naturalak aldatu behar".

Erlazionatuak

Klima aldaketa ate joka

Nerea Bilbao Barrenetxea 2023 aza 17 Getxo

Klima Mediterraneoa, Uribe Kostan?

Iker Rincon Moreno 2023 aza 17 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun