2008tik 2023ra, Hego Euskal Herriak banketxe-bulegoen % 48a galdu du. Zer dela eta eman da galera hori?
2008an maila gorenera heldu zen, entitateek auzoz auzoko distribuzio-sarea gura zutelako ia-ia. Garai hartan, euren produktuak saltzeko modua zen bezeroarekiko gertutasuna, ondoan egotea, hain zuzen. Hala ere, ordutik, digitalizaziorako bidea hartu dute oinarri; ia denok dugu Interneterako sarbidea duen dispositibo elektronikoren bat, eta aplikazioen bidez egiten dira orain prozesu asko eta asko. Hori da banku-sektorearen filosofia gaur egun.
Hartara, lehen bulegoetan egiten ziren eginkizun ugari bezeroen esku daude orain, eta, ondorioz, bulegoetan ez dago horrenbesteko lanik. Ez dago horiek mantentzeko beharrik, eta horien jarduna sinplifikatuz joan da, eta hainbat itxi ere.
Urte hartatik aurrera eman diren fusioek ere zeresana izan dute bulegoen murrizketan?
Bai, edozein fusiok edo bat-egitek, hasiera batean dakarrena da entitateek bulego gehiago izatea, eta, ondorioz, horiek arrazionalizatu behar izatea. Izan ere, ez da bideragarria lehen bi banketxerenak ziren bulego bi mantentzea auzo berean. Beste korapilo bat da langile-taldearekin zer egin; hau da, zelan murriztu langileen kostua. Lantaldeek bat egiten dute, eta ez da beharrezkoa horrenbeste langile izatea. Bi banketxe batzeak ez du zertan esan nahi diru-sarrerak bikoiztuko direnik, ezta bezero kopurua biderkatuko denik ere, batek kontu bana izan zezakeelako batean eta bestean. Hartara, lana ziurtatu arren, fusioen estrategia tipikoa izan da erretiroak aurreratzea eta enplegu-erregulazioko espedienteak (EEE) egitea langile zaharrenekin –horiek dira kostu gehien dakartzatenak, baita jakintza eta eskarmentu gehien dutenak ere–. Izan ere, gaur egun, dena estandarizatuta dago, protokoloen arabera jarduten da, eta askoz merkeago irteten zaie bankuei soldata baxuko langile gazteekin geratzea.
Aurrezki kutxei dagokienez, daborduko desagertu dira.
Fundazio sozial moduan mantendu dira, horixe baitzen horien hasierako helburua, antzinako bahitetxeen ildotik. AEBetan, ez ziren neurriak garaiz hartu horiek desagertzea ekiditeko, eta aurrezki kutxak kiebran erori ziren. Horren aurrean, gurean, kutxak profesionalizatu ziren, eta banku-sektorean sartu. Kutxa asko banku bilakatu ziren, baina, horretarako, diru-gordailu handi bat behar zuten arriskuei aurre egin ahal izateko. Eta, zelan lor zezaketen hori? Bada, handi egiten, beste kutxekin bat eginez.
2008ko krisi ekonomikoaren eta 2020ko pandemiaren ostean, murrizketa ugari egin dituzte banketxeek, baina inoiz baino diru gehiago irabazten ari dira. Nola uler daiteke hori?
Bai, noski. Are gehiago, pandemiak eraginda, autonomoagoak gara digitalizazioaren munduan. Birtualki saretuago gaude, eta herritarrek lasaitasun handiagoaz egiten dituzte erosketak eta kudeaketak Internet bidez. Hala, digitalizazioren bideari jarraituta, banketxeek bulego-sarea berriro dimentsionatu dute, eta, gastu gutxiago izanda, etekin gehiago lortzen ari dira, diru-sarrera bera izan arren. Azken finean, mozkinak areagotzeko, gastua murriztu behar da.
Bulegoen kopurua murrizteagaz batera, diozunez, lanpostuak ere galdu dira banku-sektorean. Zein neurritan?
Ez dakit zenbatekoa, baina, unibertsitateko irakasle gisa, ikusten dudana da lehen ikasle askok zutela buruan banku-sektorea lanbide gisa, eta horietako asko bulegoetan bukatzen zutela beharrean. Gaur egun, ordea, ia inork ez du bide hori hartu nahi. Izan ere, tentsio handiko sektorea da, ezartzen dizkieten helburuen ondorioz. Back office delakoan, hau da, produktuak eta bestelako lanak egiten dituzten atalean, ez da horrenbesteko lanpostu-galerarik izan, eta bulegoetako langileak, saltzaileak diren heinean, produktu gehiago saldu behar dituzte. Beraz, gutxiago dira, jende gehiagori jaten eman behar diete, eta, hartara, gehiago saldu behar dute.
Lehen, 1.000 biztanle bakoitzeko bulego bana zegoen Hego Euskal Herrian; 2023an, ordea, 0,3. Zein da finantza-inklusioaren egoera egun?
Eta murrizten jarraitzeko joerak jarraituko du. Hala ere, jendeak aurrez aurreko zerbitzua mantendu nahi du. Azken finean, norberaren dirua da banketxean dagoena, eta artatzen eta aholkatzen zaituen norbait nahi duzu aurrean izan. Tramitaziotik aholkularitzara igaro nahi dugu, eta, horretarako bideak telefonoz, online edo aurrez aurrekoa daude. Horren aurrean, norberak erabaki beharko du zein nahiago duen. Nik, pertsonalki, nahiago dut aholkularitza pertsonalizatua, eta ni bezala, jende askok ere.
Ondorioz, bulego kopuruak behera egiten segituko badu, harretarako sistema bat ahalbidetu beharko dute banketxeek. Denak ez du zertan digitala izan behar, herritar guztiak ez direlako moldatzen mundu digitalean. Gainera, Euskal Herrian, tradizioz, harreman pertsonalak nahiago izan ditugu, banketxeen joera kontrakoa izan den arren. Hori dela eta, nire ustez, aurrez aurreko arreta horren zati minimo bat mantendu behar da, beharrezkoa dutenentzako eta, operazio zehatz batzuetarako, lasaiago egoteko. Baina, zoritxarrez, lasaitasunak ez dio mozkinik eragiten bankuari.
Banku-sektorearen funtzionamendua nola ari da aldatzen?
Etorkizun hurbilean, finantza-sektorea aseguru-etxeen bidea hartu beharko dute bizirauteko. Hau da, banku agenteek gaur egun aseguru artekariek egiten dutena egingo dute. Dagoeneko, banketxeen aplikazioekin, guk geuk egiten ditugu operazio ugari, baina, zerbait zehatza edo berezia behar dugunean, agentea gugana etorri beharko da hori eskaintzera eta saltzera.
Banku-sektorea nora doa? Bada, salmentak profesionalizatuko ditu, bitartekari lanak egingo ditu. Produktuen diseinatzaileak egongo dira, eta salmenten arabera ordainduko dute. Aseguruen sektorean aspaldi gertatu zen hori, eta gaur egun jada Espainiako eremu isolatu batzuetan egiten da. Entitate batzuk bulegoa dute herriren batean, eta egun zehatzetan zabaldu arren, langileak herriz herri doaz, autonomo gisa zenbaitetan, eta entitate horren zerbitzuak eskaintzen dituzte; bezeroak bilatzen dituzte. Horrek ekar dezake langile-taldearen azpikontratatzea eta, horrekin batera, gastuak murriztea. Bankuaren sektorea beste edozein negozioren modukoa da…