P. Mendia eta P. Telleria: "Ordainezinak diren alokairuei eta miseriazko soldatei aurre egin behar diete gazte langileek"

Nahia Martinez Gondra 2024ko urr. 31a, 08:00

Pablo Mendia eta Patxo Telleria Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatuko kideak.

Egun pentsaezina dirudi gazte batek etxebizitza bat erosteko ahalmen ekonomikoa izatea: alokairua egikaritzen da aukera bakar legez; hori ere, muturreko prezioetan. Afera horretan sakontzeko asmoz, Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatuko Pablo Mendia eta Patxo Telleria kideakaz mintzatu gara, alde batetik, eskualdeko gazteen errealitatea aztertzeko eta, bestetik, irtenbide posibleak mahai gainean jartzeko.

Zeintzuk dira gazteek dituzten arazo eta erronka nagusiak Uribe Kostan etxebizitza bat erosteko?

Langile klaseko gazte askoren kasuan, errealitatea gurasoen etxetik joan ezin izatea da. Baina independizatu direnen kasuan, alternatiba bakarra alokairua da, eta horrek zentraltasun berezia ematen dio alokairuari gazteen etxebizitzaren problematikari buruz hitz egiten dugunean. Zentzu horretan, arazo ageriena alokairuaren prezioa da. Gure eskualdean alokairuen batez bestekoa Euskal Herriko altuenetarikoa da, gazte langileen gehiengoak soldata eta lan baldintza miserableak dituzten
bitartean. Honekin batera, errentadunek hainbat mekanismo erabiltzen dituzte alokairutik jasotzen duten etekin ekonomikoa ahalik eta altuena izan dadin. Eta horretarako hainbat baliabide exijitzen dituzte: lan egonkorra frogatzen duten nominak aurkeztea, urteko diru sarrera altuak izatea… Filtro horien bidez langile asko etxebizitza baterako sarbidetik kanpo uzteaz gain, gazte langileen gehiengoa ere baztertzen dute.

Hori guztia gutxi balitz bezala, alokairu diru-laguntzak eskuratzeko zailtasun handia dago; izan ere, diru-laguntzak jasotzeko baldintzetako bat alokairuaren prezioa da, eta Uribe Kostan ohikoa da prezioa hori baldintzak ezartzen duena baino garestiagoa izatea. Halaber, bada beste arazorik oraintsu aipatutako diru-laguntzak ez jasotzeko; esaterako, geroz eta normalagoa da, etxebizitza alokairuei dagokienez, behin-behinekoa izatea, baina diru-laguntza jasotzeko beste baldintza derrigorrezkoa epe luzerako kontratua izatea da. Gainera, etxebizitzari lotuta dauden prestazio urriak, ia erabat errentadunen poltsikoetan amaitzen dute, hauek gazte langileen beharrekin aberastuz.

Uribe Kostan ere pisu berezia du etxebizitzaren eta haren eraikuntzaren inguruan sortutako negozioak: luxuzko etxebizitzen eraikuntzak edota herri/auzo osoen turistifikazioak langile klasea segregatzen du eta gazte langileak leku horietatik kanporatzen ditu.

Gazteen prekarizazioa nola harremantzen da etxebizitzaren aferagaz?

Gazte langile gehienek egin behar diete aurre ordainezinak diren alokairuei eta miseriazko soldatei. Izan ere, etxebizitzaren  problematika ez dago bizi baldintzen okertze orokorretik at. Gizartearen geruza zabalen pobretzea esparru guztietan ematen ari da: errentadunek nominak arpilatzen dituzte, enpresariek ahal duten guztia zukutzen dituzte gazte langileak eta  komunikabideek kriminalizatzen dute gazte askok duten aukera bakarra, esaterako, okupazioa. Horregatik, honen kontra  erantzuna eta fronte guztietan antolakuntza eman behar dela uste dugu.

Alokairuen eta etxebizitzen prezio altuek gazteak independizatu ezin izatea dakar. Zer eragin du horrek haiengan?

Gazteek independizatzeko dituzten arazoak beste motetako arazo askorekin batera doaz. Adibidez, familiarekin oso berandu arte bizi behar izatea dakar (horrek dakartzan zailtasun ekonomikoekin), aukera bakartzat infraetxeetara jo behar izatea, edozein lan onartu behar izatea edo aisialdiari uko egin behar izatea. Horrek guztiak oztopatzen du Uribe Kostako gazte langileek bizitza duin bat eduki ahal izatea. Gainera, egoera bereziki zaurgarrian dauden gazte etorkin asko bizi dira eskualdean. Gazte etorkinek modu are krudelagoan pairatzen dituzte orain aipatu ditugun arazoak, eta asko kalean bizitzera beharturik daude.

"Gazte etorkinek modu are krudelagoan pairatzen dituzte orain aipatu ditugun arazoak, eta asko kalean bizitzera beharturik daude"

Alderdi politikoei dagokionez, zer neurri hartu beharko liratekeela uste duzue gazteen etxebizitza duina Uribe Kostan bermatzeko?

Etxebizitzaren arazoa orokorra da, nahiz eta lurralde eta eskualde desberdinetan ezaugarri bereizgarri batzuk izan. Zentzu horretan, honen konponbidea eta proposatzen diren neurriak ez dira soilik Uribe Kostara mugatzen. Gizarte kapitalistan, etxebizitza politikak gauzatu eta proposatzerakoan adostasun bat dago: errentarien irabaziak handitzea. Ñabardurak daude alderdien proposamenetan, baina azken batean, alderdia edozein dela ere, errentariek eskuratzen dituzte diru laguntzak eta etxebizitzaren negozioa babestu egiten da. Izan ere, modu batean edo bestean, etxebizitzaren eskasian ikusten dute arazoaren erroa. Baina etxebizitzak egon badaude, kontua da hutsik daudela, luxuzko kontsumorako bideratzen direla edo turismora eta espekulaziora bideratzen direla. Hau da, gutxi batzuen aberastasuna handitzeko tresna da etxebizitza eta hor dago arazoaren erroa. Etxebizitzaren auziari erantzuna eman nahi bazaio, etxebizitzaren negozioa seinalatu eta gainditu behar da. Horretarako, batasun parlamentarioaren aurrean, doako etxebizitza helburu duen mobilizazio prozesua handi bat aurrera eraman behar da. Hurrengo hiru aldarriak proposatu nahi ditugu:

1. Etxebizitza prezioaren jaitsiera orokorra.
2. Hipoteka-interesa abolitzea.
3. Pisu-hutsak eta etxebizitza turistikoak desjabetu.

"Gutxi batzuen aberastasuna handitzeko tresna da etxebizitza eta hor dago arazoaren erroa"

Zein bide proposatzen dituzue zuek egoera honi aurre egiteko? Nola laguntzen dituzue gazteak?

Gure ustez, antolatzea funtsezkoa da, eta horregatik jarri dugu martxan Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatua. Ildo horretan, etxebizitzaren eremuan antolatzeak, elkar lotuta dauden bi helburu lortzea ahalbidetzen du. Alde batetik, langileen eta langile gazteen aurkako erasoei erantzutea, gure burua defendatzea eta gure bizi-baldintzak hobetzeko aukera ematen digu. Eta bestetik, etxebizitzaren arazoari irtenbidea emango dioten baldintzak sortzea ahalbidetzen du. Guk sindikatuan hainbat lan lerro ditugu, esaterako, aholkularitza, laguntza eta akonpainamendua eskaintzen diegu arazoak dituzten pertsonei, jabeen presioak jasaten dituztenei, abusuzko klausulak dituztenei, etxegabetzeei, kudeaketa edo tramite burokratikoei...

Urriaren 14an etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazio jendetsua egin zuten Madrilen. Bertan, alokairuen greba defendatu zuten prezio bidegabeen kontra aritzeko; hau da, era bateratuan alokairuak ordaintzeari uztea proposatu zuten prezio duinak bermatu arte. Ze iritzi duzue?

Deialdia oraingoz Madrilgo Maizterren Sindikatuak aurrera eraman du eta deialdi konkretu horren inguruko xehetasunak hark eman beharko lituzke. Hala ere, argi dago alokairu grebarako arrazoiak sobran daudela eta agerikoak direla. Gure kasuan, momentuz, alokairu greba orokor baterako deialdirik ez dugu egiten, baina greba partziala tresna bezala erabili izan dugu  gatazka askotan: alokairuaren igoera ordaintzeari uko egitea, komunitate kuotak ez ordaintzea… Zentzu horretan greba  borrokarako tresna bat da, mobilizazioak edo presionatzeko beste moduak bezala, eta hauetan arrakasta handiagoa lortzeak antolakuntza mailaren eskutik doa. Borroka tresna konkretu hau estatu mailan ez da legez aintzat hartzen, baina positiboa da tresna honen erabilera normalizatzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun