Leioako campuseko Hezkuntza eta Arte Ederretako fakultateetan musika aztergai izango duten jardunaldiak egingo dituzte bihartik barikura bitartean, martxoaren 22, 23 eta 24an. Bertan, musikaren ikasketa soziala lantzen duten hainbat diziplina akademiko eta esperimentazio ikertuko dituzte, hemengo zein nazioarteko profesional eta adituk. Gainera, egun horietan zehar hainbat kontzertu ere eskainiko dituzte.
Getxo udalerriaren hirigintza-proiektuak zehazten dituen HAPO berria onartu du hilabeteotan tokiko Udalak, gobernu-taldearen aldeko botoakaz. Proposamen horrek ezinegona eragin du udalerriko hainbat auzokide eta eragileren artean eta, horri aurre egin guran, hainbat bateratze, egitasmo eta mobilizazio iragarri dituzte egunotarako. Besteak beste, Adi HAPO herri-plataformak gai zehatzen inguruan hausnartzeko jardunaldiak egingo ditu gaurtik, astelehenetik, eguaztenera, Getxoko Bentan, 19:00etan. Zapaturako, hilaren 25erako, berriz, manifestazioa iragarri du plataformak. Telletxe plazan jarri dute hitzordua, 17:30ean.
Garazi Basterretxea Bareak gidatutako idazketa tailer honetan, partaideek euren testu propioak sortuko dituzte euskal literaturako testuetatik abiatuta eta dinamika ludiko parte-hartzaileen bidez. Partaideei fikziozko lanak sortzeko tresnak emango zaizkie, gura dutenari buruz idatz dezaten. Besteak beste, poemak, ipuinak, eta narrazio laburrak landuko dira. Txokoa mistoa izango da eta testuak eta dinamikak ikuspegi feministatik hautatuko dira. Tailerra hilean behin egingo da, eguenetan 19:30etik 21:00etara, Azebarri Kultura Elkartean (Euskal Herria Kalea, 14, 48991 Getxo, Bizkaia). Hurrengo saioak honakoak dira: martxoaren 2an, apirilaren 20an, maiatzaren 4an, eta ekainaren 1ean. Izen-emateko: 619 93 55 41 / egizugetxo@gmail.com