Erandiogoikoko jai nagusiak dira Gorpuzti jaiak, eta aurten maiatzaren azken egunetan eta ekaineko lehen aste-akabuan ospatuko dituzte, berritasun eta guzti.
Tokiko toponimia ezagutzeko ibilbideak abiatuko dituzte bihar, martitzenean, Getxon. Urtero bezala, udalerriko auzoak eta txokoak, eta euren izenak hobe ezagutzeko egitasmoa Bizarra Lepoan elkarteagaz elkarlanean antolatu ditu Udalak. Horietan, parte hartzaileek udalerriko toponimia eta historia, ondare kulturala, paisaia, geologia, fauna eta abar ezagutuko dituzte. Azalpenak euskaraz izango dira, eta norbaitek ulertzeko arazorik izango balu, bere mailara egokituko lirateke azalpenak.
LGTBIQA+ fobiaren aurkako eguna da bariku honetan, maiatzaren 17an, eta Sopelako Udalak bat egingo du egun garrantzitsu horregaz, Zinegoak jaialdiaren eskutik. Hala, helduentzako bi saio berezi eskainiko dituzte: maiatzaren 29an film laburren aukeraketa bat aurkeztuko dute eta maiatzaren 30ean dokumental bat. Bi proiekzioak Kurtzio kultur etxean izango dira, arrastiko 19:00etan.
Udaberri bete-betean gaudela, eguraldi ona aprobetxatuta, aire zabaleko arte eszenikoen programazioari hasiera emango diote zapatuan, hilaren 4an, Getxon. Hala, aste honetatik aurrera, eta urriaren amaiera bitartean, adin guztiei zuzendutako antzerki, dantza, zirku eta askotariko generoez gozatzeko aukera egongo da Areetako Xake plazako anfiteatro berrian. Zapatu honetan Cía Maite Guevararen Susto zirku-clown saioa egongo da gozagai, 21:00etatik aurrera.