Gabonetan, abenduaren 30 eta 31n, Inguru Minguru tailerrak izango dituzte Larrabasterran, baita urtarrilaren 2 eta 3an ere. Hala, Ekogune lokalean topatuko dira, Gatzarriñe 10. helbidean. 09:00etatik 13:00etara ibiliko dira umeak naturaren inguruan ikasten. Tailerrak euskaraz izango dira eta 8 urtetik gorakoentzat zuzenduta egongo dira. Hauetan parte hartzeko izena eman behar da. Informazio gehiagorako 946 579 280 edo ikastaroak@uribekosta.eus.
Urdulizko Gazte Gabonak 2024 abenduko oporretan izango dira. Txangoen datak ondorengoak dira: abenduak 23, astelehena, Gabonetako Christmasa, 17:00etatik 21:00etara; abenduak 28, zapatua, pintxo lehiaketa, 17:00etatik 21:00etara; abenduak 29, domeka, zinema saioa, 17:00etatik 21:00etara eta abenduak 30; astelehena, Gabon Zaharreko jaia, 20:00etatik 00:30era. Aipaturiko ekintzetara izen eman gura duten pertsonek ondorengo estekan egin beharko dute izen-ematea, abenduaren 4ra arte.
Abenduaren 1ean, Elanchove lurrunontziaren hondoratze misteriotsua erakusketa inauguratuko dute Plasentia de Butron Museoan. Erakusketa Idoia Ibañez Espainiako Merkataritza Itsasketako lehen emakume kapitainak komisariatuko du, eta Merkataritza Itsasketako Kapitainen Bizkaiko Elkartearen laguntza izan du. Erakusketak enigma historiko bat argitzea ez ezik, kaltetutako familiei omenaldia egitea ere bilatzen du, erantzunen zain dauden galderez betetako iraganari leiho bat irekitzeko xedeagaz.