Auzokoa Herrikoi Elkarteak eta Herri Bideak Kate Barik elkarteak 10 urte bete dituzue kutsaduraren aurkako borrokan, nola hasi zen guztia?
2014ko azaroan, haurrak parkean jolasten zeudela, Befesa lantegitik zetorren usain txarreko gas-hodei bat heldu zen Elexalde auzunera. Han zeuden amek seme-alabak hartu eta etxera eraman behar izan zituzten begietako eta eztarriko azkurarekin, arnasa hartu ezinik. Elkarteok, egoera salatzeko idatzia bidali genion Erandioko Udalari; hau izan zen erantzuna: "Ur lurrina baino ez zen eta ez zegoen arriskurik". Lau urtez usain txarrak eta lainoa jasaten jarraitu genuen horrezkero. Gainera, oinezko eta ibilgailuen zirkulaziorako arriskua ere aipatu behar dugu, Erandiondoko eta Befesa Aluminioko bidegurutzeko isurketek ikuspena gutxitzen dutelako, eta Potxin erreka ere oso kutsatua dago, besteak beste.
Testuinguru horretan, Valladolideko Befesa lantegiak akuiferoak aluminioaren tratamenduan erabilitako amoniakorekin kutsatzeagatik itxi zutenez, Erandioko Befesa lantegiko labe birakaria edukiera handiagoko labe batengatik ordezkatu zuten, eta horrek lantegiaren inguruko zarata, kea eta usain txarra areagotu zituen. Bizilagunak kexatzen hasi ziren eta elkarteetara jo zuten laguntza eske. Lehengo bileran 100 pertsona inguru bildu ginen, eta une hura itzulerarik gabeko puntua izan zen borroka honetan. Gaur egun, borrokak dirau eta Erandio osoko kutsadurari buruzko azterlan bat egiten ari gara.
"Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, Erandion tumore kaltegarrien ondorioz hilkortasun-tasa Euskal Herrikoa baino % 50 altuagoa da"
Zer eragin zuzen ikusi dituzue Erandioko biztanleen osasunean kutsadura dela eta?
Gure ikuspegi eta ezagutzatik abiatuta kutsaduraren ondorio zuzenak zehaztea oso zaila da. Hori dela eta, hasieratik horren ardura duten administrazioei, Eusko Legebiltzarrari eta, bereziki, Osasungintza Publikoari Erandion kutsaduraren eragina jakiteko azterketa epidemiologiko bat egitea eskatu genien. Hala ere, esan dezakegu Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, Erandion tumore kaltegarrien ondorioz hilkortasun-tasa Euskal Herrikoa baino % 50 altuagoa da.
Horrekin batera, zaratak eragindako eragozpenen insomnioa eta egonezin fisikoak daude; pertsona batzuek estres-egoerak ere pairatzen dituzte. Kutsadura atmosferikoaren eraginari dagokionez, oso konplexua da zehaztea asma bezalako gaitzak kutsadurak edo beste arrazoiren batek eragindakoak diren, hori profesionalek erabaki beharko dute. Hori bai, baieztatu dezakegu asma gehien eremu kutsatuenetan ematen dela.
Gu datu ofizialetan oinarritzen gara, Eusko Jaurlaritzaren datuak ditugu informazio iturri gisa: Erandion hilkortasun handiagoa dugu minbiziaren eta beste patologia batzuen ondorioz, eta bizi-itxaropen txikiagoa Euskal Autonomia Erkidegoko biztanle gehienekin konparatuz. Laburbilduz, gutxiago bizi gara eta gaixotasun gehiago ditugu; horregatik, azterketa epidemiologikoa eskatu genuen.
Erandion kutsaduraren arazoa ez da berria...
Egia da Erandion urte asko daramatzagula kutsadura jasaten, ez dugu ahaztu behar espainiar Estatuko udalerririk kutsatuena izan ginela 1969 urtearen bukaeran. Gaur egun, lantegi-kopurua murriztu den arren, fabrika horiek Asuko haranean eta Sangronizen daude. Oso material kutsagarriekin lan egiteagatik hiru kilometroko diametroan baimen integratu bereziak behar dituzten 17 lantegi kutsatzaile daude hor, eta badira kutsakorrak diren bestelako jarduera batzuk ere, hala nola aireportuko jarduerak Erandion eragindako kono sonikoak, udalerria zeharkatzen duten errepide handiak –Txorierri, Arrontegi, Avanzada, itsasadarreko errepidea eta Unibertsitatekoa– eta metroa edo trena. Ezin dugu ahaztu, halaber, Erandiok oso orografia berezia duela, eta haraneko eta itsasoko korronteen eraginez kutsadura propioa eta inguruetatik datorkiguna pilatzen dira udalerrian.
"Erandiok oso orografia berezia duela, eta haraneko eta itsasoko korronteen eraginez kutsadura propioa eta inguruetatik datorkiguna pilatzen dira udalerrian"
Aurten 55 urte bete dira Anton Fernandez eta Josu Murueta hil zituztenetik, horrek ere esangura handia du zuen borrokan, erandioztarren kutsaduraren aurkako borrokaren ikur bilakatu baitira nolabait, ez?
Euskal Herrian ez ezik, Estatu osoan ere, Polizia frankistak kutsaduraren kontrako momentu historiko horretan eraildako pertsona bi dituen herri bakarra gara; 1969ko gasaren aurkako mobilizazioetan hil zituzten, hain zuzen ere. Erandion osasuntsu arnasteko eskubidea defendatzeko bizia eman zuten biek, eta, 55 urteren ondoren, haiek nahi zuten airea lortu gabe jarraitzen dugu, agintariek hori izango genuela bermatu bazuten ere. Emakumeek mobilizazioei ekin zieten eta emakumeak gara 2014an borroka horri ekin genionak, eta horretan jarraitzeko asmoa dugu.
Gaur egun, helburua berdina izaten jarraitzen du: aire garbia eta osasungarria arnastea. Horretarako, lehendabizi gure udalerrian arnasten dugun airearen kalitatea ezagutu behar dugu. Eskerrak eman nahi dizkiogu Erandioko Oroimena taldeari, urtero Josu Murueta eta Anton Fernandez gogoratzeko eta euren familiek garai horretan lortu ez zuten justizia nolabait izateko egindako lanagatik. Haien borroka, gurea egin dugu!
10 urte hauetan, zeintzuk izan dira Erandioko airearen kalitateari dagokionez elkarteak izan dituen lorpenik nabarmenenak?
Lorpenik handiena oraindino iristear dagoela uste dugu, ez baitzaigu batere erraza egin lan hau aurrera eramatea bidean izan ditugun oztopoak gorabehera. Airearen Kalitatea Proiektua Erandion izeneko egitasmoaren benetako zailtasuna erakundeetan datza, etsai bezala hartzen gaituztelako eta gure emaitza guztiak zalantzan jartzen dituztelako. Adibide gisa, 2021ean, elkarteok Erandioko airearen kalitatearen neurketak egiteko eta horren osagaiak ezagutzeko Tecnaliarekin aurrekontu bat onartu genuen, baina, orduan, Erandioko Udalak 2022an Tecnalia ere kontratatu zuen azterlan bat egiteko, Erandioko eta Sangronizko kabinen azken bost urteetako datuen bilduma bat egiteko; azterketa hori oraindik ez da publiko egin.
Hainbat urtez ez dugu airearen osagaien azterketa egin nahi zuen enpresarik aurkitu, beraz, gure neurgailu homologatuak erosi behar izan ditugu. Azkenean, airearen osagai atmosferikoenen neurketak egiteko CSICeko zientzialariekin harremanetan jartzeko aukera izan genuen 2024aren hasieran. Kutsadurari dagokionez, hori lorpen bat izan da, neurketak egiten hasi ginenetik isurketak gutxitu egin direlako eta "pikuak" ez direlako hain altuak izan ordutik. Halere, oraindik ez gaude Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) eta Europar Batasunak (EB) gomendatutako mailetan.
Beste lorpen bat Airearen Zaintzaileak proiektuaren bitartez herritarrek airearen kalitatearen azterketan parte hartzea izan zen. Neurketa-prozesuan hainbat auzo eta adinetako 294 erandioztarrek parte hartu zuten, eta, horri esker aire osasungarria arnastearen beharraz eta ingurumena zaintzearen garrantziaz kontzientzia hartu zuten. Aipatu behar dugu Eusko Legebiltzarrean birritan izan garela auzotarren izenean, eta proiektuaren defentsan diharduten zientzialariak han entzunaraztea lorpena izan dela.
2020-2021 urteetan egindako Airearen Zaintzaileak proiektuko jardueren bidez arazoa ikusaraztea ere beste lorpenetako bat izan zen, hala nola ekintza informatiboak, ludikoak, aldarrikapenezkoak eta kontzientziazkoak. Nabarmentzekoak dira, halaber, Ekologistak Martxan taldearen laguntza eta udalerriko elkarteen lankidetza; izan ere, Astrabuduko jai-batzordea, Trabudu Dantzari Taldea, Radio Club Takolos, Astrabudua Kantetan taldeei esker kutsaduraren aurkako musika-proiektua burutu ahal izan genuen. Horretan, Hibai Deiedra Andoni Vecchio, Lova Lois, Astrabudua Kantetan, Talaurden, Eist, Memphis Belle, Akainak musikari erandioztarrek arazoa salatzeko sortutako abesti propioak abestu zituzten.
Kutsadura-salaketak babesten dituen azterlan edo txosten espezifikoak ere egin dituzue…
Orain arte, egin dugun azterketarik garrantzitsuena Aireren Zaintzaileena izan da. Ikerketa Zientifikoen Zentro Goreneko (CSIC) zientzialariekin batera egin genuen, 294 erandioztarren parte hartzearekin. Azterlan horren emaitzak berretsi zuen Erandion metal astunengatiko kutsadurak Bartzelonakoa bikoizten duela eta Madrilgoa laukoizten duela. Elkarteek eskuratutako neurgailuei esker udalerriko hainbat tokitako datuak jaso genituen denbora errealean airearen kalitatea urtaro guztietan monitorizatzeko, eta frogatu ahal izan genuen isurien gailurrak hasieran baino txikiagoak direla. Horrekin batera, lurraren eta uraren analisiak egin ditugu udalerriko hainbat tokitan, eta metalen kontzentrazio handiak eman dituzte emaitzetan, batez ere, berunari dagokionez. Gaur egun, CSICeko ikertzaileek airearen osagaiak ari dira aztertzen arnasten dugun airean metal astunak zehazki zeintzuk diren jakiteko.
Zuen ustez, zer neurri dira premiazkoenak inguruko kutsadura murrizteko?
Ingurumen Baimen Integratuak (IBI) dituzten enpresen kontrol handiagoa eta zorroztasuna betetzea, isuri barreiatuak kontrolatzea eta Ingurumen Baimen Integratua duten enpresek beren irabazien zati bat instalazioetan airearen kalitatea neurtzeko teknologia berrietan inbertitzea. Horrekin batera, administrazioek azterketa zientifikoak kontuan hartzea ere eskatzen dugu, eta HAPOak egiten direnean, industrialdeen, herriguneen eta gune sentikorren arteko distantziak kontutan hartzea ere bai. Oso kutsagarriak diren eta herriguneetatik hurbil dauden enpresen kontzentrazio handia dagoen eremuetan emisio industrial baxuko eremu bat egitea eta bertan zorrotzago arautzea ere beharrezkoa da. Jarduera hauek eragiten dituzten isuriek klima-aldaketan eragina dutela kontutan hartuta, urteko sasoi honetan ohikoak ez diren tenperatura altuak eta Valentziako uholdea bezalako kalte-ondorioak ezin ditugu ahaztu.
Nolakoa izan da tokiko agintarien edo Eusko Jaurlaritzaren aldetik jaso duzuen erantzuna?
Batetik, Erandioko Udalarekin 2021ean eta 2022an izandako bileretan alkateak Airearen Zaindariak proiektuaren emaitza zientifikoak zalantzan jarri zituen. Garrantzi handiagoa eman zion airearen kalitatearen neurgailuak homologatzeari eta jartzeari, naiz eta proiektuan lortutako emaitzek oso kutsadura-maila altuak eta osasunerako arriskutsuak eman. Lurreko eta uretako analisien emaitzak ere aipatu ditugu, baina jarduera zehatz batzuen emaitzen zain gaude. 2021ean, kromatografoaren kokapena aldatzeko eta udalerriko hainbat tokitan datuak hartzeko eskaera ez zuen kontutan hartu; kromatografoak leku berean jarraitu zuen. Gainera, ingurumen-teknikariak ez du gure elkarteekin lankidetzan jardun eta guk Tecnalia enpresarekin neurketak egitea oztopatu zuen. Iruzurra ere egin zuen kromatografoaren emaitzen aurkezpenean, non ez ziren partikula guztiak neurtu: osasunerako arriskutsuenak diren PM2,5, adibidez.
Bestetik, Legebiltzarreko ingurumen batzordean bi agerraldi egin eta gero, Eusko Jaurlaritzak ez du ezertxo ere egin. Erandioko bizilagunen kutsadurari buruz idazkia eta sinadurak jaso ondoren, Befesa Aluminio lantegian programatutako IBIaren ikuskapena egin zutenean, auzokideen etxebizitzetan neurketa akustikoak egin zituzten, hain zuzen ere, tximiniek zaratarik sortzen eta ketik botatzen ez zuten urteko egun bakarrean; auzokideek planto egin zuten eta ez zuten fartsa hartan parte hartu nahi izan.
"Agintariei eskatu behar zaie OMEren irizpideen araberako legegintza egiteko, osasuna lehenesten baitute, eta ez Europar Batasuneko kontseiluak agindutakoa, horren arabera ekonomia baita lehentasuna"
Zer esango zeniekete Erandioko gazteei eta agintariei aire garbiaren aldeko borrokaren inguruan?
Gazteei jokoan dagoena biztanleriaren osasuna dela, ekosistemen suntsipena eta horrek guztiak dakarrena. Oraindik garaiz gaude hobetzeko, eta Valentziako uholdea bezalako hondamendia gerta ez daitezen, klima-aldaketaren eta kutsaduraren ondorioa baitira.
Agintariei eskatu behar zaie OMEren irizpideen araberako legegintza egiteko, osasuna lehenesten baitute, eta ez Europar Batasuneko kontseiluak agindutakoa, horren arabera ekonomia baita lehentasuna. Eskatuko genieke zorrotzagoak izatea dagoen legeria betetzeari dagokionez.; izan ere, 2020ko epai judizial baten arabera, kutsadura atmosferikoa izan zen bederatzi urteko neskato baten heriotza eragin zuena eta agintariak horretaz jabetu behar dira. Elkarteak ez gara haien etsaiak, baizik eta gure borondatez lan egiten dugun herritarrak, baina administrazio ezberdinen laguntza behar dugu horretarako.
Atzera begiratuz gero, zer nahiko zenukete jakin edo eskura izan bazenute borroka honen hasieran?
Azterketa epidemiologiko bat egitea, industria-eremuan OMEren gomendioen araberako isuri gutxiko eremu bat egitea eta airearen kalitatearen neurgailuak eta pantailak jartzea udalerriko hainbat eremutan denbora errealeko irakurketekin. Horrez gain, kutsadura-gertakarien aurrean jarduteko protokoloa ere behar dugu eta enpresei programatu gabeko kontrolak egitea, baita isuri barreiatuak kontrolatzea ere. Kutsatutako edo degradatutako eremu naturalak berreskuratzea ere beharrezkoa da, klima-aldaketa arintzeko.
Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu pertsona, elkarte, alderdi politiko, erakunde eta hainbat modutan eta une desberdinetan lagundu diguten komunikabideei, Erandion aire garbia eta osasungarria arnasteko borroka honetan.