Emakumeak elkartu, saretu eta autodefentsarako deia egin du Getxoko mugimendu feministak

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 28a, 12:35

Atzoko elkarretaratzea, Telletxen. © ECUADOR ETXEA

Ehunka herritarrek salatu zuten atzo Algortan joan den domekan jazotako bortxaketa Aixerrotako landan. Tokiko mugimendu feministak deituta, prentsaurreko masiboak egin zituzten Telletxe, San Nikolas, Teilagorri eta Satistegi plazetan. Deitoratu dutenez, jendea sarritan galdezka hasten da: "emakumea non, norekin eta nola zegoen? Bakarrik, gauean..." Baina galdera guzti horiek, emakumeari egin beharrean, euren ustez, bortxatzaileengana bideratu behar dira. "Arazoa bortxatzaileak dira. Zergatik bortxatzen dituzue emakumeak?", galdegin dute.

Herriko kaleetan manifestazioa egin eta lau plazatan prentsaurreko bana egin zuten atzo, eguaztenean, ehunka lagunek. Mobilizazio horretan, mugimendu feministako kideek emakumeei ezartzen dizkieten "edertasun ereduak" gaitzetsi zituzten: "zelakoak izan behar dugun, gure gorputzek eta janzkerek zelakoak izan behar duten esan, besteen apetak asetzeko sortu garela saltzen zaigu zuzenean edota zeharka".

Era berean, emakumeak beldurrez ibiltzera "ohitu" dituztela salatu zuten; "gure autonomia sustatu beharrean, babestu eta zaindu beharreko izaki bihurtzen gaituzte, eta, ondorioz, non eta norekin gauden, zelan gabiltzan kontrolatzea dakar, guraso, bikotekide zein lagunen kontrolpean bizitzea". Horren aurrean, ausartak izan gura ez dutela ohartarazi zuten, libreak baizik.

Horren guztiaren aurrean, emakumeei elkartu, saretu eta autodefentsa feminista praktikatzeko deia egin zieten, "beldur eta lotsen zamak astindu eta autoestimua lantzera". Horrez gainera, gizonezkoei borroka horretan bidelagun izateko eskatu zieten. Era berean, gonbidatu zituzten euren esparruetan "eginkor" jarduteko,  emakumeen kontrako egiturazko zapalkuntza eta indarkeriaz ohartzen eta zelan irauli lantzen ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun