Ekintzaileek lohihartzeko jantzi zuriakaz egin dute agerraldia Tosu landan, eta zapatuko manifestazioan horiekaz jantzita ere parte hartzeko deia zabaldu diete auzokideei, "Andra Mariren suntsipenak ekarriko duen kutsadura salatzeko".
Manifestazioa zapatuan, hilaren 16an, izango da, 17:00etatik aurrera, Bidezabalgo metro-geltokitik abiatuta.
T0su Betirako mugimenduak irakurritako oharra:
Jakingo duzuenez azaroak 27an berriro abiarazi zituzten Ibarbengoako parkingaren obrak. Obren hasiera berri hau, orain arteko prozedura guztiak bezala irregulartasunez josita egon da. Alde batetik eusko jaurlaritza ezkutuko akordio batera heldu zen Viviendas de Vizcaya enpresagaz, obra eremua handitu ahal izateko, eta bestetik, Getxoko Udalak landan bertan bizi den auzokideari errolda ukatu dio landan etxolarik ez dagoela argudiatuz.
Obrak abiatzeko segurtasun-hesia
Obra-eremu osoa hesitzeko lanak abiatu dituzte Tosu landan. Oraingoan, inguru osoa hesituko dute beharginek, "auzokideek erabiltzen dituzten ortuak ere bai", ekologistek salatu dutenez. Azken eremu hori Viviendas de Bizkaia enpresarena da eta, dirudienez, Eusko Jaurlaritzak hitzezko akordio lortu du inguru hori hesitzeko ere.
Landa horretan zegoen erresistentzia-kanpaldia hustu zuen Ertzaintzak joan den urriaren 17an, baina lau egun beranduago ekintzaileak Tosu landara sartu ziren berriro. Une horretan, obra-eremutik kanpoko lursail pribatu bat okupatu zuten, eta horren ondorioz, Ertzaintzak ezin izan ditu oraindino horiek kanporatu, proiektuak hartzen duen lekutik kanpo daudelako. Hala ere, obrak berrabiarazteko helburua du Eusko Jaurlaritzak; horretarako, obra-eremua inguratzeko segurtasun-hesi berri bat jartzeari ekin diote bertan, "aurrekoak baino garantia gehiago izango dituena".