Udal-hauteskundeak 2019

Udalerrian "segurtasuna bermatzeko" neurriak proposatu ditu Eduardo Andrade alkategai popularrak

Iker Rincon Moreno 2019ko mai. 20a, 14:31

Eduardo Andrade, artxiboko irudian. © GETXOKO PP

PPk emandako datuen arabera, azken urteetan %76,8 eta %25 handitu dira etxebizitzetako eta ibilgailuetako lapurretak, hurrenez hurren. "EAJren kezka bakarra udalerria polit uztea da bere makroproiektuekin, baina ahaztuta utzi du ongizatea eta gure auzokideen bizi-kalitatea", kritikatu du Andradek.

Hautagai popularraren arabera, segurtasun ezak gora egin du Getxon azken urteetan: "Lapurretak bikoiztu egin dira eta horrek ezinegona ekarri du auzokideen eta merkatarien artean". Horri aurre egin guran, hainbat neurri hartzea proposatu du Andradek.

Polizia-etxe gehiago auzoetan

Popularrak gogoratu du gaur egun Udaltzaingoaren komisaria bakarra dagoela udalerrian. "Algortan dago, auzokide askorengatik oso urrun. Hori dela eta, askok arazoak izaten dituzte kudeaketak egiteko", baieztatu du. Hori dela eta, proposatu du Areetan beste komisaria bat zabaltzea, udaltzainak auzo horretan presente egon daitezen.

Polizia-patruila gehiago kalean

Kaletik doazen patruilak areagotzea ere gura du PPk. "Gertuko eta irisgarria den Udaltzaingoa nahi dugu Getxon. Kotxez doan patruilak bere lana bete dezake, baina benetan kalean dauden udaltzainak behar ditugu. Horrek segurtasuna ematen du eta gaizkileak uxatzen ditu", azaldu du Andradek.

Segurtasun-kamerak puntu beltzetan

Lapurretak eta delituak murrizteko helburuagaz, udalerriko puntu beltzetan segurtasun-kamerak ezartzea proposatu dute baita ere popularrek: "Arazo gehien izan ditzaketen puntuetan polizien jagoletza indartzea da helburua. Segurtasuna bermatzeko beharrezko iniziatiba bat da hori".

Segurtasuna jaietan

Udalerriko jai denetara unitate mugikorrak bideratzea gomendatu du Andradek, horietan beharrezkoak diren salaketak egin ahal izateko. Era berean, kalean edatearen kontrako ordenantza osatuko duela agindu du, udalerriko kaleetan alkoholdun edarien "gehiegizko" kontsumoa murrizteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun