Duisburgeko Munduko Txapelketan Rivero bigarren izan zen sailkapen-saioan. 54.236ko denbora egin zuen, Igor Alex Tofalini brasildarraren atzetik helmugan sartuz, eta Kanada, Hungaria, Japonia, Thailandia eta Alemaniako ordezkarien aurretik bukatuz.
Finalerdian bere emanaldia are hobea izan zen. 53.437ko denbora egin zuen eta bere finalerdian nagusitu zen horrela, Andrii Kryvchun ukrainarra (54.383), Edward Clifton britainiarra, Tamas Juhasz hungariarra, Marius-Bogdan Ciustea italiarra, Anas Al Khalifa alemaniarra, Santi Wantawee thailandiarra eta Yuta Takagi japoniarra gaindituta.
Zapatuan jokatutako finalean getxoztarrak ezin izan zuen dominengatik borrokatu, baina datorren urtean izango diren Parisko Paralinpiar Jokoetan parte hartuko duela ziurtatu du, seigarren amaitu baitu 54.137ko marka bere eginez. Munduko Txapelketako urrea eta zilarra Fernando Rufino de Paulo eta Igor Alex Tofalini brasildarrek eskuratu dituzte, eta brontzea, aldiz, Steven Haxton estatubatuarrak.
“Aurrera egiten saiatu naiz, baina gogorra egin zait azkenean. 100era arte dominen lehian nenbilen, baina haizeagatik eta uragatik, gogorra baitzen, azkenean apur bat pattal ibili naiz. Pozik gaude Paris 2024rako sailkatu garelako; horrela, datorren urtean lan egiteko eta dominen lehian egoteko denbora eta lasaitasuna izango ditugu”, adierazi dio Riverok Espainiako Piraguismo Federazioko komunikazio taldeari proba amaitu ondoren.