Bizkaiko Foru Aldundiak eta Getxoko Udalak Lope de Vegako eraikinen orubean belaunaldien arteko zentroa eraikitzeko akordioa berretsi zutenetik protesta ugari egin dituzte auzokideek Itzubaltzeta/Romon. Izan ere, Ibar Nagusien Etxea elkarteak azpiegitura horietan egiten zituen bere jarduerak eta, eraikinok babesteko asmoz, askotariko ekimenak egin dituzte elkarteko kideek eta inguruko bizilagunek azken urteotan.
Nagusien etxea defendatzeagatik, gaur goizean Getxoko epaitegietan auzokide batek deklaratu du.
— Podemos Getxo (@podemos_getxo) October 16, 2023
Horregatik, gaur berriz ere, Romon elkartu gara.
✊ Gure herria defendatzea ez da delitua! pic.twitter.com/xXRc4tIRj4
Tentsio handiena otsailean bizi izan zen; polizia-dispositibo handi batek auzoa hartu zuen, eraikinak hesitu, langileek horiek hustu eta botatzeko lanak bermatu ahal izateko. Hainbat egunez protestak izan ziren, eta ertzainen eta auzokideen arteko oldarraldiak jazo ziren.
Auzokideak proiektuaren kontra egon arren, belaunaldien arteko zentroa eraikitzeko obrak aurrera doaz; asmoa zen 2024ean irekitzea, baina El Correo egunkariak foru-iturriak aipatuta iragarri duenez, 2025eko erdialdera arte atzeratuko da, "hartu behar izan diren kautelazko neurriengatik".