Santa Eugenia plazatik abiatuta, manifestazioak auzoko kaleak zeharkatu zituen atzo eta, Lope de Vegan, eraikinok bota zituzteneko uneak izan zituzten gogoan, baita momentu horietan bizi izandakoak ere. Besteak beste, eraisketak geldiarazteko asmoz egindako protestetan Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren "neurriz kanpoko" jarrera salatu zuten, "poliziek jendearen protesta egiteko eskubidea eragotzi nahi zuten", eta deitoratu zuten mobilizazio haietako aztarnak oraindino sentiarazten direla, hala nola isunakaz eta epaiketakaz.
Nagusien etxea bota, belaunaldien arteko zentroa egiteko
2023ko otsailaren 13an hasi ziren Lope de Vega kaleko eraikinak eraisteko lanak, baina, auzokideen protesten eraginez, astebete behar izan zuten hondeamakinek martxan jartzeko. Hala, hilaren 20an hasi ziren azpiegiturak botatzen, inguruko gizon eta emakume askok haien ametsak makinon ahoek irensten zituzten bitartean; "haserre geunden, triste, geure etxe izandakoa zelan suntsitzen zuten ikusten", gogoratu zuten atzo bildutakoek.
Eraikinok botata, Getxoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren helburua da belaunaldien arteko zentro bat eraikitzea orube horretan. Azpiegitura horretan adin desberdinetako pertsonak elkarregaz bizitzea da asmoa eta, horretarako, guztira, gazteei begirako 40 etxebizitza eta mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako beste 100 egingo dituzte. Gainera, iturriek gogoratu dute eraikin horren beheko solairuan 283 metro koadroko lokal bat egongo dela, "auzoko adinekoen elkartea etorkizunean bertan birkokatzeko".
Hasiera batean, erakunde bien asmoa zen eraikina 2024 honetan zabaltzea, baina, azkenean, irekiera-data 2025era atzeratuko dela iragarri du Aldundiak. Izan ere, azaldu duenez, obrak martxan hastear zeudela, 2022an, berau epaitegietara eraman zuten auzokideek eta, hasiera batean, eraikinak eraisteko baimena ukatu zuen epaileak. Handik gutxira, baina, 2023ko urtarrilean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak indarrik gabe utzi zuen ebazpen hori, eta azpiegiturak botatzeko baimena eman zion Getxoko Udalari. Epai horrek, besteak beste, lehentasuna ematen zion proiektu berriari hasiera eman beharrak ordezkatzen duen interes orokorrari. Hala, Udalak Aldundiaren esku utzi zituen eraikinak eta, horren aurrean, auzokideek egunero manifestatzeari ekin zioten, 2023ko otsailaren 20an makinak sartu eta eraikinak bota zituzten arte. "Auzoan lekuz kanpo dagoen eta herritarrok nahi ez dugun porlanezko eta kristalezko eraikin erraldoi batek ordezkatuko ditu Lope de Vega kaleko 12ko eraikinak, baina ez dugu ahaztuko", ohartarazi zuten atzoko manifestazioan.
Eraikinak bota dituzte, baina horren ondorioz auzoan sortutako mugimendua goraipatu zuten atzo bildutakoek, "gazteak eta zaharrak, errepresioaren ondorioei aurre egiteko, herrian gertatutakoak salatzeko, geure eskubideak aldarrikatzeko eta ilusioa lagun, sareak sortzen jarraitzeko".
View this post on Instagram