Panda Raid 2024

Matxuren, haize-ekaitzen eta txorizo egosien artean, aurrera doaz Fadurako raiderrak

Hodei Torres · Iker Rincon Moreno 2024ko mar. 9a, 15:46

Orain arteko etaparik gogorrena bizi izan zuten eguenean Fadura LHII institutuko raiderrek Panda Raid orientazio-proban. Bosgarren etapa zen hori, eta, harea-ekaitz baten erdian, hiru kotxeetako bat matxuratu zitzaien. Hura konpontzea lortu arren, ezinezkoa izan zuten ibilbidea guztiz amaitu, eta bidean zegoen herritxo batean igaro behar izan zuten gaua, seigarren eta azkenengo etapari aurre egin baino lehen.

Lehortutako laku gazi batetik abiatuta, abiadura bizian ekin zioten sei ikasle-irakasleek eguenean, martxoaren 7an, Panda Raid orientazio-probaren bosgarren etapari. Harez betetako bideetatik egin zuten aurrera, "oso irudi politak utzitako paisaien artean", diotenez. Hala ere, halako batean, bidearen erdian eta bat-batean, kotxeetako bati gasolinaren bonba matxuratu zitzaion.

Garikoitz Urizar irakasleak azaldu duenez, basamortuaren erdian izan zuten ezbeharra, eta bakar-bakarrik zeuden matxura konpontzeko. Hala, denbora galdu barik, erregai-tanga desmuntatu, bonba atera eta hura garbitzen hasi ziren. Dena dela, konponketa-lanak ez ziren errazak izan, harea-ekaitz baten erdian egin behar izan baitzuten hori.

Hala ere, "arazoei aurpegi onarekin" aurre egiteko asmoz, taldearen erdia konponketa-lanetan ziharduen bitartean, bestea txorizoak egosten aritu zen kotxeetako baten motorraren kolektorean, "aluminio-paperaren barruan, noski!". 

Gauzak horrela, hamaiketako gozoaren eta kotxea konpondu ostean, martxari ekin zioten berriro ere. Baina ezbeharrak ez ziren han amaitu: 70 kilometro inguru aurrera egin ostean, harea-ekaitza zakartu egin zen, eta gidariek ezin zuten metro batetik aurrerago ikusi. "Roadbook-aren indikazioei jarraituta aurrera egin genuen, eta hareazko bidea amaitu ere. Hala ere, ordurako berandu zen, eta konpondutako kotxea ez zihoan guztiz ondo. Hori dela eta, denon segurtasunagatik, bidean zegoen herritxo batean eman genuen gaua", azaldu du Urizarrek.

Kanpamendutik 140 kilometrora zegoen herrixkan deskantsatu ostean, hurrengo etapari aurre egin behar izan zioten atzo, barikuan. Horretarako, irakasleak dioenez, indarrak berreskuratu behar zituzten, "azken etapa delako, eta baita luzeena ere, 600 kilometrokoa. Horri, gainera, egiteke utzi ditugun 140 kilometroak gehitu behar zaizkie". Dena dela, ondo lo egin ostean, "patxadaz eta umorez" ekin diotela iragarri du Urizarrek.

© PANDA RAID

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun