"Irurak Bat" auzia

PSE-EEk, gobernu-taldeko kideak, EAJ kritikatu du, iritzia eman aurretik eraisketaren inguruko informaziorik ez partekatzeagatik

Iker Rincon Moreno 2024ko ira. 13a, 10:09

Getxoko Udalak, gobernu-taldearen izenean (EAJ eta PSE-EE), prentsa-ohar bat argitaratu zuen atzo, eguenean, San Nikolas kaleko 11 zenbakian zegoen "Irurak Bat" eraikina bota zuen enpresari zehapen-espedientea ireki diola jakinarazteko, besteak beste. Sozialistek, baina, ez dute esandako guztiagaz bat egiten, "izan ere, ez dugu aukerarik izan espedientea eta hortik atera daitezkeen xehetasunak ezagutzeko".

Getxoko PSE-EEk deitoratu du prentsa-oharrean esandakoen berri izan zutela hori publikatu baino apur bat lehenago. Hori dela eta, deitoratzen dute ezin dutela horretan esandakoagaz bat egin, denborarik izan ez dutelako espedientearen eta horren nondik norakoak ezagutu.

Sozialistek azaldu dutenez, irailaren 9an, astelehenean, gaiaren inguruko azalpenak eskatu zituzten, espedientea osoaren datuak izan ahal izateko hilaren 19an izango den Lurralde Batzordearen aurretik, "baina hori oraindino ez da gauzatu".

Hori dela eta, PSE-EEren ustez, eskatutako informazioa eman gabe eta irailaren 19ko Batzordearen emaitzaren zain egon gabe prentsa-oharra argitaratzea "EAJren presazko ekintza da". Hala, espediente honetan jasotako xehetasun zehatzak eta horretatik eratorritako jarduerak ezagutzen ez diren bitartean, zuhur jokatuko dutela iragarri dute sozialistek.

Zehapen-espedientea enpresari

Abuztuaren 9an obrak geldiarazteko agindua eman ostean, Getxoko udal-iturriek gaur jakinarazi dute Udalak beharrezko lege-neurriak hartu dituela Atalaya Ereaga kooperatibaren kontra, horrek egin dituen legez kanpoko obren aurrean legezkotasuna berrezar dezan.

Ildo horretan, udal-iturriek azpimarratu dute etxebizitzak eraikitzeko “beste edozein antzeko kasutan” jokatu duen “modu berean” jokatu duela kasu honetan. Era berean, beste behin ere nabarmendu du, enpresa horretako kooperatibista gisa, eragindako zinegotzi biek ez dutela administrazio-prozeduran parte hartu.

Halaber, gogoratu du Udala bera izan zela “Irurak Bat” eraikina udal-zaintzapeko izendatu zuena, 2001eko HAPOren baldintzen arabera. “Horrek esan nahi du Udalak eraikineko elementuak mantentzea edo birgaitzea zaintzen duela, nahiz eta "udal-zaintza" edukitzeak ez duen eragozten eraistea edo osorik birgaitzea”, gogoratu dute iturriek.

Hain zuzen ere, azaldu dute legezkotasuna berrezartzeko espedientea ez dela ireki lehendik dauden eraikuntza-elementu batzuk zati batean eraisteagatik, baizik eta hasieran aurkeztutako proiektura (eraikinaren zati bat mantentzearen alde egiten zuena) ez egokitzeagatik, “aurretiazko lizentzia urratuz”.

Udalak gogoratu du promotoreak aurkeztutako proposamenari lotutako lizentzia eman zela. Hala ere, eraikineko elementu batzuen erorketen ondoriozko arrisku larria argudiatuz, zuzendaritza fakultatiboak, aldez aurretik Udalari jakinarazi gabe, birgaitu beharreko eraikineko hiru hormak eraisteko agindu zuen, hasieran partzialki babestu beharrekoak.

Hori horrela, eraikin osoa bota dutenez, berriro altxatzerakoan, eraikitzeko unean indarrean dagoen araudi aplikagarria bete beharko duela ohartarazi du Udalak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun