"Irurak Bat" auzia

EH Bilduk "Irurak Bat" eraisteko espedientean parte hartuko du eta Fiskaltzari gertatutakoaren berri emateko eskatu dio Udalari

Iker Rincon Moreno 2024ko ira. 13a, 10:29

Algortako San Nikolas kaleko 11 zenbakian zegoen "Irurak bat" eraikina eraisteagatik hirigintzaren legezkotasuna berrezartzeko espedientean bertaratzea erabaki du EH Bilduk. Horrela, koalizio soberanistak "hirigintza araudian aitortutako ekintza publikoa gauzatzeko" espedientean parte hartuko du, eraisketagaz zerikusia duten irregulartasunei buruzko informazioa lehen eskutik lortzeko eta, horren arabera, "dagozkion neurriak hartzeko". Era berean, Udalari eskatu dio dokumentazio guztia Fiskaltzaren esku uzteko, "gertakariak legez kontrakoak edo penalak izan daitezkeelakoan" iker dezan.

Hori guztiaz gainera, enpresa sustatzaileari espedientea ireki diezaiola eskatu dio koalizio abertzaleak Getxoko Udalari, "gure ondare historikoaren eraispena zigorrik gabe gera ez dadin", eta kontrol eta ikuskapen neurriak hartzeko ere exijituko dio, "etorkizunean horrelako egoerak berriro gerta ez daitezen".

EH Bilduk gogoratu duenez, "Irurak bat" eraisteko lanak otsailean hasi ziren, 2022an Udaleko Gobernu Batzordeak bertan luxuzko 12 etxebizitza eraikitzeko baimena eman ondoren. Proiektuak eraikinaren zati bat berritzea eta horren aurrean itxura modernoagoko beste bat eraikitzea aurreikusten zuen. Hala ere, astez aste eraikina apurka-apurka eraisten joan zirela deitoratu du, abuztuaren hasieran "Irurak bat" erabat bota zuten arte. Horren aurrean, enpresak argudiatu du eraikina bota behar izan zutela "segurtasun arrazoiengatik eta erortzeko arriskuagatik". Hala ere, gogoratu beharra dago hori Udalaren baimenik gabe egin zuela, eta horretarako lizentziarik gabe. Hori horrela, eraikina udal-zaintzapekoa zenez, Udalak obrak geldiarazi zituen abuztuaren 9an.

Une horretan, EH Bilduk azaldu du espedientearen kontsulta eskatu zuela, eta, "hasierako proiektua betetzen ari ez zela eta irregulartasunak egon zitezkeela ikusita", galdera erregistratu zuen Lurralde Batzordean, irailaren 19an antolatuko dena. Bertan, EH Bilduk eskatuko du Udalak orain arte egindako urrats guztien berri ematea, enpresari zigor espedientea hastea eta gainerako irregulartasunak argitzea. Era berean, EH Bilduk EAJko zinegotzi bik luxuzko etxebizitzen kooperatiba sustatzailean duten parte-hartzea ere argitu gura du, horren arabera erabakiak hartu ahal izateko.

Eraikin historikoen galera

"Irurak Bat" eraikina bota ondoren, EH Bilduk deitoratu du hori ez dela gertaera isolatua Getxon: "Azken urteotan dozenaka eraikin historiko eta berezi eraitsi dira gure udalerrian, hala nola Algortako haurtegi ohia, Arrigunagako jaitsierako eraikinak, Ollarretxeko baserria edota Romoko Nagusien Etxea hartzen zuten Lope de Vegako eraikinak". Horren aurrean, EAJk, PPk eta PSE-EEk behin-behinean onartutako Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berriak ildo beretik jarraitzea aurreikusten duela deitoratu du koalizio abertzaleak, "Getxoko hainbat gunetan hainbat baserri eta eraikin historiko eraitsiz, San Nikolas kalea bera barne". Hala, EH Bilduk presio egiten jarraituko duela iragarri du, "ondare historikoa espekulaziotik eta eraikuntza masibotik babesteko".

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun