"Irurak Bat" auzia

Elkarrekin Podemosek Getxon eraitsitako "Irurak Bat" eraikinaren espedientea eskatu du eta Udalari auzibidea irekitzeko eskatu dio

Iker Rincon Moreno 2024ko ira. 13a, 12:48

Gaur goizean EH Bilduk iragarri bezala, Elkarrekin Podemosek ere jakinarazi du eskatu duela bai zinegotzi arduradunak bai espedientearen ardura duten teknikariek xehetasunez jakinarazi ditzatela aurrekariak eta gertatutakoa, dagokion espedientean dauden agirien eta egintzen erreferentzia kronologikoa barne. Era berean, Udalari auzibidea abiaraztea eskatu dio.

Elkarrekin Podemosen ustez, udal-gobernuak –PSE-EEk ez du bat egin esandakoagaz– atzo eman zituen azalpenak "berandu" iritsi ziren, eta, gainera, ondarearen aurka egindako legezkontrakotasunaren errugabetzea adierazi zuten; izan ere, talde moreak azpimarratu duenez, komunikatuan behin eta berriz aipatzen da legezkotasuna lehengoratzea, proiektua aldatuz eta jauregia berreraikiz, "eta hori, oraintxe bertan desiragarria izan arren, ez du jatorrizko eraikinaren galera konpontzen". Gainera, salatu du udal-gobernuak ez duela inoiz deitoratu ondarea galtzeak dakarren larritasuna. "Ondare hori gehiago txikituko da EAJk, PSE-EEk eta PPk HAPOa onartu ondoren", azpimarratu du.

Horrez gainera, eraikina bota zuen kooperatibak azpiegitura eraisteko emandako aitzakia nahikoa ez dela deitoratu du: "Bere eginbeharra horma horiek zutik mantentzea zen. Berreraikitzeko konpromiso hutsak ez du eragindako kaltea konpontzen".

Horregatik guztiagatik, Elkarrekin Podemosek udal-gobernuari eskatu dio auzia justiziaren aurrera eraman dezala, baita udalerriko ondare babestuaren aurkako delitu penal gisa ere, eta zigor eredugarria sor dezala.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun