Zein izan zen Bagara Nor mugimenduaren abiapuntua?
Getxoko Udalak udaltzainen lan-eskaintza batean hamar lanpostutik erdiari bakarrik ezarri nahi zien hizkuntza eskakizuna, eta horrek piztu zuen lehenengo kezka. Horrek ekarriko zuen herritarren hizkuntza eskubideak beste urte askotan urratzen jarraitzea. Horren aurrean, hainbat herritar mobilizatzen hasi ginen, eta manifestazio bat ere egin genuen. Baina momentu hartan bertan konturatu ginen ez zela nahikoa erantzun puntual bat ematea: euskalgintza indartu eta beste pauso batzuk eman behar zirela.
Zein testuingurutan kokatzen duzue ekimen hau?
Azken urteotan hainbat sententzia eta erabaki etorri dira euskararen aurka, eta hori oldarraldi moduan bizi dugu. Testuinguru horretan sortu zen Bagara Nor dinamika, herritar moduan sentitzen genuen ezintasunetik eta erantzun behar horretatik.
Hasieran, bilera irekiak egin genituen, eta hortik sortu zen talde bat. Gaur egun, 10 bat lagun biltzen gara modu erregularrean, baina badugu kontaktu sare zabalago bat. Parte-hartzea gaur egun likidoagoa da eta jendeak modu puntualean ere parte hartzen du, bakoitzak ahal duenaren heinean.
Zein da zuen diagnostikoa gaur egungo egoerari buruz?
Ezin dugu pentsatu egoera onean gaudenik, lehendik ere euskaraz bizitzeko hainbat traba baikenituen, baina egoera okertzen ari dela ikusi dugu. Arazoa da egoera hori normalizatuta daukagula: euskara hizkuntza gutxitua izatea normaltzat hartu dugu, eta hori ez litzateke normala izan behar; euskaldunok askotan asumituta daukagu erdarara pasa behar dugula.
Beraz, euskararen aldeko kontzientzia piztea da zuen ardatz nagusietako bat,ezta?
Bai, askok uste dute berdin bizi daitezkeela euskaraz zein gaztelaniaz, baina hori ez da egia. Aukera berdinak ez ditugu. Euskaldunok bigarren mailako herritarrak bezalakoak gara askotan, eta hori problematizatu behar da. Gizarteak ulertu behar du hemen arazo bat dagoela.
Zein da instituzioen eta herri mugimenduaren arteko harremana?
Biak beharrezkoak dira. Herrigintzak bultzada ematen du, eta instituzioek ere erantzun behar dute. Feminismoaren kasuan bezala, mugimendu sozialak bidea irekitzen du eta instituzioek jarraitu behar dute.
Pribilegioen diskurtsoaz ere hitz egin duzue…
Bai, sektore batzuetatik sortu da diskurtso bat euskaldunak pribilegiatuak garela esanez. Baina kontrakoa da: hizkuntza gutxitu baten parte gara, eta euskaraz bizitzeko ahalegin handia egin behar dugu. Diskurtso hori faltsua da, eta desmuntatu egin behar da.
"Garrantzitsua da ulertzea ez dela egia denok dakigula baina gutxi erabiltzen dugu esatea: askok ezagutza mugatua dute edo gaztelaniaz erosoago moldatzen dira, eta horregatik erabiltzen dute gehiago"
Zeintzuk dira zuen lan-ildo nagusiak?
Batetik, euskarak bizi duen egoeraren inguruko kontzientzia piztea. Bestetik, euskaltzaleak saretzea. Eta baita prestakuntza sustatzea ere, jendeak hizkuntzaren egoera zein den ulertu dezan. Garrantzitsua da ulertzea ez dela egia denok dakigula baina gutxi erabiltzen dugu esatea: askok ezagutza mugatua dute edo gaztelaniaz erosoago moldatzen dira, eta horregatik erabiltzen dute gehiago.
Zeintzuk dira orain arte burutu dituzuen ekintza esanguratsuenak?
Udaltzainen lan-eskaintzaren harira mobilizazioak egin genituen. Gero, abenduan, Euskararen Egunaren bueltan ekimen bat egin genuen Portu Zaharrean, euskaldunok oztopoekin bizi garela irudikatzeko. Asanbleak ere egin ditugu jendea biltzeko eta parte hartzea sustatzeko, eta hitzaldiak antolatu ditugu, adibidez Garikoitz Goikoetxearekin.
Gure helburua herri mailan dauden hutsuneak identifikatzea eta horietan eragitea da: kultura eskaintza, kirola, aisialdia… Non dagoen euskara eta non ez identifikatu eta horren inguruan ekintzak antolatzea. Hortik abiatuta, kanpainak edo ekimen gehiago egiteko asmoa dugu. Ez dugu inoren aurkako gerra egin nahi, baizik eta herrian euskarak dituen beharrak identifikatu eta aldarrikatu.
Aurrera begira, apirilerako bilera bat antolatu nahi dugu eta martxorako ere zerbait prestatzen ari gara. Helburua da pixkanaka pausoak ematea da, ekintza txikiekin baina eraginkorrak izan daitezkeenak. Ez dugu frustratu nahi helburu handiegiak jarrita.
Azkenik, zer mezu helarazi nahiko zeniekete herritarrei?
Hemen badagoela kezka eta beharra. Euskarak bultzada bat behar du, eta hori guztion artean egin behar da. Parte hartzeko modu asko daude: ekimenetara etorri, zabalkundea egin edo ideiak eman. Garrantzitsuena da mugimendua piztea.