Tranbiaren proeiktua bertan behera uztea ez du baztertzen Leioako Udalak

Iker Rincon Moreno 2017ko aza. 15a, 10:36

Sabino Arana kalea, Leioan, artxiboko irudian.

Une honetan, EHUko tranbia egiteko proiektuaren gainean "gogoeta egiten" dabiltzala aitortu du Leioako alkatea den Mari Carmen Urbietak. Tele7 hedabidean egindako elkarrizketan; izan ere, auzokide eta merkatari batzuen aldetik egitasmo horren kontrako jarrera "sumatu" dute agintari leioaztarrek. Amaitzear daude Sabino Arana kalea urbanizatzeko obrak; bertatik igaro beharko luke tranbiak.

Urbietaren berbetan, momentu honetan, garraiobide hori abian ipintzeko proiektuari "azken ukituak ematen" dabil Leioako Udala, Eusko Jaurlaritzagaz. Hala ere, Sabino Arana kaleko auzokideakaz eta merkatariakaz izandako batzarretan, horietako askok tranbia "mehatxutzat" jotzen dutela esan du alkateak. "Kale hori oinezkoentzat izan beharko litzatekeela argi daukagu Udaleko alderdi politiko gehienok; hori horrela izanda, tranbiak segurtasun-arazoak ekarriko lituzkeela uste dute leioaztar askok. Gainera, kalea aisialdiaz gozatzeko aprobetxatu beharko litzatekeela uste dute bizilagunek eta saltzaileek", azaldu du agintariak. Urbietaren arabera, "horrek denak gelditzera behartu gaitu, jendeari egitasmoa kaltegarria ez dela ikustarazten saiatzeko edo beste aukera batzuk aztertzeko".

Urteak daroatza proiektuak mahaigainean; hala ere, Eusko Jaurlaritzak 2016ko maiatzaren 31n eman zion oniritzia ETS Euskal Trenbide Sarearen eta Leioako Udalaren arteko elkarlanari; Sabino Arana kalea konpondu ostean, tranbia ipintzeko lanak egiteko. Baina, "bizilagunen aurkako iritziaren ostean", garraiobide hori alde batera utzi eta egon daitezkeen beste aukerei buruz "hausnarketa egiteko" prest agertu da Urbieta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun