Indarrak batu eta Leioa Bizigarri herritarren koordinakundea sortu duten eragileak honako hauek dira: SOS Kurkudi Plataforma, Avanzada lurperatzeko eskatzen duen Barrios Conectados plataforma, Las Vegas Iparragirre zeharkaleko auzo-elkartea eta Lamiako Txopoeta Bizirik plataforma.
Atzo publiko egin zuten manifestuan azaltzen dutenez, Leioako auzoetako arazo eta aldarrikapenak modu bateratuan azaltzea eta hedatzea da euren helburuetako bat; "gure aldarrikapenen diskurtso partekatua defendatu eta zabaldu gura dugu".
Aditzera eman dutenez, Leioan "kronifikatutako" hainbat arazo daude, batzuk 40 urteren ostean oraindik konpondu gabe jarraitzen dutenak. Hauek dira beraiek plazaratu dituzten kezka nagusietako batzuk: udalerria zatitzen duen Avanzada, hirigunetik urrun dagoen garraio publiko eskasa, 200.000 metro koadro dituen merkataritza gune handien "paradisua", sakabanatuta eta udalerriko lursail handiak artifizial bilakatu dituen hirigintza-eredua, auzoen araberako zerbitzuen desberdintasun handiak, ikastetxe pribatu asko eta hirigunean institutu bateratu baten gabezia eta 32.000 leioaztarrentzako kirol-instalazio duin baten falta.
Halaber, datozen hirigintza-egitasmoek aipatutako arazo horiek okertuko dituztelakoan daude. Hori dela eta Leioarentzako hainbat egitasmo zalantzan jarri dituzte, hala nola Lamiako-Txopoeta inguruko hirigintza egitasmoa, Avanzada estaltzea lurperatu beharrean, Kurkudiko kiroldegi pribatua, Las Vegas auzoaren abandonua edo itsasadarraren azpiko tunela. "Hirigintza hedakorreko ereduei erantzuten dieten proiektuak dira, beste garai batzuetakoak, gaur egungo hirigintza berriak zalantzan jartzen dituena, natura-ingurunea babesteko politiketan oinarritzen baita", argudiatu dute.
Beraien ustez proiektu horietako asko ekimen pribatutik eta higiezinen sektoretik datoz, "ez Leioaren beharrizanen hausnarketa arrazional batetik". Diotenez, kezkaz ikusten dute egitasmo horiek ingurumen naturalean eragiten ari diren urbanizazioa eta antropizazioa.
Hori guztia kontutan hartuta, beraien helburua da alderdi politikoen udal-kudeaketan eragitea, "benetan herritarren erakundeak kontuan har ditzaten, jakintzaren eta hurbileko bizikidetzaren eta auzoetako arazoen benetako eramaile bezala, bizilagunok Leioari eragiten dioten erabakien parte izan gaitezen".