Ekologistak Martxan erakundeak Leioako Udalak Lamiakon egindako ingurumenaren kudeaketa txarra salatu gura izan du Bandera Beltzaren izendapen horregaz, itsasadarrean geratzen den hezegune bakarraren leheneratze partziala bakarrik aurreikusten duelako. Ohartarazi dutenez, Udalaren proiektuak aurreikusten du hezegunearen gainontzeko azaleran parke bat eta etxebizitzak eraikitzea.
2024ko Bandera Beltzen txostenean azaldu dutenez, ingurumen horretarako hainbat proposamen izan eta gero, Leioako Udalak egitasmo bat aurkeztu zuen, besteak beste, bertatik pasatzen den metro-linearen lurperatzerako, itsasadarraren ondoan hiriko berdegune handi bat sortzeko eta Gobela ibaiaren bokalean birmoldaketa.
Lamiako Txopoeta Bizirik plataformak eta Ekologistak Martxan elkarteak salatu dutenez, "Udalak adostutakoaren arabera, berreskuratua izan beharko litzatekeen hezeguneko zonaldea uholde-eremuaren erdira baino gutxiagora murriztuko lukete, Leioak duen beste parkeetako bat eraikitzeko". Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiak itsasadarreko errepidean bidegorria ere egin duela gogoratu dute, eta horrek ere ez duela inguru horretarako inolako birnaturalizazio-prozesurik kontuan hartu.
Azpimarratu dutenez, konponbidea izango litzateke, "Legea ez urratzea eta urpean gera daitekeen eremu osoa edo marearteko eremu osoa padura berreskuratzeko erabiltzea".