Hiru hilabete igaro dira Stellantis multinazionalak lantegia ixteko asmoa eta 144 lan-kontratuak bertan behera uzteko prozesua hasteko asmoa zuela jakinarazi zienetik. Ordutik, batzordeak adierazi duenez, "Stellantiseko zuzendaritzagaz zuzeneko komunikazioa izateko enpresa batzordeak egindako ahalegin guztiak alferrikakoak izan dira".
Horregatik, batzordeak atzo Eusko Jaurlaritzagaz egindako bileran, lantegiari etorkizuna ziurtatuko dioten alternatiben bila lan egiteko asmoa azaldu zuen, Stellantisek dituen asmoak alde batera utzita. Hala, azaldu dio ez dagoela prest geldirik geratzeko kaleratzeen zain, eta, horregatik, bideragarritasun-plan bat aztertzeari ekin dio, etorkizuna ziurtatuko duen irizpide ekosozialakaz.
Gainera, Eusko Jaurlaritzari exijitu diote batzordeari aktiboki laguntzeko Mecanerrentzat alternatiba bat bilatzeko. Interpelazio horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak adierazi du batzordearen proposamena aztertzeko prest dagoela. Era berean, batzordeko ordezkariek deitoratu dute espero dutela ekintza hori "hitz politetan" ez geratzea.
Halaber, Mecanerreko langileek borrokan jarraitzen dute, eta datorren astelehenean Gasteizko Legebiltzarrera joango dira alderdi politikoen aurrean Stellantisen asmoen berri ematera eta Mecanerren itxieraren kontra euren lantokia defendatzera.
Hamargarren #greba eguna #Mecaner|en, #Urduliz|eko lantegia salbatzeko borrokan
— ELA Eskumaldea (@ELAEskumaldea) December 5, 2023
📢Mecaner EZ itxi‼️ #MecanerSalbaDezagun
📲 https://t.co/GzWwIMXqF8 pic.twitter.com/FvHUPoTd6J