Sanchez eta Zulueta auziperatu dituzte makrosumario berrian

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 22a, 17:15

Oscar Sanchez, ezkerrean, iaz bere abokatuagaz, Guardia Zibilak Salve kasernara deklaratzera deitu zuenean.

Oskar Sanchez eta Arantza Zulueta abokatu itzubaltzetar eta lemoiztarra daude Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko instrukzio-epaileak gaur auziperatu dituen 47 euskal herritarren artean. Magistratuak denei leporatu die ETAko kide izan edo bera laguntzea eta maiatzaren 10erako deitu ditu lehen deklarazioa hartzeko. Presoen aldeko mugimenduetan lan publikoa egin dute auziperatu gehienek.

Dozenaka militante independentista Auzitegi Nazionalean epaitzera eroan dezakeen 11/2013 makrosumario berri hau Xake, Mate eta Pastor operazioen emaitza da, hirurak Eloy Velasco epaileak agindutakoak "ETAren espetxe frontea" desantolatzeko. Polizia-operatiboak 2013ko irailean, 2014ko urtarrilean eta 2015eko urtarril eta martxoan egin zituzten. Oskar Sanchez itzubaltzetarra eta Behatokiko abokatua 2013ko irailean atxilotu zuten, beste 17 abokatuakaz batera, Herriraren aurkako operazioan. 600 auzotarrek baino gehiago eskatu zuen bere askatasuna; fidantzapean kaleratu zuten. Arantza Zulueta lekeitiarra eta Lemoizko bizilaguna izandakoa espetxean dago gaur egun, epaiketaren zain Auzitegi Nazionaleko epaileek 19 urteko espetxe-zigorra eskatu dizkiotela beste sumario batean.  

Velascok "erakunde terroristako kide" izatea leporatu die denei, Naia Zuriarraini izan ezik, berari "erakunde terroristari laguntzea" egotzitza. Epailearen bertsioaren arabera, "espetxe fronte" horretako kideek "ondo zekiten ETArekiko egiturazko dependentzia" zutela, eta haien jarduerak "ETAren helburuei" erantzuten ziela. Herrirari dagokionez, Amnistiaren Aldeko Batzordeek eta Askatasunak utzitako "antolaketa hutsunea" bete zuela dio epaileak. Horretaz gainera, auzi ekonomikoa sartu die abokatuei eta Herriragaz lotutakoei. Zergarik ez ordaintzea eta dirua zuritzea egotzi diete abokatuei, eta langileen segurtasunaren aurkako delitua Herrirari.

Auziperatuen zerrenda

Bitartekari taldekoak: Jose Luis Campo, Asier Aranguren, Aitziber Sagarminaga, Egoitz Lopez de Lacalle, Aintzane Orkolaga eta Jose Miguel Almandoz.

Herriragaz lotutakoak: Oskar Sanchez, Fran Balda, Amaia Esnal, Eneko Ibarguren, Ekain Zubizarreta, Roberto Noval, Ibon Meñika, Jose Antonio Fernandez, Gorka Gonzalez, Jon Garai, Sergio Labaien, Jose Manuel Ugartemendia, Eneko Villegas, Nagore Garcia, Jesus Mari Aldunberri, Beñat Zarrabeitia, Ane Zelaia, Imanol Karrera, Jon Mindegiaga, Jabier Carballido, Nagore San Martin eta Emilie Martin.

Jaiki Hadiko kideak: Fernando Arburua eta Oihana Barrios.

Etxerat elkartekoak: Izaskun Abaigar eta Nagore Lopez de Luzuriaga.

Bestelako abokatuak: Arantza Zulueta, Jon Enparantza (zuzendari graduan), Alfonso Zenon, Kepa Manzisidor, Eukene Jauregi, Ane Ituiño, Aier Larrarte, Ainhoa Baglietto, Arantza Aparicio, Onintza Ostolaza, Haizea Ziluaga, Amaia Izko, Jaione Karrera eta Atxarte Salvador. Eta Naia Zuriarrain (abokatuen bulegoko langilea).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun