Komunikabideei bideratutako Googleren dirulaguntza jaso du HIRUKAk

HIRUKA 2020ko abu. 6a, 10:57

HIRUKA komunikazio-taldeak 5.000 dolarretako dirulaguntza jaso du, Kazetaritzaren Larrialdirako Laguntza Funtsaren bidez (Journalism Emergency Relief Fund). Funts hori sortzeko ekimena COVID-19aren osasun-larrialdiak eragin du, eta munduko hedabide ertain eta txiki denetara zuzenduta dago.

Joan den apirilean egin zuen deialdia Google enpresa estatubatuarrak, pandemiaren erdi-erdian, kazetariei bideratutako Google News Initiative ekimena baliatuta. Enpresak azaldutakoaren arabera, tokiko albiste originalak indartzea izan da laguntzaren helburuetako bat. Hala, deialdiak eskaera asko jaso ditu; 12.000tik gora. Horiek denak aztertu ondoren, dirulaguntza jasoko dutenen artean dago HIRUKA.

Ia egun batetik bestera gure bizimoduak hankaz gora jarri ditu koronabirus batek. Askoren osasuna eta bizitza bera kolokan jarri ditu COVID-19ak, hasteko. Hedabideontzat ere ez dira garai gozoak. Ondorioak beste batzuentzat bezain berehalakoak izan ez badira ere, pandemiak euskarazko toki-komunikabideei ekarriko digun kaltea ez da txikia izango: abuztura bitartean sektoreak 2,5 milioi euroko galerak izango dituela aurreikusi dugu, noiz eta gure lanaren beharra inoiz baino agerikoagoa denean.

Pandemia izan dugu ia berbabide bakarra hilabete bitan (eta oraindino ere denon ahotan segitzen du), baina hain da handia gaitzak gizartearen alderdi denetan duen eragina, eta hain azkar datoz aldaketak, etengabe informatzeko beharrak inoiz baino ahalegin handiagoa eskatzen baitigu HIRUKAko langileoi. Uribe Kostan koronabirusak dituen ondorioen berri ahalik eta zorrotzen emateaz gain, derrigorrezko konfinamendua arintzeko edukiak eskaintzeko eta jarduerak proposatzeko konpromisoa hartu genuen HIRUKA egiten dugunok. Hiruka.eus-en koronabirusaren datuak modu garbian erakusteko askotariko grafikoak garatu dira, narrazio molde berriak erabili ditugu, kirola egiteko proposamenak zabaldu ditugu, film laburren lehiaketak antolatu ditugu eta orrialde bereziak sortu dira informaziora eta entretenimendura bideratuta, besteak beste. Gainera, lantaldea webgunera begira indartu egin da; produkzioa handitu da, ordutegia zabalduz eta azken orduko informazioari garrantzia emanez.

Ikus daitekeenez, gertuko informazioak berebiziko garrantzia izan du, eta hala erakusten du, berbarako, hiruka.eus-eko bisiten igoera nabarmenak. Googlek garrantzia eman dion datuetako bat izan da hain justu webgunearen trafikoarena. Urtarril eta otsaileko datuak martxo eta apirilekoakaz alderatuz, gure bisitak %53,5 igo dira.

HIRUKA aldizkarian ere COVID-19ak eragin handia izan du. Ekainera arte, pare bat hilabetez, eremu digitalean konfinatuta egon gara, behin-behinean papereko edizioa etenda. Denbora tarte horretan, segurtasun-arrazoiengatik, ezinezkoa zitzaigun Uribe Kostako 500 puntuetan banaketa egitea; ondorioz, urteko diru-sarreretan galera nabarmenak izatea aurreikusi dugu. Bitartean, gertuko istorioak ekarri ditugu erreportaje eta elkarrizketen bidez. Horien bitartez, pandemiak jotako eremu denak azaleratzeko esfortzua egin da: udalerriz udalerriko egoera, datuak, merkatarien errealitatea, gabeziak, atzerrian bizi direnak, jaiak, langabeak...

Googlek egindako ekarpenak zertan lagunduko ligukeen zehazteko, HIRUKAk azaldu du Larrialdirako Laguntza Funtsari egindako eskaeraren helburua izan dela baliabideak lortzea, nork bere etxetik modurik eta duinenean lanean jarraitu ahal izateko. Izan ere, oraindino ere ezinezkoa zaie langileei bulegoan lan egitea, osasun-neurriak betetzeko mugak direla eta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun