Eguena, azaroaren 25a, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da. Egun horretako mobilizazioez gain, eskualdeko udalerrietan hainbat jarduera antolatuko dituzte egunotan, indarkeria matxista salatzeko kasu gehienetan, baina hausnarketarako eta eztabidarako ekintzak ere izango dira.
Besteak beste, eskualdean Erandio, Berango, Urduliz eta Plentzian egitarau oparoak antolatuko dituzte egunotan –loturetan ikusi daitezke herri bakoitzeko programa, egunez egun–.
Berbarako, Getxoko Udalak labirinto bat jarri du Arretako Xake plazan, indarkeria matxista desagerrarazteko gizonek duten zereginari buruz interpelatzeko helburuagaz. Gainera, 2019an hasitako kanpainaren jarraipen gisa, Getxoko merkatarien elkarteek bat egin dute Indarkeria Matxistarik Gabeko Guneen Sareagaz, eta dendariak gonbidatu dituzte beren erakusleihoak beltzez janztera, azaroaren 22tik 28ra.
Ildo berean, Barrikako Udalak mikromatxismoei eta genero-indarkeriari buruzko gidaliburu bi argitaratu ditu: bata, Zertaz ari gara indarkeria matxistaz hitz egiten dugunean? izenekoa, eta, bestea, Mikromatxismoei buruzko gida bat.
Azaroaren 25eko elkarretaratzeak Uribe Kostako udalerrietan:
- Leioa: 12:00etan, Boulevardean; eta 19:30ean, Boulevardean, Sutea Leioako Gazte Talde feministak deituta.
- Erandio: 12:00etan, Josu Murueta plazan eta Irailaren 23 plazan, eta, 19:00etan, Euskadi plazan
- Barrika: 12:00etan, Emakumezkoen biribilgunean.
- Plentzia: 12:30ean udaletxean; eta 19:30ean Gorlizko udaletxetik Plentziako Ontziola plazara.
- Gorliz: 13:00etan, udaletxean; eta 19:30ean Gorlizko udaletxetik Plentziako Ontziola plazara.
- Lemoiz: 13:30ean, udaletxean.
- Sopela: 19:00etan, elkarretaratzea udaletxean; ordu berean, manifestazioa egingo dute.
- Urduliz: 18:30ean, kultur etxean.
- Getxo: 19:00etan, Xake plazan, Kresala taldeak deituta; 19:30ean, Bizkaia zubiko puntu morean, Gizatiarrek antolatuta; eta 20:00etan, Telletxe plazan, Algortako mugimendu feministak deituta.
- Berango: 20:00etan, Berangoeta kultur etxean.