Saioa Sanchez epaituko dute bihar Auzitegi Nazionalean

Iker Rincon Moreno 2018ko eka. 5a, 12:39

Saioa Sanchez, 2015ean estraditatu zutenean. © ESPAINIAKO POLIZIA NAZIONALA

Bihar hasiko da Saioa Sanchez Iturregi preso berangoztarraren aurkako judizioa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Beragaz batera, Bea Etxebarria eta Iñigo Zapirain euskal preso politikoak ere epaituko dituzte, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak (AAEAM) zabaldu duenez.

Bihar hasiko den epaiketa horretan Sanchezi eta beste bi presoei leporatuko diete 2006an INEM erakundearen Bilboko bulego bat leherrarazi izana. 2015ean epaitu zituzten horregatik, baina hurrengo urtean Espainiako Auzitegi Gorenak auzi horren epaia bertan behera utzi zuen, Auzitegi nazionalak ez zituelako ikertu Etxebarriak eta Zapirainek pairatutako torturak. Hala, epaiketa errepikatzea agindu zuen Gorenak. Aurretik, 2014an Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Erresuma zigortu zuen, Etxebarriak 2011n salatutako torturak eta sexu-abusuen "ikerketa sakona eta eraginkorra" ez egiteagatik. Inkomunikatuta egon zen, Guardia Zibilaren esku. Etxebarriak baginan eta ipurdian objekturen bat sartu izana, poltsakaz hainbat bider ito izana eta heriotza-mehatxuak salatu zituen, besteak beste.

Joan den apirilean, Frantziak Sanchez estraditatu zuen, Espainiak berriro ere epai zezan. Sanchez 28 urteko zigorra betetzen dabil Estatu frantsesean eta epaiketa bukatuta hara eroango dute berriz. Oraingo epaiketan 15 urteko espetxe-zigorra eskatuko du fiskalak berarentzat eta beragaz batera epaituko dituzten Bea Etxebarria eta Iñigo Zapirain bilbotarrentzat ere.

Auzitegi Nazionala eta TOP

AAEAMek salatu du Frankismoan sortu zutela Ordena Publikoaren Auzitegia (TOP), eta frankismoa eta gero izena Auzitegi Nazionalaren ordez aldatu ziotela, "operazio estetiko baldarrean. Eta epaitegi horrekin egin bezala, gauza berbera egin zuten Estatu espainolaren gainontzeko erakunde eta ordezkariekin ere, epaileetatik polizietaraino, Gobernutik botere ekonomikoetaraino, Francoren ideien ordezkaritza egiten duten alderdietatik sistema ustel horren kudeaketan parte hartzearen truke herria traizionatu eta saldu zuten alderdietaraino".

Hala, amnistiaren aldekoek arbuiatu dute Auzitegi Nazionaletik "milaka" euskal herritar pasatu izana, asko eta asko "bertako epaileen aurrean apurtu, kolpatu eta umiliatu" dituztenak. Oroitarazi dutenez, Bea Etxebarriak aurreko epaiketan kontatu zuen komisariatik atera zutenean epaileari azaldu zizkiola pairatutako torturak, eta epaileak "euria entzuten duena bezala" jokatu zuela salatu zuen.

Errepresioaren aurkako erakundearen ustean, tortura, "ez da euren onetik kanpo zeuden zenbait funtzionariok aurrera eroandako praktika izan, baizik eta disidenteak zigortzeko makinaria oso baten emaitza. Makinaria horren parte dira poliziak, baina baita epaileak, fiskalak, epaitegietako auzi-medikuak, polizien aurrean kikiltzen diren ofiziozko abokatuak, bitarteko horiek denak bermatzen dituzten politikariak eta, nola ez, torturaren aldeko iritzia sortzeko ezinbestekoak diren enpresari handien komunikabideak ere".

Ildo beretik, AAEAMek gogora ekarri du 50 urte igaro direla Txabi Etxebarrieta ETAko sortzaileetako bat hil zutenetik: "Faxismoaren aurka borroka egiteagatik lapurtu zioten bizitza. Bost hamarkada beranduago gudariak zigortzen jarraitzen dute Txabik borrokatu zuen sistema berberari aurre egiteagatik eta askatasunaren alde aritzeagatik".

Hala, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak bere elkartasuna adierazi die Saioa Sanchez, Bea Etxebarria eta Iñigo Zapirain "gudariei" eta eskerrak eman dizkie "Euskal Herriaren askatasunaren alde erakutsitako jarrera eredugarriagatik". Bestalde, eragile horrek adierazi du ez diola Auzitegi Nazional espainiarrari inolako zilegitasunik onartzen "borrokalari iraultzaileak". Azkenik, amnistia aldarrikatu dute, "gudariak direlako".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun