Aratusteak, gurean
Aurreko aste-akabu bietan, oro har, ospatu dituzte uribekostarrek Aratusteak hemen, Inauteriak han, Inauteak nonbait. Gogoak aginduta jantzi dira urliak, sandiak eta berendiak; mozorrotu batzuk, benetako izaerari gorazarre eginez besteak. Ohiturak eta tradizioa ezagutarazi eta hurbiltzeko asmoz irten dira hainbat lekutan, tradizioari barrez beste zenbait txokotan.
Mozorro-jaiaren azkenengo geltokia: Danontzat gaztetxeko inauteri tematikoak
Munduko herriak gogora ekarriko dituzte hilaren 20an, zapatuan, Plentziako Danontzat gaztetxean. Egun horretan, munduko puntu guztietatik "etorritako" lagunak hurbilduko dira gune autogestionatura, VIII. Inauteri Tematikoak direla-eta. Egun osoko egitaraua prestatu dute horretarako, 13:30etik hasita: triki-poteoa, bazkaria, bingoa, antzerki-saioak eta elektro-txaranga. Gauean, berriz, jaia izango dute gazteek, Urrats erromeriagaz eta DJ Jo ta Txogaz.
Udaltzaingoak 800 litro alkohol atzeman ditu Algortako aratusteetan
Getxoko Udaltzaingoak 800 litro alkohol atzeman zituen zapatuan Algortan, 16:00etatik 05:00etara martxan jarritako prebentzio-dispositibo berezian. Arrigunagako hondartzan eta Bidezabalgo metro-irteeren aldeetan konfiskatu zuten alkohola; izan ere, aratusteak ospatzeko asmoz, Arrigunaga aldera hurbiltzeko deia zabaldu zen sare sozialetan. Halaber, 21:00etatik 22:00etara, adingabe bi artatu eta erietxera eraman behar izan zituzten, lehena erori zelako, eta bigarrena intoxikazio etiliko arina izateagatik, udal iturriek zabaldu dutenez. Bestalde, 00:30ean poliziak adingabe bat atxilotu zuen, beste bati mugikorra lapurtzen saiatzea egotzita. Gaztea gurasoen zaintzapean utzi ondoren, orain Adingabeen Fiskaltza arduratzen da kasuaren diligentziez.
Oraindik badago mozorrotzeko aukera!
Joan den aste akabuan, mozorroz eta kolorez bete ziren Uribe Kostako hainbat herrietako kaleak, aratusteak tarteko; Gorlizen, Leioan, Algortan, Altzagan, Areetan, Astrabuduan, Berangon, Erandiogoikoan, Itzubaltzeta/Romon eta Pinuetan, Getxoko Andra Mari auzoan eta Sopelan egon ziren ospakizunak. Hala ere, aratusteak ez dira oraindik bukatu eskualdean. Algortan, Astrabuduan eta Berangon bigarren asteburua izateaz gainera, Barrikan, Leioako Txorierri auzoan, Lemoizen eta Plentzian aratuste-jaiak ospatuko dituzte. Metro Bilbaok zerbitzua indartuko du.
Bertan behera utzi dute nerabeentzako Inauteri jaia Berangon
Bihar, zapatuan, 1999 eta 2001 urteen artean jaiotakoek aratusteez gozatzeko aukera izango zuten Berango-Merana eskolan. Hala ere, Berangoko Kultur Etxeak jakinarazi duenez, biharko Inauteri jaia bertan behera utzi behar izan dute, "izen-emate faltagatik". Hilaren 5era arte zegoen horretarako aukera.
Mozorro eta tostada onenaren bila ibiliko dira egunotan gorliztarrak
Mozorro-jaia ate joka dago Gorlizen, eta gorliztarrek besoak zabalik hartuko dituzte aratusteetarako jantziak. Aurten, 5 eguneko inauteriak izango dira udalerrian, hilaren 5etik 9ra arte, hain zuzen ere. Lehenengo egunean, barikuan, kalejira eta dantzak abiatuko dituzte Eliz plazatik, 19:00etan, eta ondoren, 19:30ean, txokolate beroa banatuko dute Ibarreta plazan.
Mozorroak prest dituzte Erandioko bazter guztietan
Ohi baino lehenago helduko dira aratusteak Erandioko auzo guztietara. Hala, Altzaga, Astrabudua eta Erandiogoikoko auzokideek urtebetez buruan bueltaka izan duten mozorroa janzteko aukera izango dute hilaren 5etik 7ra. Erandioztarrek musikaz, dantzaz eta jolasez gozatzeko aukera izango dute herriko bazter guztietan.
Animaliak eta garai historikoak, Algorta eta Romoko mozorro gaiak
Hilaren 5etik 14ra bitartean, Algorta eta Itzubaltzetako auzotarrek inauteriez gozatzeko aukera izango dute; auzo biek gai tematiko bana proposatu dute mozorroetarako: garai historikoak eta animaliak, hurrenez hurren. Bada, atzera kontua hasi da mozorroa aukeratu eta prestatzeko; denak balio du: josi, erosi, eskatu...
Aratuste goiztiarrak ospatzeko prest daude Sopelan
Aurten goiz heldu dira aratusteak, aste-akabu honetan ospatuko dugu urteko jairik zoroenetakoa. Sopelan, barikuan hasiko da festa, otsailaren 5ean. Meñakoz elkarteak eta Sopelako Panderojoleak taldeak kalejira egingo dute pilotalekutik abiatuta, 19:00etan. Mozorroetarako gaia librea da aurton; zer gura duzun, haxe jantzi eta irten kalera.
Aratusteetan beste bi orduz egongo dira zabalik Getxoko tabernak
Itzubaltzeta/Romo, Areeta eta Algortako ostalaritzako establezimenduen ixteko ordutegia bi orduz luzatuko du Getxoko Udalak aratuste egunetan, sektorearen ekonomia jarduerari laguntzeko asmoz. Hala, otsailaren 6 eta 13an, zapatuetan, eta hilaren 12an, barikuan, auzo horietako 1 taldeko lokalek (dastalekuak...) 02:30era arte zabaldu ahal izango dute; 2 taldekoek (kafetegiak, tabernak...) 04:30era arte; 3 taldekoek (pub-ak, klub-ak...) 06:00ak arte; eta 4 taldekoek (diskoketak...) 08:00ak arte.