Kalezulo gaztetxeak bosgarren urteurrena ospatzeari ekingo dio bihar

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 3a, 12:48
Orain dela bost urte okupatu zuten Kalezulo gaztetxea.

Azaroaren 4an eta 12an, hainbat jarduera egingo ditu Kalezulo gaztetxeak, 5. urteurrena ospatzeko.

Pasa den urriaren 23an bete ziren bost urte Kalezulo gaztetxea jendaurrean aurkeztu zutenetik. Aurretik, "Erandion gaztetxea bai!" goiburuagaz kanpaina abiatu zuen Erandioko Gazte Asanbladak (EGA) eta ia 200 neska-mutilek parte hartu zuten. Hala, Jose Luis Goioaga etorbideko kantoi batean zabaldu zuten gaztetxea, utzita zegoen lantegi zahar bat okupatuz. Poliziak gaztetxea hutsarazi zuen arren, Kalezulokoek berrokupatu egin zuten; epaiketa biren eta belaunaldi-aldaketa baten ostean, gaztetxeak sasoian dirau. Lizentziarik ez dutenez, udal-gobernuak hainbat baldintza eta traba ezarri dizkie.

Testuinguru horretan ospatuko du Kalezulok bere bosgarren urtemuga, bariku honetan eta hurrengoan. EGAk adierazi duenez, gaztetxea «herriak eta herriarentzat» sortua da, bertan "ikasi, ezagutu, hausnartu, autogestionatu, erlazionatu, dantzatu eta maitatu" ahal izateko. Oraindino ezagutzen ez duenak horretarako aukera izango du bariku honetan, 20:00etan, egingo duten ibilbide gidatuan; Kalezulo gunez gune zeharkatuko dute, zentzumenak lagun.

Urteurreneko egitaraua

Azaroak 4, barikua

  • 20:00 "Gune 1 Kutixi 1" ibilbide gidatua.
  • 22:00 "Hamabost X 5" zozketa-antzezlana eta afaltzeko aukera "paregabea".

Azaroak 12, zapatua

  • 11:00 Eskalada-txapelketa herrikoia.
  • 12:30 "TXK feministarekin zita" sorkuntza-tailer mistoa.
  • 14:30 Herri-bazkaria.
  • 16:00 Horma-irudiaren margotze kolektiboa.
  • 20:00 Zaratanba batukadagaz poteoa.
  • 23:00 Akabuko parranda, Gasteizko Tarantistak eta Uribe Kostako FeminHaziak disko-jartzaileakaz.

Azaroko egitarau arrunta

Azaroak 6, domeka

  • 18:30 Likore-tailerra: patxarana eta uxual-krema.

Azaroak 19, zapatua

  • 18:30 Berbaldia: "Errefuxiatuak Grezian".

Asteroko ikastaroak

  • Astelehen eta eguaztenetan, 18:00etatik 20:00etara, eskalada-tailerra.
  • Martitzenetan 10:30ean eta eguaztenetan 20:00etan, zumba-tailerra.

Ekimenaren kartela

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun