Urriaren 19an hasiko da Gabi Basañezen kontrako epaiketa

Iker Rincon Moreno 2015ko eka. 26a, 11:03
2011ko irailaren 28an, auziperatutako internazionalistek agerraldia egin zuten Bilboko Burtsa zentro zibikoan, haien aurkako sarekadaren urtemugan.

Berria.eus eta Naiz.eus agerkari digitalek aurreratu dutenez, urriaren 19tik azaroaren 2ra egingo dute Gabi Basañez Ruiz algortarra, Walter Wendelin, Unai Vazquez Puente, David Soto Aldaz eta Aritz Gamboa de Miguel Askapenako erakunde internazionalistako kideen kontrako epaiketa. Espainiako Auzitegi Nazionalean egingo den auzi saio horren aurka, uztailaren 4an, agerraldi masiboa deitu dute Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. "Herriak Libre" dinamika aurkeztuko dute. Dinamika horren helburua da Euskal Herrian herri epaiketak egitea "espainiar estatuaren izaera inperialista agerian utziz".

Fiskaltzak seina urteko espetxe zigorra eskatu du Gabi Basañez Ruiz algortarra, Walter Wendelin, Unai Vazquez Puente, David Soto Aldaz eta Aritz Gamboa de Miguel Askapenako erakunde internazionalistako kideentzat. Horrez gainera, Askapenaren ilegalizazioa eta Askapeña Bilboko Konpartsa, Elkartruke eta Herriak Aske elkarteen disoluzioa ere eskatu du. Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta, 2010ean zazpi lagun atxilotu zituzten “ETAren nazioarteko frontea” osatzea egotzita. Besteak beste, Gabi Basañez 2011ko apirilaren 2an jarri zuten kalean, baldintzapeko askatasunak ezartzen duen ohiko egoeran.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun