Zapatuan Areetako Xake plazan egindako prentsaurrekoan bildutakoek Oscar Sanchezi eta beragaz batera epaituko dituzten beste 46 herritarrei euren elkartasuna eta animoak bidali dizkiete. "Jakin badakigu datorren hilabeteak ez direla errazak izango beraientzat. Era berean, hemen gaudenok era batera edo bestera jendarte osoari eragiten dion epaiketa hau salatu nahi dugu", azaldu dute bertaratutako lagunek.
Fiskaltzak egindako terrorismoaren akusazioa "zentzugabekeria" dela salatu dute, "zoritzarrez asko dira beraien jarduera politikoagatik espetxeratuak izan diren herritarrak, itxi diren komunikabideak eta abar luze bat… Hori dena ustezko terrorismoaren izenean. Eta horrela iritsi gara gaur egunera arte, txio sinple bat edo taberna batean eman daitekeen borroka arrazoi nahikoa direla espetxeratua izateko. Errealitate honen aurrean ezin gaitezke beste aldera begira jarri eta ezer egin gabe geratu".
Etorkizunera begira jarri behar direla aitortu dute, "gure herriak soluzioak bilatzen ditu, aurrera egin nahi du eta ez dago atzera egitera behartzen gaituen egoerak onartzeko prest". Hori dela eta, "Irtenbidera: etorkizuna askatu" manifestuaren alde egingo dutela ohartarazi dute. Manifestu hori 150 pertsona ezagunek aurkeztu zuten, eta astebetean, 7.000 atxikipen jaso ditu. Era berean, epaiketa salatzeko datorren irailaren 4an Bilbon egingo duten manifestazio nazionalean parte hartzeko deia egin zuten Xake plazan bildutakoek.