Irailaren 16an Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko zaituzte beste 46 pertsonagaz batera. Zer egozten dizute zuri?
Denera, 13 urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen didate ustezko bi deliturengatik; batetik, erakunde terroristako kide izatea, eta, bestetik, terrorismoa goraipatzea.
Euskal presoen eskubideen aldeko elkarteetan lan egiteagatik epaitzen zaituzte. Zentzuzkoa ikusten duzu hori?
Preso eta exiliatuen defentsan era batera edo bestera konprometituta gauden pertsonak gara akusatuta gaudenak. Bakoitzak arlo ezberdinean lan egin izan du, izan arlo juridikoa edo osasun-laguntza, izan presoen auziaren sozializazio lanetan, etab.
Inputatu guztiok askatasuna ukatuta duten pertsonen eskubideen urraketarekin amaitzeko lan egin dugu, horrekin gatazka politikoaren konponbide integralean aurrera egin ahal izateko.
Zelan bizi izan zenuen 2013ko irailean atxilotu zizuten eguna?
Sorpresaz hartu gintuen zerbait izan zen. Herriraren izenean egiten ari zen lana guztiz publikoa zen, eta euskal gizartearen parte oso garrantzitsuarekin partekatuta. Gainera, gogoratu behar da 2 urte lehenago ETAk bere jardunaren amaieraren berri eman zuela; beraz, erakunde terroristako kide izatearen inputazioa kafkianoa iruditzen zitzaigun.
Bizi dugun garai berri honetan, zergatik uste duzu zabaldu duela espainiar Estatuak makroepaiketa hau?
Gure atxiloketa testuinguru oso zehatz batean gertatzen da; hain justu, Parot Doktrinaren aurkako sententzia argitaratu baino aste batzuk lehenago. Honek hamarnaka presoren askatasuna ekarri zuen.
Eta garaiko Barne Ministroak publikoki onartu zuen Euskal Herriko mobilizazio gaitasun handiena zuen antolakundea bertan behera utzi zutela operazio honekin.
Estatuak sententzia hau konponbidean sakontzeko agenda finkatzeko erabili beharrean, nahiago izan zuen logika errepresiboarekin jarraitu, agenda hau blokeatzeko.
Azken finean, sententzia honek argi uzten zuen gure planteamenduak zuzenak zirela, eta Estatuak defentsiban jokatu zuela eta ez du erreparorik izan gure eskubide, zein preso eta euskal gizartearen eskubideen urraketan aurrera jarraitzeko.
Zelan egingo diozue aurre epaiketa horri?
Epaiketa honi gauzak ondo egin genituela sinetsita egingo diogu aurre, gure ideietan berretsi egiten gara, eta horrela aurkeztuko gara.
Epaiketa honek erakusten du bizi dugun gatazka politikoak konponbide bat behar duela, nekatuta gaude militante politikoak espetxeratuak diren eta pertsona askoren oinarrizko eskubideak urratuta dauden herri batetan bizitzeaz.
Hainbat dinamika prestatu dituzue hemendik eta irailaren 16ra bitartean, ezta?
Bai, irailaren 14an manifestazio nazionala deitu dugu Bilbon makroepaiketa hau salatzeko. Gainera, aurreko asteburuan Euskal Herriko herri denetan mobilizazioak egongo dira.
Herri mailan, Areetan, prentsaurrekoa egingo dugu larunbat honetan egoera hau salatzeko. Ondoren, bertso-bazkaria egingo dugu dirua biltzeko, epaiketa honi aurre egin ahal izateko. Mundu guztia gonbidatzen dugu parte hartzera!