Lope de Vegako auzia

"Lope de Vega kaleko ikur historikoaren eraisketaren aurka borrokatzen jarraituko dugu"

Hodei Torres · Iker Rincon Moreno 2020ko mai. 13a, 09:17

Itzubaltzeta III gaztetxearen hustuketa eta eraikinaren eraistearen kontra 400 pertsona baino gehiago mobilizatu zen atzo Romon. Arintze fasearen erdian, osasun erakundeek gomendatutako segurtasun arau denak bete zituzten auzokideek, euren arteko distantziak mantenduta, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren begiradapean. Manifestazioa burutu ondoren, Getxoko udal-gobernuaren (EAJ eta PSE-EE) asmoak "gaztetxea hustu eta ixtea; Nagusien Etxearen sarraila aldatzea; eraikina eraistea eta aurretik planifikatuta zuten moduan, etxebizitzak eraikitzea" direla ohartarazi zuten gazteek.

Lope de Vega kalean otsailean okupatutako eraikina zigilatu zuen joan den astelehenean Getxoko Udalak, Ertzaintzaren laguntzagaz; gazteek euren jarduna eten zuten bertan osasun alerta ezarri zenean. Hustuketa hori salatzeko, 400 pertsona baino gehiago mobilizatu zen atzo Itzubaltzeta/Romon, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko osasun- eta segurtasun-neurriak hartuta. Manifestazioan poliziaren jarrera deitoratu zuten, baita eraikinaren eraistea geldiarazteko ere. Getxoko Udalak gazteentzako eskuragarriak ez daitezkeen Babes Ofizialeko Etxebizitzak egin gura ditu bertan; manifestariek, aldiz, ez dute etxebizitza horiek eraikitzearen beharragaz bat egiten, "arazo horri aurre egiteko hainbat alternatiba dagoelako". Itzubaltzeta III gaztetxearen aurkezpenean azaldu dutenez, "Getxon, 33.600 etxebizitzetatik 3.371tan ez dago inor erroldatuta. Horietatik, 348 Itzubaltzetan daude. Aurretik aipatutako 3.371 etxebizitzetatik %58a noizean behin erabiltzen dira, %30a jenderik gabeko etxebizitzak dira eta %12a bigarren etxebizitza bezala erabiltzen da. Jenderik gabeko etxebizitza horietatik %88a udalerriak kudeagarri ditu".

Mobilizazioaren argazki-galeria:

Atzo manifestazioan irakurritako oharra, osorik:

Astelehena gogorra izan zen. Ia hiru hilabeteko borrokaren ostean, Getxoko Udalak, azpijoko eta trikimailuen bidez Itzubaltzeta III gaztetxea hutsarazi eta zigilatu du. Gogorra izan zen, Udalarekin izan genuen bilera batean geundela udaltzainak gaztetxearen ate aurrean harrapatu genituelako. Astelehena egun gogorra izan zen, Udaltzaingoaren presentziak auzoko gazteak kalera jaitsarazi zituelako eta tentsioa gaztetxe aurrean pilatuz zihoala, Ibar Nagusien Etxeko sarraila aldatzen saiatu ziren Amaia Agirre eta Keltse Eigurenen marionetak, Ibar Nagusien Etxeko kideak ere kaleak hartzera behartuz. Egun gogorra izan zen, Ertzaintzaren presentzia jendearen multzokatzeari lotu zutenean eta apenas jenderik ez zegoenean alde egiten ez zutela ikusita gaztetxearen desalojo eta zigilatzea geldiezina zela ikusten genuelako. Argi dago zaintzuk ziren Getxoko Udal Gobernuko kideen asmoak: Gaztetxea hustu eta ixtea; Nagusien Etxearen sarraila aldatzea ; eraikina eraistea, eta aurretik planifikatuta zuten moduan, etxebizitzak eraikitzea. Egun gogorra izan zen, bai, baina hemen gaude. Gure herriak sortutakoa defendatzeko prest. Gaztetxeko ordezkariari jakinarazi zioten gaztetxea itxiko zutela. Bileratik irten eta jada bazeuden udaltzainak gaztetxeko atean. Prentsaurrekoan argitu dugun bezala, ordezkariak bertan COVID-19aren krisiaren arintze fasean asanbladak eraikina garbitzeko prestutasuna erakustera joan zen. Gaztetxeko kideak prest zeuden desinfekzioa instituzioen apeten neurrira egiteko, eraikinaren desinfekzioa elkarrekin egiteko, bi aldeek baitzuten interesa eraikinaren mantenua era egokian egin zedin. Bileran baina elkarrizketetarako prestutasuna adierazten bazuten ere ez gintuzten elkarrizketako parte inplikagarri moduan aitortzen, antza, ekintza ilegal bat egiten zebilen elkarte baten ordezkaria zelako.

Inolako agindu judizial gabe bertaratu ziren hasieran udaltzainak eta udal brigadako langileak. Sortu zen haserrea eta tentsioaren erakusgarri jendea Lope de Vega kalean pilatuz zihoala aitzakia hartuta ertzainak deitu zituzten. Lope de Vega kalea itxi eta konfinamendu arauek ezartzen zuten ordutegi muga hel zedin itxaron zuten. Uniformedun armatuei euren presentziaren zergatia galdetzen genien bakoitzean, hauek, bertan jende multzo handia zegoela argudiatzen zuten eta segurtasun neurriak era egokian aplikatzen zirela ziurtatzeko zeudela hor. Argudio hau deseraiki nahian ahalik eta jende gutxien egotea erabaki genuen. Ertzainek ere ez zuten inolako agindu judizialik ekarri hutsarazte eta zigilatze lanak egiteko, beraz, ikusita gezurretan zebiltzala eta desalojo bat emango zela guztiz argi genuela, polizien identifikazioa eskatzen hasi ginen. 22:00ak heldu zirenean auzoaren kanpoaldean momentu egokiena noiz helduko zain zeuden brigada mugikorra heldu zen, gertu zeuden auzokideak mehatxatuz, kaletik botaz, eta pare bat karga gauzatuz. Irmoki deitoratu nahi ditugu bi poliziek izandako jarrera: gezurrak, Nagusien Etxekoei sarraila aldatu nahi izana, eginiko mehatxuak, auzokideen aurka botatako oihuak eta irainak egindako kargak, auzoa militarizatu izana.... bereziki salatu nahi dugu euren etxeetatik grabatzen zeuden auzokideen aurka botatako mehatxuak Mozal Legea erabilita. Konfinamenduan zehar ez dute inolako arazorik izan balkoietako txibatoekin, baina antza poliziaren bidegabekeria salatzea delitu izan daiteke.

Hau guztia esanda azpimarratu nahi dugu hau ez dela inondik inola ere galdutako guda bat, bataila bakar bat irabazi dute. Itzubaltzetako gazteria antolatzen eta borrokatzen jarraituko du hainbat belaunaldi ezberdinetako gazteek egin bezala, gazteongandik eta gazteontzako gune aske autogestionatu propioa izan arte. Esan beharra daukagu gure ondoan ditugula herri hau duen izaera borrokalariaren ikur diren belaunaldiaren laguntza. Txikerrak esango lukeen bezala, ez baitira Ibar Nagusien Etxeko burkideak ahanzturan aparkatutako zaborra, herri honen parte dira eta herriarekin eta herriaren alde borrokatzen dute. Nahiz eta oraindik gaztetxe kanpoan gauden Lope de Vega 12 ikur historikoaren eraisketaren aurka borrokatzen jarraituko dugu! Lehenago auzoko ondare historikoaren parte bazen, orain, egungo borrokaren ondarearen parte delako.

Getxoko EH Bildu eta Elkarrekin Podemos: "EAJ gezurretan ari da"

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos udal-taldeek deitoratu dute EAJk baliabide publikoen "erabilera patrimonialista" egiten duela, "beste behin ere". Era berean, salatu dute gobernu-taldeak euren zinegotzi biren jokaera zeharka zalantzan jarri izana: "Egia da Elkarrekin Podemoseko eta EH Bilduko ordezkari publiko eta hautetsiak bertaratu zirela gertakariaren lekura (astelehenean Lope de Vega kaleko eraikina zigilatzekotan zeudenean). Izan ere, horretarako hautatuak izan dira. Gertakarien lekura joan ziren egoeraren berri izateko eta informazioa eskatzeko".

Horrez gainera, udal-talde biek azpimarratu dute aldi bitan egon zirela harremanetan EAJko bozeramaileagaz. "EAJko bozeramaileak eskatu zien gaztetxe aurrean zegoen jende kopurua murriztea, eta bi ordezkari politikoek gaztetxearen inguruan bildutako pertsonekin hitz egin zuten, COVID-19 birusaren ondorioz ezarritako segurtasun-distantziak eta osasun-arauak uneoro errespeta zitzatela eskatzeko. Aldi berean, uneoro lasaitasuna bultzatzen ibili ziren", azaldu dute.

Ordu berean, udal-bozeramaileen bilera telematikoa egiten ari zirela azaldu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, "alkatea bertan zela. Bilera horretan Itzubaltzeta/Romon gertatzen ari zenari buruzko informazioa eskatu ei zioten, "eta alkateak hau adierazi zuen: elkarrizketarako borondatea zutela; gaztetxetik abisua jaso zutela, sartzera zihoazela eta Udalak ez ziela utziko; eta gaztetxeko jendeak ez zuela Udalarekin hitz egin nahi".

Adierazpen horren harira, udal-talde ezkertiarrek azpimarratu gura izan dute alkateak hori esaten zuen une berean bilera bat egiten ari zirela udal-ordezkarien eta gaztetxeko ordezkarien artean. "Hau da, teorian alkatearentzat 'ezinezkoa' zen harremana momentuan bertan gauzatzen ari zen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun